Taldea lider euskara planetan (Danobat)

Asteazkena, 2012ko abenduaren 5a

Emuneko 15. urteurreneko jardunaldietako edukiekin jarraitzen dugu gaurkoan ere. Jesus Mari Astigarraga (Danobat) normalizazio prozesua garatzeko talde operatiboaz eta lidergo erreferentziaz aritu da. Talde horrek lidergo-foku gisa eragin behar du erakundearen baitan normalizazio prozesuaren trakzio funtzioa betetzeko.

Taldea liderra: Euskara Batzordea, Jesus Mari Astigarraga (Danobat) from lantalan on Vimeo.

DANOBAT TALDEKO EUSKARA BATZORDEAREN EZAUGARRIAK

  • Lehen esan bezala, gure taldeko kooperatiba ia guztietan daukagu euskara plana. Plan batzuk urte askotako ibilbidea egina dute eta beste batzuk 2-3 urteko ibilbidea baino ez dute egin.
  • Orain dela 10-12 urte gure kooperatibetako euskara plan batzuetan lehen urratsak ematen hasi eta gero, talde mailan ere eragin beharra zegoela ikusi zen eta horren ondorioz sortu zen taldeko Euskara Batzordea, orain dela 7-8 urte. Hasiera horretan, batzorde honetan bai euskara plana zeukaten kooperatibetako ordezkariak, baita euskara planik ez zeukaten kooperatibetako ordezkariak ere bazeuden. Talde honetan egindako sustapen eta babes lanaren ondorioz lortu genuen beste kooperatibetan ere planak martxan jartzea.
  • Gaur egun, Euskara Batzorde hau urtean 4 aldiz elkartzen da eta bertan kooperatiba guztietako ordezkariek parte hartzen dute, plana ez daukaten kooperatibako ordezkariak ere parte hartzen du. Kooperatibetako ordezkariez gain, taldeko koordinatzaileak, taldeko komunikazio arduradunak eta nik neuk ere parte hartzen dugu. Guztira 11 kide gara taldean, EMUNen aholkularitza teknikoarekin.
  • Beharrezko ikusten dugu kide hauek ondo formatuta egotea, beraien kooperatibetan eragiteko. Horregatik, urtean behin formazio saio bat ere egiten dugu.

DANOBAT TALDEKO EUSKARA BATZORDEAREN FUNTZIOAK eta LORPENAK

  • Taldeko Euskara Batzorde honek hainbat gora-behera izan dituen arren, urteetan zehar bete duen papera oso garrantzitsua izan da, batez ere azken urte hauetan egiten ari den lana.
  • Taldearen barne funtzionamendurako euskara plana izan arren, gure gestio planetan batez ere kooperatibetara bideratutako helburu eta ekintzak jasotzen dira. Gure helburua talde bezala kooperatibetan eragitea da, horretarako zerbitzu bateratuak eskainiz. Beste arlo batzuetan ere taldearen norabidea zerbitzuak homogenizatzea denez, hizkuntza kontuetan ere horretan ari gara.
  • Hala ere kontuan izan behar da kooperatiba bakoitzak bere ezaugarri soziolinguistikoak dituela, baita euskara planean egindako ibilbide desberdinak ere. Eta hainbat gauza bateratu arren, beste hainbat gauza ezaugarri propio horien baitan gelditzen dira.
  • Homogeinizazioaren bide horretan, kooperatiba guztietan bete beharreko minimoak definitu eta ezartzen ahalgintzen gara. Hala ere, euskara planetan ibilbide luzea duten planetan minimo hauek gaindituta dituzte eta emandako aurrera-pasuak handiak dira. Horrela ba, minimoak definituta daude bai hizkuntza irizpideei dagokienez, baita hizkuntza eskakizunei (perfilak) dagokienez ere.
  • Horrez gain, jendea euskararen giroan motibatzeko talde mailako kanpaina bateratuak egiten ditugu. Eta zenbait zerbitzu ere eskaintzen ditugu: adibidez Informatika Sailetik sortutako aplikazio informatiko ia guztietan euskarazko bertsioaren aukera ere jartzen dugu.
  • Guzti hauek kontuan izanda, Taldeko Euskara Batzordea gure kooperatibentzako erreferente izatea lortu dugu, kooperatibetako euskara planek taldearen etengabeko babesa jasotzen dute eta arrazoi hau oso garrantzitsua izan da erreferentzialtasun hori lortzerakoan.
  • Taldeko Euskara Batzordetik egindako sustapenaren eta emandako babesaren ondorio da kooperatiba guztietan (batean izan ezik) euskararen erabileraren aldeko ekimenak martxan egotea, euskara planak aurrera pausuak ematen joatea.
  • Laburtuz, Danobat Taldeko Euskara Batzordeak kooperatiba guztiek izan beharreko jarraibideak (directriz) markatzen du eta kooperatibei aurrera-pausuak emateko babesa (teknikoa, instituzionala zein ekonomikoa) eskaintzen die, nahiz eta gero kooperatiba bakoitzak bidea bere erritmoan egin.

Erantzun