Dendaria saritu

Osteguna, 2009ko abenduaren 3a

Urola Garaia Udal elkartean dauden udal herrietako merkataritzan euskara normalizatzeko plana bere ibilbidea egiten ari da eta oso positiboa gure ustez. Orain arte merkataritza planean martxan jarri diren ekintzak merkatariengan eragiteko izan dira, baina merkataritza euskalduntzeko merkatariaren egitekoa bezain garrantzitsua da bezeroaren jarrera: euskaraz eskatuko duten bezero aktiboak behar ditugu, euskarak merkataritzan urrats are handiagoa eman ditzan.

Honela, Udal elkartearen ekimenez, merkataritzan euskaraz planean bezero euskaldunengan eragiteko ekimen bat martxan jartzeko ideiarekin lanketa hasi zen. Euskara elkarteek ongi ikusi zuten zuten ideia, bezeroengan eta herritarrengan eragitea xedea baita elkartean, eta elkarlanean osatu da ideia handik aurrera. Hona hemen bultzatzaileak: udalak (Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga), euskara elkarteak (Zingi zango, Zintzo Mintzo eta Yartu) eta Udal elkartea.

Bezeroengan euskararen erabilera areagotzeko ohiko kanpainetatik ihes egin nahi eta ideia berritzailea jarri da martxan. Hona hemen ekimenaren ideia nagusiak:

  • Helburu nagusia: bezeroen kontzientziazioa eta parte hartzea (dendetan egingo duten erabilera) lortzea, bezeroaren erabilera areagotu eta dendariaren errekonozimendua uztartuz.
  • Jarduera zehatza: euskararen erabileraren aldeko jarrerak dituzten dendariak saritu.
  • Egiteko era: euskaltzale eta bezero potentzial diren elkarte kideen artean zoriontzeko txartela edo euskararen aldeko jarreragatiko puntuakbanatuko dira. Bezeroek dendariak edo merkatariak euskararekin izan duen jarrera sarituko du, beti ere modu positiboan. Saritzea da ideia, ez salatzea edo kontrakotasunik sortzea. Bezeroaren kontzientziazioa eta dendariaren errekonozimendua uztartuko ditugu.
  • Sariketa: dendariak eskaintzen duen euskarazko arreta/zerbitzua bezeroak berak saritu dezala bultzatuko dugu sariketa baten bidez. Hiru mailatako txartel edo puxtarriak aterako dira eta maila desberdineko jarrerak sarituko dira.
  • Parte hartuko duten dendak: opari dendetan egingo da lehendabizi ekimen hau, Gabonak bertan daudela aprobetxatuz. Ondoren, ebaluazioa egingo da eta gainerako sektoreetara zabaltzea edo ez erabakitzeko (ostalariak…)

Sariketa bat da, beraz, antolatuko duguna, baina inplizituki hainbat helburu dituena. Mezu honen asmoa ekimen honen lehen informazioa jasotzea da, baina aurrerago ekimenaren xehetasun gehiago emango ditugu. Ekimena abenduaren 3tik urtarrilaren 7a bitartean izango da.

Txartel eta puxtarriak Otamotzen, Zingi Zangoren eta Yarturen bidez banatu dira azaroko alean, baina euskara elkarteen egoitzan edo ekimenean parte hartuko duten dendetan ere egongo dira. Azaroaren amaieran gizarteratu da ekimena eta hainbat komunikazio-ekintza pentsatu dira horretarako.

Urtarrilaren 20an sariketa saioa izango da Urretxuko kultur etxean.

Bidaltzailea: Aritz Urien, Emuneko teknikaria

Erantzun