Praktikak euskaraz egiteko gonbidapena

Osteguna, 2017ko martxoaren 16a

Tolosaldea LH institutuko ikasle batzuk praktikekin hasiak dira dagoeneko, beste batzuk hastear; guztiek dute hizkuntza kudeaketa egiteko beharra. Praktikak euskaraz egitea da eskolak duen erronkatako bat, eta horretan saiatzen da lantegiekin praktikaldiaz jarduten duenean. Baina ez da nahikoa. Aukera izatea eta gogoa izatea beti ez da euskaraz arituko garenaren bermea, zer edo zer gehiago behar dugu, antza.

Argazkia: Tolosaldea LH

Kalean zein lanean, ondokoek egiten dutenari eusten diogu; baina nahi izanez gero, modu erosoan, gure lan ibilbidea zein hizkuntzatan egingo dugun erabaki dezakegu. EMUNek erakutsi digu euskaraz lan egitea askoren errealitatea dela, egiten ez den lekuan ere aukera sor dezakegula eta entzuten ez dugun lekuan aurkitu dezakegula:

  • Izan gaitezen gure aliatu: “Euskaraz egiten badut, tentsioa sortuko dut”, “euskaraz egiten badut, lana oztopatuko dut”, “euskaraz egiten badut, ez da hain ondo ulertuko”… bezalako aurreiritziak dituzu? Errepaso bat emaiezu, oztopo horiek guztiak gure buruan daude-eta!
  • Egin nahi duguna eskatu edo esan egin behar dugu (uste baino gehiagotan etorriko zaigu-eta): “Mesedez, txantiloi hau euskaraz baduzue?”, “ordenagailua euskaraz izateko aukera daukat?”, “instrukzioak euskaraz badituzue?”, “hemendik aurrera euskaraz egiten saiatuko naiz”, “badago hemen euskaraz lan egiten duenik? Nola egiten du?”…
  • Euskaraz aritzeko aukera duzu, besteek gaztelania erabiltzeko duten bezala (elkarrizketetan esplizitatzeak erraztu egiten digu): “Zuk jarraitu gaztelaniaz, nik nahiago dut euskaraz” (elkarrizketa elebiduna).
  • Udaletxeek, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak dituzten diru-laguntzak ezagutu, lantegiko hizkuntza paisaia (errotulazioa…) euskaratzen lagunduko dizu, programa informatikoak egokitzen, enpresa modu planifikatu batean euskarara ekartzen…

Erantzun