Euskararen sustapenerako Nafarroako udal-arteko aldizkaria da Ze Berri, eta bere helburua da erdaldunei euskara hurbiltzea, hizkuntza eta euskal kultura ezagutu dezaten, eta aurreiritziak, beldurrak, kezkak… alde batera utz ditzaten.

Aldizkaria sortzearen ideia 1994. urtekoa da, eta 14 udal eta hiru kontzeju izan ziren bultzatzaileak, beraien Euskara Zerbitzuen bidez. Gaur egun aldizkaria nabarmen zabaldu da, 95.510 aleko tirada du –Nafarroako tirada handiena duen aldizkaria bihurtuz- eta parte hartzen duten udalerri gehienetan postontzietara iristen da*. Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, diruz laguntzen du proiektua eta, horretaz gain, hitzarmen bat sinatua du Nafarroako Unibertsitatearekin 2013tik.

Apirileko zenbakian, besteak beste, “Iruñerriko Euskara Merkataritzara” programaren gaineko erreportajea irakur daiteke, eta Emuneko Haritz Goikoetxea eta Joseba Beltza teknikariei egin zaie elkarrizketa: “Programa honen helburu nagusia da euskararen presentzia areagotzea merkataritza alorrean. Horretarako merkatari eta ostalariei eskaintzen zaie errotulazio finko edo aldakorra (ordutegia, merkealdiak…) euskaraz edo elebiz jartzeko aukera edota behar dituzten itzulpenak egitea. Harrera oso ona izaten da gu joaten garelako aldez aurretik programan izena eman duten establezimenduetara. Honetaz gain, saltoki zabaldu berrietara ere jotzen dugu eta programa zertan datzan azaldu eta parte hartzera gonbidatzen ditugu”.

Horrez gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren elkarlanaren fruitu den baduzu euskal kontsumitzaileen klubaren berri ere ematen da erreportajean. Egitasmo horren helburua da euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea, euskarazko kontsumo komunitatea eraikitzea eta aktibatzea. Horretarako, baduzu.eus-ek 4.000 establezimenduren berri ematen digu. Geolokalizazioari esker, norberari gertuen dituenak azaltzen zaizkio lehenik. Horretaz gain, erabiltzaileek establezimenduak baloratu eta berriak gehitzeko aukera izaten dute eta foro batean haien ekarpenak egin ditzakete.

* Parte hartzen duten toki entitateak honako hauek dira: Uharte, Aibar-Oibar, Antsoain, Anue Ibarra, Agoitz, Aezkoako Batzarre Nagusia, Aranguren, Atarrabia, Barañáin, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Galarko Zendea, Auritz-Erroibar-Orreaga-Luzaide-Artzibar, Eguesibar, Estella-Lizarra, Esteribar, Ezkabarte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Longida, Irunberri, Irantzu Mankomunitatea, Izarbeibar Mankomunitatea, Noain-Elortzibar, Orkoien-Oltzako Zendea-Etxauri, Orotz-Betelu, Iruña, Gares, Erronkariko Batzarre Nagusia, Zaraitzuko Batzarre Nagusia, Sakanako Mankomunitatea, Zangoza, Urrotz Hiria eta Zizur Nagusia. Udalerri horietara guztietako postontzietara iristen da, Ilunberri, Noain-Elortzibar eta Iruñan salbu, bertan banaketa selektiboa egiten baita eta Iruñeak zenbaki guztiak etxean jaso ahal izateko harpidetza eskaintzen du.

Irakurtzen jarraitu...

Merkataritzan Euskaraz kanpainaren barne, urtero proposamen bat egiten diete merkatari eta erosleei. Aurten salerosketak euskaraz egiten dituzten erosle eta merkatariei elkarrekin argazki bat ateratzea proposatu diete.

Aurtengo egitasmoa azaroaren 30ean aurkeztu zuten, Urretxuko kultur etxean. Ekitaldian Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak, Igor Zubillaga Urretxuko zinegotziak, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteko Sebas Iturriotzek, ZingiZango euskara elkarteko Nekane Gonzalezek, euskara teknikariek eta hainbat merkatarik parte hartu zuten.

Duela bi urte euskara erabiltzeko prest dauden bezeroen argazkiak eskatu eta 1.400 lortu zituzten. Iaz, berriz, euskarazko zerbitzua ematen duten establezimenduen argazkiak eskatu eta 99 eskuratu zituzten. Aurten, euskaraz erosten duten bezeroei euskaraz saltzen duten dendariekin selfieak ateratzeko eskatu diete. Bezero bakoitzak nahi adina selfie bidali ahal izango du, baina establezimendu bakoitzeko bat. Merkatariek ere bidali ahal izango dituzte, baina bezero diren dendetakoak.

Argazkiarekin batera bezeroaren telefono zenbakia eta dendaren izena bidali behar da. Kanpainaren bukaeran erosketa txartelak zozkatuko dituzte selfieak bidali dituzten bezeroen artean. Txartelak selfietan agertzen diren dendetan gastatu behar dira. Argazkiak Goierri garaiko 18 urtetik gorako edonork bidali ditzake

Otsaila amaiera baino lehen bidali behar dira, pozikgainera@gmail.com helbide elektronikora edo Whatsappez 628 759 948 telefono zenbakira.

Jatorrizko albistea: Otamotz-Goierriko Hitza

Irakurtzen jarraitu...

Urola Garaia Mankomunitateak iaz jarri zuen martxan Euskaraz? Pozik gainera kanpaina Urretxun, Zumarragan eta Legazpin, merkataritzan euskara sustatzeko 2006tik martxan den planari beste bultzadatxo bat emateko.

Dendetan euskara erabiltzeko prest dauden herritarrei, beren argazkiak bidaltzeko eskatu zieten; eta, iaz jasotako 1.039 argazkiekin eta aurten jasotako 360ekin, mosaiko handi bat osatu dute:

EUSKARA mosaiko 2016A3

Merkatari, ostalari eta zerbitzu establezimenduetako arduradunek bidalitako argazkiekin diaporama bat ere egin dute:

Kanpaina borobiltzeko, parte hartu duten herritarren artean 50 euroko 30 erosketa-txartel zozkatu dituzte, parte hartu duten 30 dendetan gastatzeko. Sari-banaketa ekitaldia apirilaren 28an egin zuten, Zelai Arizti kultur-etxean, eta mankomunitateko lehendakariak (Legazpiko alkate ere baden Koldobike Olabidek), Urretxuko zein Zumarragako alkateek, eta Zintzo-Mintzo eta ZingiZango euskara elkarteetako ordezkariek parte hartu zuten.

Irakurtzen jarraitu...