Euskararen sustapenerako Nafarroako udal-arteko aldizkaria da Ze Berri, eta bere helburua da erdaldunei euskara hurbiltzea, hizkuntza eta euskal kultura ezagutu dezaten, eta aurreiritziak, beldurrak, kezkak… alde batera utz ditzaten.

Aldizkaria sortzearen ideia 1994. urtekoa da, eta 14 udal eta hiru kontzeju izan ziren bultzatzaileak, beraien Euskara Zerbitzuen bidez. Gaur egun aldizkaria nabarmen zabaldu da, 95.510 aleko tirada du –Nafarroako tirada handiena duen aldizkaria bihurtuz- eta parte hartzen duten udalerri gehienetan postontzietara iristen da*. Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, diruz laguntzen du proiektua eta, horretaz gain, hitzarmen bat sinatua du Nafarroako Unibertsitatearekin 2013tik.

Apirileko zenbakian, besteak beste, “Iruñerriko Euskara Merkataritzara” programaren gaineko erreportajea irakur daiteke, eta Emuneko Haritz Goikoetxea eta Joseba Beltza teknikariei egin zaie elkarrizketa: “Programa honen helburu nagusia da euskararen presentzia areagotzea merkataritza alorrean. Horretarako merkatari eta ostalariei eskaintzen zaie errotulazio finko edo aldakorra (ordutegia, merkealdiak…) euskaraz edo elebiz jartzeko aukera edota behar dituzten itzulpenak egitea. Harrera oso ona izaten da gu joaten garelako aldez aurretik programan izena eman duten establezimenduetara. Honetaz gain, saltoki zabaldu berrietara ere jotzen dugu eta programa zertan datzan azaldu eta parte hartzera gonbidatzen ditugu”.

Horrez gain, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Bai Euskarari Ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren elkarlanaren fruitu den baduzu euskal kontsumitzaileen klubaren berri ere ematen da erreportajean. Egitasmo horren helburua da euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea, euskarazko kontsumo komunitatea eraikitzea eta aktibatzea. Horretarako, baduzu.eus-ek 4.000 establezimenduren berri ematen digu. Geolokalizazioari esker, norberari gertuen dituenak azaltzen zaizkio lehenik. Horretaz gain, erabiltzaileek establezimenduak baloratu eta berriak gehitzeko aukera izaten dute eta foro batean haien ekarpenak egin ditzakete.

* Parte hartzen duten toki entitateak honako hauek dira: Uharte, Aibar-Oibar, Antsoain, Anue Ibarra, Agoitz, Aezkoako Batzarre Nagusia, Aranguren, Atarrabia, Barañáin, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Galarko Zendea, Auritz-Erroibar-Orreaga-Luzaide-Artzibar, Eguesibar, Estella-Lizarra, Esteribar, Ezkabarte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Longida, Irunberri, Irantzu Mankomunitatea, Izarbeibar Mankomunitatea, Noain-Elortzibar, Orkoien-Oltzako Zendea-Etxauri, Orotz-Betelu, Iruña, Gares, Erronkariko Batzarre Nagusia, Zaraitzuko Batzarre Nagusia, Sakanako Mankomunitatea, Zangoza, Urrotz Hiria eta Zizur Nagusia. Udalerri horietara guztietako postontzietara iristen da, Ilunberri, Noain-Elortzibar eta Iruñan salbu, bertan banaketa selektiboa egiten baita eta Iruñeak zenbaki guztiak etxean jaso ahal izateko harpidetza eskaintzen du.

Irakurtzen jarraitu...

Merkataritzan Euskaraz kanpainaren barne, urtero proposamen bat egiten diete merkatari eta erosleei. Aurten salerosketak euskaraz egiten dituzten erosle eta merkatariei elkarrekin argazki bat ateratzea proposatu diete.

Aurtengo egitasmoa azaroaren 30ean aurkeztu zuten, Urretxuko kultur etxean. Ekitaldian Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak, Igor Zubillaga Urretxuko zinegotziak, Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteko Sebas Iturriotzek, ZingiZango euskara elkarteko Nekane Gonzalezek, euskara teknikariek eta hainbat merkatarik parte hartu zuten.

Duela bi urte euskara erabiltzeko prest dauden bezeroen argazkiak eskatu eta 1.400 lortu zituzten. Iaz, berriz, euskarazko zerbitzua ematen duten establezimenduen argazkiak eskatu eta 99 eskuratu zituzten. Aurten, euskaraz erosten duten bezeroei euskaraz saltzen duten dendariekin selfieak ateratzeko eskatu diete. Bezero bakoitzak nahi adina selfie bidali ahal izango du, baina establezimendu bakoitzeko bat. Merkatariek ere bidali ahal izango dituzte, baina bezero diren dendetakoak.

Argazkiarekin batera bezeroaren telefono zenbakia eta dendaren izena bidali behar da. Kanpainaren bukaeran erosketa txartelak zozkatuko dituzte selfieak bidali dituzten bezeroen artean. Txartelak selfietan agertzen diren dendetan gastatu behar dira. Argazkiak Goierri garaiko 18 urtetik gorako edonork bidali ditzake

Otsaila amaiera baino lehen bidali behar dira, pozikgainera@gmail.com helbide elektronikora edo Whatsappez 628 759 948 telefono zenbakira.

Jatorrizko albistea: Otamotz-Goierriko Hitza

Irakurtzen jarraitu...

Urola Garaia Mankomunitateak eskualdeko merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko martxan duen planaren barruan, dendariak saritzeko kanpaina egin zen joan zen abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra bitartean, hainbat dendatan. Helburua bezeroen hizkuntza ohituretan eragitea euskararen erabilera baloratzeko.

 

 

 

 

 

 

Eskualdeko herrietako euskara elkarteak izan ziren ekimenaren sustatzaile, udaletako euskara zerbitzuekin eta EMUN aholkularitza enpresarekin elkarlanean. Aipatutako denboraldian zehar, kutxa batzuk jarri ziren dendetan, eta dendariek euskararen alde duten jarrerari botoa emateko aukera izan zuten bezeroek.

Horrenbestez, bezeroek botoa emateko epea amaitu ondoren, dendetako kutxak jaso, eta kanpainaren emaitzak ezagutu genituen, Urretxuko kultur etxean egin zen ekitaldian.

Guztira, eskualdeko 195 dendari izan ziren partaide, eta beste 702 bezerok eman zuten euren botoa, beti ere dendariak euskararen alde erakutsi duen jarrera saritu nahian.

Botoa emateko garaian, hiru maila edo kontzeptu bereizi dira sariketa honetan: alde batetik, zerbitzua guztiz euskaraz ematen duen dendaria; bestetik, euskaraz jakin ez arren, bezero euskaldunari entzuteko edo ulertzeko egindako ahalegina; eta azkenik, euskararen alde erakutsi den jarrera (paisaia etab.).

Bestalde, hauexek izan ziren denda sarituak:

Urretxun eta Zumarragan:

1)Zerbitzua guztiz euskaraz: Apalategi kirol jantzi denda

2)Ahalegina: QUO estetika zentroa

3)Jarrera: Kahunas kirol jantzi denda

Legazpin:

1)Zerbitzua guztiz euskaraz: Ibargutxi kirol jantzi denda

2)Ahalegina: Lorea jantzi denda

3)Jarrera: Hizkuntza liburu denda

Horietako dendari bakoitzari udalek 100 euroko erosketa-txartela erosi zioten, eta kanpainan partaide izandako bezeroen artean zozketatu ziren erosketa-txartel horiek.

 

 

 

 

 

 

Aurrera begira, bai merkatariekin bai euskara elkarteekin izandako balorazio bileren ostean, kanpaina 2010ean ere eraberriturik burutzea pentsatu dugu. Ekimena sinplifikatzera joko dugu balorazioen ondorioz. Besteak beste ez dira hiru maila egongo, bakarra baizik, eta parte hartzera gonbidatutakoak merkatalgune guztiak izango dira.

Irakurtzen jarraitu...