Euskara liderrak identifikatzeko eta garatzeko metodologia

Astelehena, 2017ko otsailaren 13a

HIZNETeko sakontze egitasmo honetan, Izar Larrañagak, Iñaki Markoren (EHU) “Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa” doktore tesia oinarri hartuta, euskara plan batean dauden lidergo motak identifikatu, bakoitzaren inguruko hausnarketa egin eta hobetzekoak identifikatzeko eredua garatu du.

Gaia hau lantzen hasteko proposatzen dena zera da: euskara planeko beste gai batzuk kudeaketa planean txertatzen diren bezala, lidergoaren azterketa ere planifikatzea eta kudeaketa planean txertatzea.

Behin hori eginda, euskara planak dituen helburu eta ekintzak lortu ahal izateko dituen lidergo mota bakoitza ea badugun, nolako funtzionamendua duten eta helburuak erdiesteko egokiak diren aztertuko dugu.

Lau lidergo mota aztertu dira: euskara teknikaria (edo lan hori egiten duen pertsona), taldea (euskara batzordea, erabilera taldeak…), erakundeko arduradunak eta tokiko liderrak. Lidergo bakoitzaren egoera aztertzeko metodologia eta tresnak zehatzak sortu dira.

Teknikariaren lidergoa nolakoa den aztertzeko lehenengo autoebaluazio egitea eta ondoren taldean osatzea proposatzen da. Besteak beste, esparru hauek aztertuko dira: helburuak erdiesteko indar pertsonalak, ahuleziak, eragin ahalmena, taldekideek teknikariarekiko duten balorazioa…

Talde(eta)ko lidergoa taldeetan lantzea proposatzen da, ekintza zuzentzaileak bertan identifikatuz. Besteak beste, arlo hauei buruz hausnarketa egingo da: asistentzia, rola, kideak eta erabilitako metodologia. Amaieran taldekideen artean hobetzeko konpromisoak zehaztuko dira.

Tokiko liderrak identifikatu ondoren, atal hauek aztertuko ditugu: hizkuntza gaitasuna, norbanakoen hizkuntza portaera, ingurukoen hizkuntza portaera eta eragin eremua.

Lidergo exekutiboan erakundeko arduradun garrantzitsuenak aukeratuko ditugu, eta, bakoitzaren ezaugarriak jaso ostean, zein lidergo mota egiten duten eta planeko helburuak lortzeko egokiak diren jasoko dugu.

Amaitzeko, lidergo bakoitzaren hausnarketako emaitzak bildu eta aurrera eramatea posible diren ekintza zuzentzaileak definitzea eta kudeaketa planean txertatzea proposatzen da.

Bidaltzailea: Izar Larrañaga (Emuneko teknikaria)

Erantzun