Gipuzkoako Foru Gobernuaren asmoa da euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzea eta bide horretan udalak nahitaezko aliatutzat ditu. Konplizitatea eta lankidetza bultzatu nahirik, ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalen arteko elkarlana sustatu du, Udal<>ekin egitasmoaren bidetik. Horretarako, hiru tipologiako lankidetza eredua jarri dugu abian, biztanle kopuruaren eta euskaldunen ehunekoaren arabera antolatuta.

Batetik, UEMAn biltzen diren eta ezaugarri berdinak dituzten udalak (biztanle gutxien eta, ehunekoetan, euskaldun gehien dituztenak; > %80). Bestetik, euskaldunen bataz bestekoa altua (%60-80 artean) duten herri kozkorrak (4.600-22.000 biz.). Eta azkenik, euskaldunak %60 baino gutxiago diren herri eta hiriak.

Ezaugarri eta behar berdintsuak dituzten udalek proiektu elkartuen bidez irtenbideak elkarrekin diseinatzea proposatu dugu, praktika-komunitateak antolatzeko beste abiapuntu bat izango da. Tipologia bakoitzeko bizpahiru proiektu diseinatzea aurreikusi da.

Lankidetza eredu hau dagoeneko aurkeztu zaie udal ordezkariei eta euskara teknikariei, legegintzaldirako Foru Gobernuaren asmoak aurkezteko berariaz antolatutako bilkuretan eta begi honez hartua izan da ikuspegi hau.

Horretaz gain, funtsezkoa iruditzen zaigu arduradun politikoen babesa eta inplikazioa lortzea, eta ziur gaude horretarako prestasun osoa izango dela denon partetik. Euskara teknikaria-zinegotzia binomioak garrantzia berezia hartuko du, beraz.

Iruditzen zaigu lankidetza eredu hau egokia izan daitekeela euskararen normalizazioaren aldeko lana eraginkortzeko eta horretan saiatuko gara.

Bidaltzailea: Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendari nagusia)

Irakurtzen jarraitu...

Zertan da gipuzkoako euskara teknikarien koordinazioa?

Gipuzkoako Udalekin programa

Irakurtzen jarraitu...

 

 

 

Zerbitzu publiko kalitatezkoa helburu

Foru Ogasunak partikularrei, enpresa nahiz elkarteei eta toki entitateei ematen die zerbitzua. Azken horiei zuzendutako zerbitzuan hobekuntza nabarmena egin zuen 2009an: haien hizkuntza itxaropenak asebetez zerbitzua hobetzea.

Izan ere, gizarte elebidun edo eleaniztunetako herri administrazioetan eta enpresetan, gero eta gehiagotan ezinbestekoa izaten da hizkuntzen kudeaketa orekatu bat egitea, kalitatezko zerbitzua eman nahi bada.

Konbentzimendu hori hizkuntza araudian jasota dago, Aldundiaren esparruan, zehazki bi foru dekretutan: urtarrilaren 27ko 3/2009 Foru Dekretua, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzen duena; eta urtarrilaren 27ko 4/2009 Foru Dekretua, hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena.

Udalen hizkuntza itxaropenak asebete

2009ko ekainean Gipuzkoako Ogasunak hizkuntza jarraibide bat eman zien barruko zerbitzuei: Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak Gipuzkoako Foru Ogasunaren eta udalen arteko harremanetan.

Ordura arte, Foru Ogasunak zerbitzua elebitan –beraz, euskaraz ere– ematen zien gehienetan Gipuzkoako udalei. Hainbat administrazio atalek, aldiz, zerbitzua euskaraz (bakarrik) ematen zieten udalei, bai ahoz bai idatziz.

2009garren urtean, departamentuaren Hizkuntza Planari jarraituz, Ogasunak erabaki zuen Gipuzkoako udalei galdetzea berarekin zer hizkuntzatan izan nahi zuten harreman administratiboa. Hori horrela, 88 udaletatik 83k adierazi zuten euskaraz izan nahi zutela eta beste 5ek, aldiz, elebitan.

Udalekin partekatutako lan prozedurak

Udalekin hainbat prozedura partekatzen ditu departamentuak: alkateek eta Ogasuneko zuzendaritzak dituzten harremanak, Udalen Finantzaketarako Foru Fondoa, finantzaketa espedienteak, udal zergen eta isunen kudeaketa, SIGE sistema, zerga informazioaren kudeaketa, ondasun higiezinen erroldak, Katastroa, zerga zorren kudeaketa, BEZaren kudeaketa, kontabilitate ziurtagiriak, erreklamazio ekonomiko-administratiboen kudeaketa…

Prozedura horien hizkuntza kudeaketa adostuta dago, beraz. Normalean, euskaraz izaten da ahozko harremana, betiere solaskideen elebitasunak ahalbideratzen badu (gehienetan): telefono harremana, lan bilera politiko eta teknikoak, aurkezpen ekitaldiak… Idatzizko harremanari dagokionez, dokumentazio estandarra eta momentuan bertan sortu beharrekoa adostutakoari egokitzen zaio.

Halere, sistema informatikoen bitartez bideratzen diren hainbat prozesutan, momentuz elebitan sortzen da udalei zuzendutako dokumentazioa.

Udalekin adostutakoaren onurak

Ogasunaren udalekiko hizkuntza portaera berriak hainbat onura dakar:

  • Udalen hizkuntza itxaropenak asebetetzea
  • Udalen hizkuntza planen osagarri eta lagungarri izatea
  • Udaletan eta Ogasunean zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza lotzeko aukera: alegia, elkarrekin ahozko eta idatzizko harremana euskaraz izatea modu bat da herri langileek espediente horien tramite osoa euskaraz egin dezaten.

Etorkizuna

Udalekiko harremanetan hizkuntza kudeaketa hobetzeko, hainbat hobekuntza aurreikusi daitezke etorkizunari begira:

  • Bestelako toki entitateetara zabaltzea udalekin adostutakoa: mankomunitateak sozietate publikoak…
  • Udal euskara zerbitzuen laguntza, lan prozedurak udalen barruan euskaraz kudeatzeko: udal langileentzako hizkuntza aholkua, trebakuntza programa, dokumentazio estandarraren hizkuntza prestaketa, terminologia lanketa…
  • Ogasunarekin ez ezik Aldundi osoarekin planteatzea udalen lan prozeduren hizkuntza kudeaketa orekatua: ingurumena, ekonomia, gizarte zerbitzuak, kultura, gazteria, lurralde antolaketa…
  • Partikularren hizkuntza aukera identifikatzea, beraiek aukeratu dezaten zer hizkuntzatan izan nahi duten harremana Ogasunarekin eta, horren arabera, foru langileek eta sistema informatikoek hizkuntza demandari erantzun diezaieten.

Udal euskara zerbitzuek asko lagundu dezakete, herritarren artean hizkuntza motibazioa (oraindik diru kontuetan gaztelaniaz egiteko inertzia handia dago) eta eskaria zabaltzeko orduan. Azken finean, denon ahalegina beharrezkoa izango da hizkuntza kudeaketa orekatu baten bidez zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko.

Irakurtzen jarraitu...

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak HizBeGia 07 izeneko ikerketa burutu zuen 2007an, Siadeco ikerketa, plangintza eta aholkularitza enpresak koordinatutako Teknikari programaren barruan. Gipuzkoarren hizkuntza pertzepzioen inguruko inkesta kuantitatiboa izan zen.
Euskaragipuzkoa blogean txostenak, interpretazioak eta beste ikusi daitezke.

Bidaltzailea: Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusia
Irakurtzen jarraitu...