Euskara plana zer da?

Lanhitzeko webgunetik hartuta.

Zer da euskara plana? Euskararen presentzia eta erabilera handitzen lagunduko dizun plana, enpresaren neurrira egina, eta euskarari bere tokia egiten lagundu behar diona, bai orain, baita etorkizunean ere.

Euskara planaren helburu nagusia erabilera areagotu eta berau erakundearen kulturan edo sistematikan integratzea denez, kudeaketa eredu estandar horiek aintzat hartu eta bereganatu egin behar izan ditu, baina bere premietara dimentsionatuta beti ere.

Euskara plana erakundeak hainbat urteren buruan lortu nahi dituen ardatzak, eremuak eta egitekoak biltzen dituen agiria da. Urte anitzeko euskara plana, urtez urteko ekintza edo kudeaketa-planetan zatikatuko da, eta hor jasoko dira, gutxienez, erakundeak bideratuko dituen ekintzak.

Urte anitzeko euskara plana:

Urte anitzeko euskara planean honakoa finkatuko du enpresak:

– Ardatz eta jardun-eremu bakoitzari dagokionez, zein den lortu nahi dena, baita zer den jada edo dagoeneko lortuta duena ere.

– Eragin-guneak: egiteko hori bereziki non landuko den, hau da, enpresaren gune guztietan, sail oso batean, atal jakin batean/batzuetan.

– Osagaien kasuan, zein hizkuntza trataera emango zaion bakoitzari (euskaraz ere, euskara hutsez, euskaraz zati batean bakarrik). Jardueren kasuan, berriz, zein den langileak duen euskara-maila, eta begiz jotako epe baten buruan lortu beharrekoa.

– Zein urtetan landuko den (urte batean baino gehiagotan lantzea gerta daiteke beharrezko).

Euskara plana martxan jartzearen onurak:

1. Arlo sozioekonomikoko eragileen babesa du

  • Administrazio orokor eta lokalen babesa du (diru laguntzak, tresnak, LanHitz…)
  • Enpresari elkarteek (Adegi, Cebek, Confebask,…) eta sindikatuek (ELA, CCOO, LAB, UGT) lan mundua euskalduntzearen aldeko akordioa sinatu dute.

2. Enpresaren zerbitzuetan balio erantsia ematen du

  • Enpresak eskaintzen duen produktu edo zerbitzuaren kalitatea hobetu eta osatzen du, eta balioa eransten.
  • Enpresa dinamikoa dela adierazten du: kalitatea eta berrikuntzarekin konprometitua.
  • Gestio berritzailea, egokitzeko gaitasuna, bezeroaren gogobetetzea… oinarri dituela ere adierazten du.

3. Enpresaren barne komunikazioa indartzen du

  • Barne kohesioa eta enpresarekiko identifikazioa indartzen ditu, lan giroa hobetuz eta lankideen motibazioan eraginez.
  • Enpresak, helburu ekonomikoez gain, balioak ere baditu, eta horiek garatzen laguntzen du euskara planak.

4. Enpresaren irudia hobetzen du

  • Hizkuntza kudeaketa egoki batek enpresa gizartean txertatzen laguntzen du eta ingurunearen eskaerekiko balorazio soziala lortzeko balio du: erantzukizun sozial korporatiboaren bidetik.
  • Merkatuan kudeaketa modernoa adierazten du: enpresa lehiakor eta berritzailearen irudia ematen du.