LKS Ingeniaritza Koop. E.ko Euskara Batzordeak Kafe tertulia egitasmoa jarri du martxan, LKSko negozioetan egiten diren proiektuak langileen artean zabaltzeko. Formatu laburreko solasaldiak dira, 30 minutuko iraupena izaten dute, eta euskaraz izaten dira. Egitasmo horri esker, erakundeko komunikazioa hobetzearekin batera, euskararen presentzia ere areagotzea lortu da LKSn.

2015ean bi hitzaldi egin dira, Climatearen ingurukoa bata, eta Arkitektura eta Sukaldaritzari buruzkoa bestea. Azken horri buruz arituko gara datozen lerroetan.

Imagen1

Aurkezpena Diego Rodriguezek egin zuen. Diego LKS Ingeniaritzako langilea da, arkitektoa, eta, hasieratik, diseinu eta lehiaketa arloetan dihardu lanean; proiektuen ideia nagusiak eta estrategiak definitzen, eta diseinuak garatzen aritzen da, hain zuzen ere.

– Nondik etorri zen laneko gaiei buruzko aurkezpenak  euskaraz egitearen ideia?

Gure enpresan euskarak presentzia nabarmena duela esango nuke, batik bat langileen arteko harremanetan; eta, martxan jarri dugun egitasmo honekin, nolabait, dinamika hori bideratzen ahalegintzen gara. Nire ustez, oso onuragarriak diren bi gauza lortzen ari gara: alde batetik, langileen artean enpresaren beraren ezagutza hedatzea; eta, bestetik, euskararen eta lanaren arteko harremana estutzea eta bultzatzea.

Tertulietan gai interesgarriak lantzen saiatzen gara eta, horrek, normalean euskaraz egiten ez dutenak ere erakartzen ditu solasaldietara.

– Arkitektura eta sukaldaritza, zergatik?

Denok daukagu arkitekturarekin harreman estua, baina, aldi berean, ezezaguna egiten zaigu, ulergaitza. Arkitektoen eta gizartearen arteko desadostasunak nabarmenak izaten dira sarritan.

Sukaldaritzarekin ere nahitaezko harremana daukagu; baina, bere kodea hurbilagoa egiten zaigu. Horregatik, azken urteotan sukaldaritzak izan duen garapena oso aproposa iruditu zitzaigun, berau baliatuz, arkitektura diziplina azaltzeko. Saioa arkitekto ez direnentzat prestatu genuen batik bat.

Imagen2

– Horrelako egitasmoekin jarraituko duzue?

Bai, lehenengo, horrelako ekintzak gure artean finkatzea nahiko genuke; horretarako, gure helburuak zein neurritan betetzen diren aztertu beharko dugu. Adibidez, nik egindako aurkezpena, datozen hilabeetan LKS Ingeniaritzako beste bulegoetara zabaltzea nahiko genuke, Donostiako eta Arrasateko bulegoetara, hain zuzen ere; eta, orain arte izan duten harrera izaten jarraitzen badute, seguru luzaroan jarraituko dugula bide horretan.

Irakurtzen jarraitu...

Mondragon korporazioak bultzatuta, Nafarroako Euskara Batzordean euskara garatzeko urratsak egiten ari diren Nafarroako kooperatibak elkartzen dira; Fagor Ederlan Tafalla, Mapsa, Embega, LKS, Maier eta Laboral Kutxa, hain zuzen ere. Batzordearen helburuak honako hauek dira: praktika onak eta esperientziak elkarrekin partekatzea, sinergiak aprobetxatzea eta kooperatiba horietan euskara sustatzea; horren harira, urtero, proiektu bat elkarrekin lantzen dute aipaturiko kooperatibek.

Presentación1

Irailean, bi astez, aipaturiko 6 kooperatibetan lehiaketa bat antolatuko dugu.

Lehiaketaren helburua honako hau da: kooperatibetako bazkideen seme-alabei transmititzea kooperatibetan euskararen alde lanean ari garela eta euskaraz lan egin ahal izateko oinarriak jartzen ari garela.

Horretarako, gure kooperatibetako euskarazko terminoak oinarri hartuta, umeentzat eta gaztetxoentzat lehiaketa bat abiaraztea erabaki dugu –kontuan izan behar dugu haurrek nagusien laguntza behar izango dutela ariketak egiteko–.

Ariketak askotarikoak izango dira eta koadernotxo batean bildu ditugu: letra zopa, terminoak eta irudiak lotzeko ariketa, definizioetatik abiatuz termino zuzenak asmatzea…

Labur-labur, honako hauek dira lehiaketaren arauak:

  1. Haurrak 7-12 urte bitartean izan beharko du.
  2. Lehiaketaren koadernotxoa beteta irailaren 25erako entregatu behar dute langileek.
  3. Bi sari zozketatuko dira: batetik, ariketa guztiak ondo asmatzen dituztenen artean ipuin eta margo sorta bat; eta, bestetik, parte-hartzaile guztien artean eskulanetarako materiala.

Bidaltzailea: Nafarroako Euskara Batzordea

Irakurtzen jarraitu...