“Euskalgintzaren barruan geldialdiarena, diskurtso berriak lantzeko premia, iparra falta dela… bezalako terminoak entzuten dira. Feminismoaren kasuan, justu kontrakoa, belaunaldi aldaketa bat eman dela, gazte asko daudela, sare zabal eta anitza dagoela, zenbait hedabidetan sartzea lortu dela, gizartean indar egiten dutela. Bat oso apal ikusten da eta bestea, berriz, gora datorrela. Oso diferente sumatzen dira”. Horrela hasten du Emuneko gure lankide Saioa Lizarraldek bere Hizneteko “Euskalgintza eta feminismoaren arteko sinergiak” proiektuko ondorioen atala.

Feminismoaren esperientzia hori baliatuz, euskararen normalizazioari begira eta erdaldunen mundu hori aktibatzeko, feminismoan interesgarriak eta baliogarriak izan daitezkeen estrategiak eta diskurtsoak aztertzen saiatu da Saioa. Horiek aztertzeaz gain, Lorea Agirre eta Mari Luz Esteban adituei zuzenean egin die elkarrizketa.

12973266914_5bbbef8901_o

Argazkia: Flickr

Hona ekarri ditugu Saioak proposatzen dituen eta euskalgintzaren ikuspuntutik garrantzitsuak izan daitezkeen lan ildoak:

Desnaturalizazio prozesua ematea: emakumeak ez ditu biologiak eramaten zaintzara, umeak heztera, etxeko lanak egitera… hori dena deseraikitzea izan da feminismoak egin duen iraultza potenteenetariko bat. Erronka bera du euskalgintzak, nola ulertu euskal identitatea modu konplexuagoan,  malguagoan.

Gatazka probokatzea: feminismoaren taktika neurri batean izan da gatazka probokatzea, izan ere, gatazka injustizia ikusarazteko modu bat baita. Hiztunen planora ekarrita, gatazka probokatzea, arazo bihurtzea, justizia sozialera ekartzea da egin beharko genukeena.

Kontsentsua bilatzea: kontsentsua zerbait desiragarria da, baina ez edozein preziotan. Feminismoak kontsentsuaren bidea hartu izan balu gauza asko ez lituzke lortuko. Euskararen kasuan askotan minimoetatik behera ibili gara; izan ere, ez dugu lortzen inor deseroso jartzea.

Pribilegioei buelta ematea: sinestea eta jakitea pribilegiatua izango zarela elebidun bazara. Klabea izango da euskaraz aritze hori pribilegiatzea eta horren inguruko praktikak martxan jartzea.

Protokoloen bidea lantzea: feminismoak protokolo batzuk eginak ditu eta, protokolo sinple batzuk izanda ere, lortu du leku batzuetan presentzia ziurtatzea. Euskalgintzak bide luzeagoa du hor egiteko.

Euskaldunak-erdaldunak paradigma berraztertzea: dagoeneko ez da erdaldunak versus euskaldunak. Taldea da, eskubideen alde daudenak eta eskubideen kontra daudenak, demokratak eta ez demokratak. Zu zergatik egon behar zara euskararen alde? Ba eskubide bat delako, zuk dituzun beste hainbat eskubide sozial bezalakoa, eta justizia sozialeko ekintza bat delako, ez horrenbeste euskaldun izan behar duzulako.

Paradigma partzial batetik paradigma unibertsal batera pasatzea: feminismoak esaten du emakume berdinzalea bizi den lekuan bizi ahal dela edonor, guretzako ona dena ona dela guztiontzat. Feminismoak egin duena da esatea ez dela gure problema, baizik eta gizakion problema dela. Euskararekin egin daiteke hori? Euskara gaur egun partziala da, bai agendan, bai politiketan… euskarak egin dezake diskurtso bat esanez, gu ez gara partzialak, unibertsalak gara?

Gutxiengo batzuk zehaztea: feminismoa, nahiz eta gatazkekin eta eztabaidekin, gai izan da abertzaleak eta ez abertzaleak, instituzionalistak eta ez instituzionalistak batzeko eta minimo batzuk zehazteko. Euskalgintzan beti egon da arazo gehiago horretarako; horregatik da hain garrantzitsua gutxiengo batzuk zehaztea.

Ahalduntzearen diskurtsoa zabaltzea: euskalgintza eta feminismoa lehenago ere alderatu izan dira zapaldutako mugimendu gisa. Zer izango litzateke kasu bakoitzean jabetzea, ahalduntzea eta boteretzea? Lau dira: jakitea (injustizia edo desberdintasun hori bizi duzula), jabetzea (konturatzea), ahalmentzea (jabetu eta gero gai izatea horri aurre egiteko) eta boteretzea (prozesu bat abian jartzea injustizia edo eskubide galera hori sortzen dituzten eremu diferenteak kontuan hartuta: politikoak, psikosozialak, kognitiboak… ). Hori da feminismotik jasotzen duguna eta hori aplikatu daiteke mugimendu eta borroka gehienei.

Eremu mistoak sortzea eta konplizeak bilatzea: feminismoan emakumeen espazioak egon behar dira, baina, garrantzitsua da eremu mistoak ere egotea. Badira konplize gisa jokatzen duten gizonak eta hori komeni zaigu. Euskararen arlora etorrita, eremu asko daude non erdaldunak bakarrik dauden, eta hor ez baditugu konplizeak ez dugu ezer egiten.

Berdintasunaren ondorioak azaltzea: berdintasunaren onurak zeintzuk diren azaltzen saiatzen gara, baina galerak ez. Ahalegin bat egin beharko genuke berdintasun horrek pribilegioak galtzea ekarri dezakeela azaltzen. Hor lehia bat dago gizon eta emakumeen artean, edo euskaldun eta erdaldunen artean.

Gune propioak sortzea: halaber, garrantzitsua da bakarrik emakumeentzako/euskaldunentzako diren gune propioak ere izatea. Komunitate edo lobbyak sortzea, alegia.

Uko egitearen kontzeptua zabaltzea: erdaldunen kasuan ez da bakarrik urratsak ematea ikastearen alde, onartzea arlo/talde batzuetan ez zarela egongo euskara ez badakizu, dena ez duzula ulertuko, uko egiteko ahalmen hori interesgarria da. Feminismoan lortu nahi dena da, feminismoak eskatzen dion horri uko egitea, eta ez norberak nahi duenari egitea uko. Abiapuntua ez naiz ni, taldea da.

Honakoa ez da atzo goizeko eztabaida, Maria Mercè Marçal (1952-1998) poeta kataluniarrak bere Dibisa poeman (Itxaro Bordak itzulia, Susa) izan zuen hizpide duela hamarkada batzuk. “Menturari hiru dohain zor dizkiot: emakume sortu izana, klase sozial apalekoa, eta herrialde eta kultura zapaldukoa, eta hiru bider errebelde izateko aukera eman izana”.

Sakontze egitasmo osoa hemen duzue irakurgai

Irakurtzen jarraitu...

Joan den irailean, Jon Sarasuak Emuneko hainbat teknikarirekin jardun zuen Hiztunpolisa liburuari buruz solasean. Hitzaldian izan ziren lau laguni eskatu diogu hitzaldiaren osteko inpresioak guri helarazteko.

Batek baino gehiagok nabarmendu du Jon Sarasuak egindako lana. “Handia da Sarasuak hausnarketarako zein etorkizunaren ikuspegia lantzeko, eta hori guztia ahoz zein idatziz azaltzeko duen gaitasuna”, Juan Luis Arexolaleibak adierazi duen moduan.

Baina, batez ere, eztabaida eragin du liburuak.

14652625842_1690a88efc_o

Aiora Filarmendik, adibidez, honako hau dio: “Amets egitetik ote gatoz? Litekeena da. Baina ametsak jarri ditu bideak, eta ametsak jarri ditu ilusioak. Seguruenik, gauzak ez dira urte hauetan lanean ibili direnek bere momentuan pentsatu zituzten bezalakoak. Baina utopia beharrezkoa ei da oinez jarraitzeko, eta gutxienez horretarako balio izan dute orduko ametsek, bidea egiteko.

Norabidea egokia izan da? Garraioa garestiegia? Jarraibideak kontraesankorrak? Baina iritsi gara. Nora? Egun bizi dugun errealitatera. Gaixorik gaudela esatera. Gaixorik gaude. Bai. Kontziente gara horretaz. Eta sendatu nahi dugu. Euskalgintzak sendatzeko desioa dauka. Baina zein da terapia? Hori da zehaztea falta zaiguna. Eta ezin dute medikuek erabaki. Euskalgintzak, berak, erabaki behar du zein den terapia. Eta protagonista izan behar da. Erabakiak eta sendatzeko egin beharreko urrats bakoitza erabakitzeko momentuan protagonista; igurtzi beharreko ukendua aukeratzean, hartu beharreko salda prestatzean eta, beharrezkoa izanez gero, egin beharreko ebakuntza zein izan behar den erabakitzeko momentuan”.

Miren Lazkanok dio, bestetik, euskalgintzak aurrera begira bere ahots propioa izan behar duela eta lotura ideologiko-politikoetatik aske. Zentzu berean, Abel Irizarrek antzeko zerbait esaten du:  “Azken 20-30 urteetan leku eta une gutxitan lortu da kolore eta ideologia anitzeko euskaltzaleak euskararen inguruan elkarrekin biltzea, kohesionatzea eta elkarrekin lan egitea. Baina, hori lortu den kasuetan, lortu da mugimendu horrek sinesgarritasuna izatea gizartearen aurrean, eta bertatik bultzatu diren proiektuek arrakastaz jardun dute”.

Juan Luis Arexolaleibak, ordea, ohartarazten gaitu: “Jonen ekarpena ezin da literarioa izan. Herrigintzan, oro har, eta euskalgintzan ari garenok liburuari xukua atera behar diogu, gure jardunean txertatzeko ideia eta proposamen ugari egiten baititu”. Zentzu berean, Abel Irizarrek dio “ametsa birpentsatzeko garai ona izan daitekeela. Orain dela 40 bat urte euskalgintzak kolektiboki amestu zuen hura egokitzeko eta amets berria adosteko garai ona izan daiteke, garai soziopolitiko berriari erreparatuta. Eta, ondoren, estrategiak ondo zehaztekoa”.

Irakurtzen jarraitu...

Eralan III:

Julen Arexolaleiba

Abenduaren 1ean izandako Eralan lantaldeen topaketa saioko hirugarren eta azken hitzaldiaren laburpena da gaur eskaintzen dizueguna. Maite Artola eta Mari Luz Estebanen ondoren izan zen Julen Arexolaleibak emandako hitzaldia.

Julen Arexolaleibak adostasunaren garrantziaz eta elkarlan ez lehiakorraz hitz egiteko baliatu zuen bere interbentzioa. Administrazioa euskaraz aldizkariak Joxe Azurmendiri urrian egindako elkarrizketa hartu zuen abiapuntutzat identitate kontzeptuari buruz hausnartzeko. Orain arteko definizio itxiak baztertu eta identitatea modu aldakor eta dinamikoan ulertu behar dugula adierazi zuen.

Irakurtzen jarraitu...

Abenduaren 1ean izandako Eralan lantaldeen topaketa saioko bigarren hitzaldiaren laburpena eskainiko dizuegu gaurko alean. Aurreko astean hasitako bidearen jarraipena.

Mari Luz Esteban EHUko Antropologia Saileko irakaslea da eta bere ibilbidea feminismoan zentratu da, bereziki. Feminismotik euskalgintzarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gako eman nahi izan zituen bere hitzaldiarekin. Jabekuntzaren kontzeptuaren gainean bi diziplinen arteko zubia eraikitzeko proposamena izan zen.

Feminismoaren baitan ibilbide luzea duen kontzeptua da jabekuntza Hegoamerikako eta Afrikako emakumeak erabiltzen hasi zirenetik(gaztelaniazko empoderamiento edo ingelesezko empowerment hitzetik dator).

Irakurtzen jarraitu...

Abenduaren 1ean izan zen Eralan lantaldeen topaketa saioa HUHEZIn. Hizkuntza lidergoa oinarri hartuta, programa txukuna antolatu zuen Soziolinguistika Klusterrak. Lau hitzaldi zeuden eguneko programan eta gaurko alean lehenengoaren laburpena eskainiko dugu, aurrerago gainontzekoak:


Argazkiak.org | Maite Artola Eralan jardunaldietan © cc-by-sa: lantalan

Irakurtzen jarraitu...