Gureaz blai 2012-13

Info7 irratiak GUREAZ BLAI! irratsaioa ekoitzi du EMUNekin batera udazkenetik aurrera.

Mintzatuko gara euskaldunon kezken inguruan? Hitz egingo dugu euskaldunon sentimenduez gure hizkuntza nonahi erabiltzen dugunean? Konpartituko ditugu egoera horiek gainditzeko baliabideak? GUREAZ BLAI! Ordu erdiko irratsaioak horretarako aukera emango digu.

Euskaldunak aktibatzeko irratsaioa da, euskaldunei euskaraz bizitzeko deia eginaz eta hizkuntza ikuspegitik, herritar kontziente aktibo bilakatzen lagunduz. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako irratsaioa da.

Hau guztia ordu erdiko irratsaio bixi eta arinean. Asteartero, 13:05ean, urriaren 2tik aurrera.

Irratsaio guztiak hemen:

1. irratsaioa: Gureaz Blai irratsaioa estreinatu dugu gaur Info7 irratian. Lehen saioa izanik, Gureaz Blairen nondik norakoez aritu gara gaur. Horretarako, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati eta TELP tailerretako aditu Gemma Sangines elkarrizketatu ditugu. Aurrerantzean, astero izango da Gureaz Blai entzungai EMUNeko Ainhoa Lasaren eta Nekane Zinkunegiren eskutik.

2. irratsaioa: Aurkezpen saioaren ondoren, Gureaz Blaik ekin dio astez aste Info7 irratian entzungai izango diren atalak lantzeari. Gaurkoan, telebista euskaraz erosten saiatu den bezero baten gertaera hartu dute abiapuntutzat EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. Horrez gain, abizenak euskal grafiara pasatzeko dauden baliabideez ere mintzatu dira.

3. irratsaioa:Ramon Labaien kultura sailburu oihak asteburuan “zentzugabekeriatzat” jo duenari tiraka hasi dute EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik gaurko Gureaz Blai. Ondoren, Bergarako Erregistro Zibileko kide Igor Pikabea elkarrizketatu dute “Egin kontu!” atalean.

4. irratsaioa: Gasteizko Legebiltzarrerako bozei eta Zizur Txikian ospatutako Nafarroa Oinez jaialdiari aipamena egin ostean, euskarari esleitzen zaion erabilera “exotikoegiaz” aritu dira gaurko Nola entzun hala erantzun atalean EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi. Ondoren, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kide Garbiñe Petriati elkarrizketatu dute Egin kontu! atalean.

5. irratsaioa: Euskaldunok erdaldunen jarrerak erreproduzitzeko dugun ohitura “solidarioaz” mintzatu dira EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi gaurko Gureaz Blaiko lehen zatian. Egin kontu atalean, berriz, Ibermatikako kide Iñaki Arantzabal elkarrizketatu dute, Euskalbar zein Hiztegibar interneteko hiztegiez mintzatu dira berarekin.

6. irratsaioa: Nola entzun hala erantzun atalean, erizain batek euskarari egindako erasoaz hizketan aritu dira Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi. Egin kontu zatian, berriz, UZEIko Jabier Agirre elkarrizketatu dute. Honek, Donostialdean burututako “Euskaraz osasuntsuago” kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu, eta mediku euskaldun bat izateko eskubideaz hitz egin du.

7. irratsaioa: Bizilagunen bilera bateko gertaera izan dute gaur abiapuntu modura EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. Bizilagun batek honakoa botata: “Azken aldian, nahiko zikin ikusten dut portala eta pintatzea komeni dela uste dut”. Gazteleraz hitz egiteko eskatu dio beste batek: “Habla en castellano, que aquí no entendemos todos”, eta halaxe egin du lehen hiztunak: “Ay, perdona, digo que ultimamente veo el portal bastante sucio y que creo que convendría pintarlo”. Egin kontu! Atalean, berriz, errenta aitorpena euskaraz egiteko argibideak eskaini ditu Ainhoa Lasak eguneko aholku modura.

8. irratsaioa: Ordua galdetze hutsak sortutako gora beherak izan dituzte gaurkoan hizpide EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. Kalean “ze ordu da?” galdetu batek, besteak “eeeh?” erantzun, eta lehen hiztunak automatikoki gaztelaniara salto egin izana hartu dute abiapuntu modura. Egin kontu atalean, berriz, GPSa euskaraz jartzeko argibideak eskaini ditu Ainhoak.

9. irratsaioa: “Bi hizkuntza jakinda, edukazio txarrekoa da euskaraz hitz egitea ulertzen ez duen jendea badago”. Ados al zaude baieztapen horrekin entzule? EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegi horixe hartu dute gaurko saioko abiapuntu modura. Egin kontu atalean, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Zigor Etxeburua elkarrizketatu dute, gaur aurkeztutako Ika-Mizka ekimenaz hitz egiteko.

10. irratsaioa: Euskararen Nazioarteko Egunak eskatzen duen gisa, Gureaz Blai irratsaioa berezia izan da. Abenduaren 3an, Info7ko estudioetatik irten eta EHUko Carlos Santamaria zentroa joan dira Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi. Bertan, gazteak euskaraz bizitzera animatzeko Ika-mizka egitasmoa egiten ari ziren, eta ekimenaren antolatzeileekin zein Ika-mizkako partaideekin hitz egiteko parada izan dute.

11. irratsaioa: Begira zer esan zion erizain batek medikuarenera joandako haur bati, “Hola, ¿Qué te pasa? Cuéntame lo que te pasa…”. Haurrak, ez zion ulertu nonbait eta isilik geratu zen. Haurraren amak orduan: “Maren, esaiozu zer gertatu zaizun…”; eta erizainaren erreakzioa: “Ui, ¿pero esta niña es adoptada?”. Halaxe dago euskal osasungintza entzuleok. Gertaera hori hartu dute abiapuntu modura NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean gaurkoan EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. EGIN KONTU-n, berriz, hainbat euskara mailatako irakurleentzako moduko liburu gomendioak egin dizkie Ane Agirregomezkortak.

12. irratsaioa: “Kafesne bat eta patata tortilla mesedez”, “kar, kar, kar, jende gutxik eskatzen dit euskaraz, ze grazia”. Zerbitzari beltzaranari euskaraz eskatu eta bera irriz hasteak bezeroari sortutako tentsioaz, zein ondoren zerbitzariak euskaraz egiteak dakarren sentipen onaz mintzatu dira EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi aurtengo azken Gureaz Blain. EGIN KONTU atalean, Ane Agirregomezkortak gabonetan opariak egiteko aholkuak eskaini ditu, euskal produktuen katalogoan zentratuta. Datorren urtera arte!

13. irratsaioa: Gabonetako oporren ajeak gainetik kenduta, itzuli da Gureaz Blai Info7ra. Auto tailer bateko zerbitzua euskaraz eskaintzen ez dutelako kexatu eta “Arrazoi duzu, ez dugu batere ohiturarik, baina bagara hainbat euskaldun tailer honetan” bezalako erantzun bat jasotzeaz aritu dira gaurkoan EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi. “Egin kontu!” atalean, berriz, Jon Goikoetxearen ahotik jaso dituzte justizia arloko tramiteak euskaraz egin ahal izateko aholkuak.

14. irratsaioa: “Zuek gazteok, orain edozeini hitz egiten diozue euskaraz!” esan dio andre batek autobus geltoki batean informazioa euskaraz eskatu duen gazteari. Portaera eredugarri horrek harridura zergatik sortu dioten hausnartu dute EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik gaurko saioko Nola entzun hala erantzun tartean. Ondoren, Iñaki Arantzabalen aholku informatikoak izan dituzte hizpide, Egin kontu! atalean.

15. irratsaioa: Gaurko Gureaz Blaiko lehen atalean, erdal elebakar baten honako esaldia hartu dute hizpide EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik: “¿y qué pretendes, que yo no me entere? porque ya lo he intentado, y no es nada fácil”. Hortik abiatuta, hizkuntza espazioen inguruan aritu dira hizketan. Egin kontu atalean, berriz, Badubada erakusketako familia tailerrez aritu dira, Gorka Lazkano tailer dinamizatzailearekin, eta Aitor Manterola tailerretan parte hartutako herritarrarekin.

16. irratsaioa: Gasolindegiko ordainlekuan hiru hatz altxata “kobratu hirugarren kaxakoa mesedez” esan eta bertakoak: “no le entiendo, hableme en castellano por favor” erantzunez gero, zer egingo zenukete? Egoera hori eta ingurukoen artean portaera horrek izandako eraginaz aritu dira gaurkoan EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU tartean, berriz, EMUNeko Larraitz Madinabeitia elkarrizketatu dute lan munduan euskalduntzeko trebakuntzen inguruan.

17. irratsaioa: “Berrogei urte herrian, eta oraindik ez du ikasi” VS “Bai, baina hori iritsi berria da. Denborarekin ikasiko du”. Batzuei bai eta besteei ez? Euskaradunak ez direnen artean ezartzen ditugun mailaketez mintzatu dira gaurkoan EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU tartean, berriz, Larraitz Madinabeitiak azaldu dizkie lan arloa euskalduntzeko dauden trebakuntzak.

18: irratsaioa: EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegirekin batera, Zigor Etxeburua izan da gaur Gureaz Blai saioan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria da Etxeburua, eta Gipuzkoako 36 udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk eta Urola-Kostako Mankomunitateak lan kontrataziorako hizkuntza irizpideetan lorturiko adostasunaz mintzatu gara berarekin.

19. irratsaioa: “Ulertuko ez didalakoan, nekatu egiten naiz euskaraz hizketan”, “Hitz egin duzu berarekin horretaz?”, “Ez…”. Nola jakingo dugu orduan, zer pentsatzen duen beste hiztunak guk euskaraz hitz egitearen inguruan? Horixe izan dute hizpide EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik gaurko NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean. Egokiena hiztunen artean hitz egin eta negoziatzea dela ondorioztatu dute. EGIN KONTU tartean, berriz, Aritz Larreta izan da gaurko gonbidatua, eta honek, euskal udalekuen berri eman du.

20. irratsaioa: Azentu hegoamerikardun gaztaina saltzaileari euskaltegiko irakasleak: “jarri dozenako zorroa”. Eta euskaltegiko ikasleak harrituta: “¿Cuánto es?”; Saltzaileak egoera ikusita irribarrez erantzuna: “bi euro”. Gertaera horretaz aritu dira gaurkoan EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU-n, berriz, Iñaki Arantzabal informatikariak liburu elektronikoen inguruko aholkua eman du.

21. irratsaioa: Ainhoa Lasa EMUNeko teknikariaren eta Nekane Zinkunegi esatariaren ahotsez soilik osatu da gaurko saioa. Izan ere, Nekanek berak ekarri du NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean lantzeko gertaera: “Menua gaztelaniaz duen taberna batean, bokatak euskaraz idatzita eskatu genituelako zerbitzaria haserretu zen, sukaldariak ez zekiela euskaraz-eta”. EGIN KONTU atalean, berriz, euskalapp ekimena hartu dute hizpide, gailu elektronikoetarako euskarazko aplikazioak sortzen dabilen talde bat hain justu.

22. irratsaioa: “Nik egingo nuke euskaraz, baina ez dut koadrilako ardi beltza izan nahi”. Horixe koadrila euskalduna baina erdaraz aritzen dena duen Haritzen esana. Horri tiraka ekin diote NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalari EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. EGIN KONTU tartean, berriz, Petra Elser elkarrizketatu dute; bere kabuz euskaldundutako alemaniarra, eta gaur egun etorkinei euskalduntzeko laguntza eskaintzen diharduena.

23. irratsaioa: Korrikaren hemezortzigarren edizioa ez da gutxiagorako, eta gaur tarte berezia egin nahi izan diote EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik Gureaz Blai saioan. Horretarako, hiru gonbidatu izan dituzte telefonoaren beste aldean. Lehenik, AEK-ko bozeramaile Igor Elorduirekin hitz egin dugu, aurtengo edizioaren nondik norakoez. Ondoren, Korrikako furgonetan zihoan Ane Aristiri esker izan dugu euskararen aldeko lasterketarekin zuzeneko konexioa. Amaitzeko, Korrika Agurainera iristeko zain zegoen Ainitzerekin hitz egin dugu. Datozen bi asteetan ez da Gureaz Blairik izango, eta apirilaren 9an itzuliko gara.

24. irratsaioa: “Lo dicho, respeto y educación”. Gaztelaniaz idatzitako mezu elektroniko bati euskaraz erantzun eta halako esaldi bat bueltan helduz gero zer egingo zenukete zuek? Horretaz aritu dira gaurko saioko NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalean Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi. EGIN KONTU tartean, berriz, Iñaki Arantzabal izan dute gonbidatu gisa, eta euskaraz on line ikasteko baliabideez hitz egin die.

25. irratsaioa: “Bezero zaren denda bateko saltzaile erdalduna udaleko oharra euskara hutsez ekarri duen langileagatik gaizkiesaka hasiz gero, zer egingo zenuke zuk? Era horretako gertaera bati helduta ekin diote gaurko NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalari Emuneko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. EGIN KONTU tartean, berriz, Bai Euskarari Ziurtagiriko Rober Gutierrez elkarrizketatu dute, ziurtagiria kontsumitzaileontzako zer nolako bermea den jakiteko.

26. irratsaioa: “Euskarazko hitz batzuk eskertuko genituzke hainbatek”; ausartuko al zinateke halako eskaera bat egiten zine klasikoko emanaldi baten aurretik filmaren aurkezpena gaztelania hutsez egin dutelako? Bada eskaera hori egin zuenaren ausardia eta portaera eredugarria nabarmendu dute Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik, gaurko Gureaz Blaiko NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN ATALEAN. Saioaren bigarren tartean, EGIN KONTU-n alegia, Ruben Sanchez izan dute gonbidatu gisa. Honek, beste lagun batekin batera egin dituen “The Arlotes” euskarazko marrazki bizidunen inguruan hitz egin die.

27. irratsaioa: “Eider moldatzen da kartelak egiten, baina ez daki euskaraz”; “Nola ezetz? Nik beti hitz egin dut euskaraz berarekin”. Zer uste duzu zuk entzule? Eiderrek ba ote daki euskaraz? Egoera isolatuetatik arau orokorrak nola ateratzen ditugun hausnartu dute gaurko saioan EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. Egin kontu atalean, berriz, AEK-ko Idoia Arbelaitz elkarrizketatu dute, eta honek udako barnetegien inguruan hitz egin die.

28. irratsaioa: “Euskaldunberriaren esketxa” deituriko bideoko soinuari tiraka ekin diote gaurko NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean Gureaz Blai saioari EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. EGIN KONTU tartean, berriz, Iñaki Arantzabal informatikan adituak euskara on line hobetzeko dauden baliabideen inguruko gomendioa eskaini die.

29. irratsaioa: “No hablo euskera, ¿me podrías decir en castellano?”, “Beno, baina ulertu egiten duzu?”, “Hombre, algo sí”; eta hortik pixka batera: “Mira, oye, no se si me he enterado muy bien…”. Hori bera, gure etxeko tresnak konpontzeko behar dugun teknikaria aldatzeko nahikoa arrazoi izan daiteke, EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik gaurko NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean aztertu dutenez. EGIN KONTU tartean, berriz, Getxoko Egizu euskara elkarteko Garazi Lopez de Uralde elkarrizketatu dute, lan bila dabiltzan euskaldunen eta langile euskaldunen bila dabiltzanen arteko bitartekaritzarako sortutako Beharsarea egitasmoaren inguruan.

30. irratsaioa: Bankura joan eta.. “Kaixo, 140€sartu nahi ditut nire kontuan” eskatuta ” En castellano, no entiendo” erantzuten badigute zer egin dezakegu? Horretaz aritu dira EMUNeko Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi gaurko NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU tartean, berriz, Xabier Olano Gipuzkoako Foru Ogasuneko zuzendari nagusia elkarrizketatun dute. Honek, errenta aitorpena euskaraz egiteko jarraitu beharreko urratsen berri eman die.

31. irratsaioa: “Ikasturte amaierako jaialdia ordubete aurreratuko nuke”; “¿Te importa traducirmelo?”; “Sí, y mucho”. Eskola bateko gurasoen arteko bilerako elkarrizketa da hori. Jarrera eredugarria euskarari eustea eta gaztelaniara ez pasatzea erabaki duenarena, baina egoera deserosoa halako jarrera batek sor dezakeena. Ataka horietatik nola irten gaitezkeen hausnartu dute EMUNeko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. EGIN KONTU atalean, berriz, Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi elkarrizketatu dute, eta egunkariaren hamargarren urtemugaren harira, euskal hiztunei euskarazko egunkari batek egiten dien ekarpenaz mintzatu dira berarekin.

32. irratsaioa: Haurren aisialdi ekintzan dinamizatzaileak euskaraz edo gaztelaniaz aritu behar duen hitz egiten ari direla, guraso batek: “yo creo que lo del idioma es secundario”. Egoera horri tiraka abiatu dute Emuneko Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegi gaurko NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atala. EGIN KONTU tartean, berriz, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatirekin aritu dira hizketan. Petriatik Nafarroako zonifikazioaz eta banaketa horren zentzurik ezaz hitz egin die.

33. irratsaioa: Berezia izan da gaurko Gureaz Blai. Enpresa munduak euskalduntzeko egiten dituen urratsak hartu baititugu hizpide, eta zehazki, euskara planarekin lanean ari den enpresa bat izan dugu gure artean. Bi elkarrizketatu gonbidatu ditugu gaurko saiora, Jon Mugartegi batetik, Danobat kooperatibako kidea. Berak, Danobaten euskara plana abian jartzeko hartu zuten erabakiaz hitz egin digu enpresa ikuspegitik. Ondoren, administrazioko langile Lurdes Altzibarren eskutik, euskara plana martxan jarri zutenetik gaur egun arteko egoeraren berri izan dugu, eta berak langile gisa nola bizi izan duen kontatu digu.

34. irratsaioa: Guraso arteko elkarrizketa batean: “umea erdaraz hitz egiten hasi zait”, “gureak ere izan zuen bolada, baina berehala moztu nion”, “bai, baina nik amorratzen naizenean erdarara jotzen dut”. Kasu horri helduta, eredugarritasunaz eta euskarazko aisialdiak duen garrantziaz aritu dira Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi NOLA ENTZUN HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU tartean, berriz, euskarazko joko interaktibo baten sortzaile Maider Etxaniz elkarrizketatu dute. Hauxe izan da ikasturteko azken Gureaz Blai, urrian itzuliko gara kontu gehiagorekin.