LABORAL Kutxa erakunde aitzindarietako bat da euskararen normalizazioan; askotariko egitasmoak babesten ez ezik, baita barne eta kanpo erabileran ere. 2015ean, lan horren errekonozimendua jaso zuen, LABORAL Kutxaren urrutiko banka-zerbitzuak Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu baitzuen. Euskara eta hizkuntzak, oro har, nola kudeatzen dituzten jakiteko Nuria Agirre, LABORAL Kutxako Giza-Baliabideetako zuzendariari hainbat galdera luzatu dizkiogu.

IMG-20160316-WA0002

  1. LABORAL Kutxan noiztik eta nola bultzatu izan duzue euskararen normalizazioa?

Ia 30 urte igaro dira (1987ko urtarrila zen) garai hartako LAN KIDE AURREZKIAn “Euskararen presentzia berpizteko zirriborro-proiektua” landu eta aurkeztu zenetik. Beraz, entitateak jatorrian dauka euskararen presentzia sustatzeko borondatea, eta barrura zein kanpora begira hamaika urrats eman ditu euskararen garapenari bere aletxoa jartzeko.

Horretarako, egoera diglosikoa gaindituz, euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza bihurtzeko behar besteko neurri jarri ditu entitateak mahai gainean urte hauetan guztietan. Azken helburua bezeroei arreta nahi duten hizkuntzan ematea da, kalitatezko zerbitzuaren oinarria den neurrian.

  1. Zer suposatu zuen LABORAL Kutxarentzat Urrezko Bikain ziurtagiria eskuratzea?

Hizkuntza-normalizazioaren prozesu konplexu eta luzean jasotako aitortza da, egindako lana egokia eta eraginkorra izan dela erakusten duena. Alde horretatik, Urrezko Bikain Ziurtagiria guretzat ere pizgarria izan da, euskara beste edozein atal edo arlo bezalaxe kudeatu daitekeela erakutsi baitio entitate osoari. Aitortza horrek mugarri bat jarri du LABORAL Kutxan, eta aurrera begira behar besteko urratsak ematen jarraitzeko borondatea daukagu. Izan ere, gauza handia da finantza-alorrean Urrezko aitortza jasotzen duen lehen finantza-entitatea izatea.

  1. Irudia (webgunea, sukurtsaletako errotulazioa…) bi hizkuntzatan duzue; zehazki, zein da irudian jarraitzen duzuen irizpidea?

LABORAL Kutxako errotulazioa bi hizkuntzetan dago, euskarari lehentasun espaziala emanez (letra-tamaina handiagoa eta hurrenkeran aurrean jarriz). Salbuespena Entitatearen marka komertziala da.

Irizpide hau Zerbitzu Zentraletan eta bulegoetan, edozein lekutan jarritako euskarri guztietan kontuan hartzen da, errotulazio finkoaz gain, aldi baterakoan ere aplikatzen delarik.

LABORAL Kutxak euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin hitzartuta dituen Hitzarmenen haritik, hainbat bulegotako barruko errotulazio guztia euskara hutsean azaltzen da.

Piktogramak dituzten errotuluetan testua euskara hutsean ipintzen da (“Ez erre”, “Komunak”…), eta baita erabat ulergarriak diren errotuluak ere (“Ez pasatu”…).

Bestalde, kanpo-komunikazioa bi plano desberdinetan jarri beharko genuke: batetik, ahozko harremanak, eta bestetik, idatzizkoak. Eta horren arabera, onartuta dauden barruko hizkuntza-irizpideak aintzat hartuz, Euskal Herriko bulego guztietan bezeroak berak aukeratzen duen hizkuntzan mintzateko borondatea daukagu. Eta idatzizko komunikaziora etorrita, Euskal Herriko bezeroei informazioa elebietan edo bakarrik euskaraz bidaltzen zaie (aukera hori bezeroak hautatu beharra dauka bulegoan edo web nagusiaren bitartez).

  1. 70.000 bezero baino gehiagorekin idatzizko harremana euskaraz duzue. Nola iritsi zarete hain kopuru handia izatera?

Gaur egun indarrean dagoen Euskararen Plan Estrategikoaren bisioak honela dio: “LABORAL Kutxan bezeroek harreman komertzial guztiak euskaraz izateko aukera izango dute eta hautu hori egiten duen bazkide orok aukera izango du lanean eta laneko harremanetan euskaraz egiteko. Horretarako, entitateak jarrera proaktiboa erakutsiko du, langileen gaitasunetan eraginez eta erabilera bultzatuz.”

Horri erantzunez, bezeroen harremanen hizkuntza-hautuaren zain egon beharrean, modu proaktiboa erakutsiz hainbat kanpaina bideratu ditugu bezeroekiko idatzizko harremana euskara hutsean izan dadin bultzatuz. Kanpaina horien eraginez, gaur 70.000 bezero dira idatzizko informazioa euskaraz jasotzen dutenak.

  1. Ba al duzue irizpideren bat sukurtsaletan, ahoz, euskaldunei euskarazko arreta bermatzeko?

Bai, aspaldian ditugu indarrean Zuzendaritzak onartutako hizkuntza-irizpideen eskuliburua. Atal honetan bi esparru hartzen ditugu kontuan: batetik, aurrez aurreko harrera, eta, bestetik, telefono bidezko harrera.

Horretan, aurrez aurreko harrerari dagokionez, elkarrizketa bezeroak hasten duenean, bezeroari berak egindako hizkuntzan egiten ahalegintzen gara, euskaraz edo gaztelaniaz, alegia. Eta elkarrizketa LABORAL Kutxako langileak hasten duenean, langilearen euskararen ezagutza mailaren arabera, euskaraz edo gaztelaniaz ematen dugu zerbitzua.

Telefono bidezko harreran, ordea, kanpoko telefono-dei bat jasotzen denean, hasierako agurrean ele bietan dagoen mezua aktibatzen da automatikoki, eta horretan lehentasuna euskarak dauka. Tarte horretan, hizkuntza bezeroak hautatzen du, eta ahozko zerbitzua berak nahi izan duen hizkuntzan ematen zaio.

Bestetik, Euskal Herriko sukurtsaletako langile guztiei gomendatzen zaie hasierako agurra euskaraz egitea, bezeroari euskara erabiltzeko bidea erakutsiz.

Eta bukatzeko, sukurtsaletako erantzungailuari dagokionez, mezua bi hizkuntzetan egoten da, euskarari lehentasuna emanez.

  1. Eta, barne erabilerara begira, zein esparru ari zarete une honetan jorratzen edo jorratuko dituzue datozen urteetan?

Gaur egungo erronka nagusienak dira euskara lan-hizkuntza bihurtzea, gurekin idatzizko harremanak dituzten bezeroen kopurua 100.000ra heltzea eta goi-mailako lan komertziala euskaraz ere burutzeko gai diren gestoreak izatea. Horretarako, atal hauek dira lantzen ari garenak:

  • Hautaketa prozesuak: hala langile berrien inkorporazioetan, nola barne-sustapeneko lanpostuetan, hautatzen diren langileek exijitzen den euskararen ezagutza maila dutela ziurtatzen da. Horretarako, duela pare bat urte entitatean lanpostu guztien hizkuntza-eskakizunak ezarri ziren, eta lanpostu baterako aukeratzen den pertsonak eskuratutako lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna ezinbestean bete beharko du.
  • Trebakuntza: alor honetan, alde batetik euskara-eskolak antolatzen dira ezagutza-maila baxua duten lankideei begira, eta maila altua dutenentzat ikastaro teknikoak antolatzen dira, langileak euskaraz ere espezializatu daitezen kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko.
  • Lan-bilerak: euskarak gero eta presentzia handiagoa izan dezan, neurriak hartzen ari gara bilerak euskaraz egin daitezen. Horretarako, helburuak ari gara adosten.
Irakurtzen jarraitu...

Azkeneko hilabeteetan, sarean hausnarketa bideratu du EMUNek enpresen sareko hizkuntzen inguruan. Hausnarketari segida emateko jardunaldia antolatu du apirilaren 17an, Euskadi+innovaren bidez Garaia Enpresa Digitalean.

Egitaraua:
09:30-09:45: Jardunaldiaren aurkezpena

09:45-11:00: Enpresen sareko estrategia linguistikoari buruzko eztabaida

Joseba Kamio, Maite Goñi eta Txerra Rodriguez

11:00-11:30: Kafea

11:30-12:00: Nola definitu enpresak sareko hizkuntzak? EMUN

12:00-12:45: Hiru enpresatako esperientziak

EITB

Mondragon Unibertsitatea

Kutxa

12:45-13:00: Agurra edo ondorioak

Izena emateko informazioa hemen.

Irakurtzen jarraitu...