Erika Mendibil (Fagor Arrasate): “Inguruak hainbat hizkuntza erabiltzea eskatzen digu, baina euskarari uko egin gabe eta lekuan lekuko hizkuntzari lekua eginda”

Astelehena, 2017ko urtarrilaren 16a

Erika Mendibil Fagor Arrasateko pertsonal burua eta euskara koordinatzailea da 2008tik. Bera izan da hizkuntz aniztasunaren kudeaketa proiektua gidatu duena, 2015ean lanketa prozesua hasi eta 2016ko urrian Kontseilu Errektoreak onartu duen arte.

231011361_4a4a257a60_o

Argazkia: flickr

  • Zeintzuk dira, nagusiki, Fagor Arrasatek egunerokoan erabili edo kudeatu behar izaten dituen hizkuntza nagusiak?

Euskara: Euskal Herrian sortutako kooperatiba izanik, langileak euskaraz lan egiteko aukera izan dezan nahi dugu.

Gaztelania: EAEn ofiziala da, euskararekin batera, eta kanpo harremanetan ohiko erabilerakoa da gure hornitzaileekin.

Ingelesa: tokiko hizkuntzarekin batera, gure atzerriko plantako eta zenbait ordezkaritzatako lan hizkuntza da, eta ohiko hizkuntza kanpo harreman komertzialetan.

Txinera: Txinako plantako lan hizkuntza da, ingelesarekin batera.

Alemana eta frantsesa: zenbait proiektutan eta harreman komertzialetan zabalkunde handikoak dira biak ere.

  • Nondik etorri zen hizkuntzen kudeaketarako proposamen bat lantzeko beharra edo abiapuntua?

Gero eta eleaniztunagoa den inguruagatik eta nazioartekotzaren gaineko erabakiaren ondorioz, hainbat hizkuntza erabiltzen ditugulako. Gainera, Fagor Arrasateko negozioen hazkundea eta lehiakortasuna bilatu nahi ditugunez, hizkuntz aniztasuna onuragarria dela iruditzen zaigu gure interes taldeengana iristeko. Bezeroek ere, bere hizkuntzan zerbitzatzeari balioa ematen diote eta eskatu ere egiten dute. Hizkuntzen kudeaketarekin lortu nahi duguna da: lantegi bakoitzean lekuan lekuko hizkuntzaren erabilera bermatzea, eta lantegien arteko komunikazio prozesuak erraztea eta komunikazio eraginkorra ziurtatzea bezero, bezerogai eta hornitzaileekin.

  • Zeintzuk izan dira mugarri garrantzitsuenak lanketa horrek jarraitu duen prozesuan?

Lehenengo beste eredu batzuk aztertu eta Fagor Arrasateko hainbat alorretako langileekin elkarrizketak egin genituen. Jasotzen ari ginen informazioarekin sortzen ari ginen txostena kontraste talde batekin landu zen. Ondoren, txosten zirriborroa Euskara Batzorde Orokorrak aztertu eta lehen proposamena idatzi zen. Zalantzazko alor batzuk arduradun eta interes talde jakinekin berriro kontrastatu ziren eta Euskara Batzorde Orokorrak behin betiko proposamena egin zion Kontseilu Errektoreari. Kontseilu Errektoreak 2016ko urriaren 24an onartu zuen.

Mugarri garrantzitsuenak aipatzekotan, kontraste taldearekin egindako bilerak eta Euskara Batzordeak, une oro, proiektu guztian zehar, interes taldeekin izan duen harremana aipatuko nituzke.

  • Lanketaren ostean, zein izan da atera duzuen ondorio nagusia?

Inguruak hainbat hizkuntza erabiltzea eskatzen digula, baina euskarari uko egin gabe eta lekuan lekuko hizkuntzari lekua eginda kudeatu dezakegula.

  • Eta, aurrera begira, zein estrategia erabiliko duzue?

Hizkuntzen kudeaketa erakundeko kudeaketa sisteman txertatuko da.

  • Hizkuntza aniztasunaren kudeaketan zein leku izango du euskarak?

Hizkuntzen kudeaketarako politika honek bere baitan hartzen du Fagor Arrasatek lehendik duen euskara normalizatzeko politika eta helburua, atzerapausorik eman gabe.

Erantzun