Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz bideratzeko

Asteazkena, 2017ko martxoaren 8a

2015ean hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundia lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz bideratzeko diru laguntzak ematen enpresei. Orduan 114 enpresak jaso zuten diru laguntza eta 253 ikasleri eragin zien.

Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

GFAko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak martxoaren 7an argitaratu ditu lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz bideratzeko diru laguntzak ematea arautzen duten oinarriak. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko martxoaren 8an hasi da eta 2017ko martxoaren 30ean bukatuko da.

Diru laguntza hauen xedea da Lantokiko Prestakuntza modulua euskaraz eskaini ahal izateko enpresa eskatzaileek egin ditzaketen gastu jakin batzuk konpentsatzea. Hiru gastu mota hauek izango dira diruz lagungarriak:

  1. Enpresaren aldetik Lantokiko Prestakuntza euskaraz egin ahal izateko instrukzioaz, garapenaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratzen diren pertsonen prestakuntza berezituaren kostua.
  2. Xede horretarako dokumentu materialak euskaraz egiteko kostuak.
  3. Praktika aldiak euskaraz egin ahal izateko sortzen diren berariazko beste gastuak edo kostuak.

Diru laguntza hau jasoko duten enpresek 600 euroko zenbateko finko bat jasoko dute eta ikasle bakoitzaren prestakuntza ordu bakoitzeko 0,50 euroko zenbatekoa, gehienez ere 400 orduko mugaz. Edonola ere, ematen diren diru laguntzen kopuruaren gehienezko muga 3.000 euro izango da.

Erantzun