Gureaz blai 2013-2014

Info7 irratiak GUREAZ BLAI! irratsaioa ekoitzi du Emunekin batera udazkenetik aurrera.

Mintzatuko gara euskaldunon kezken inguruan? Hitz egingo dugu euskaldunon sentimenduez gure hizkuntza nonahi erabiltzen dugunean? Konpartituko ditugu egoera horiek gainditzeko baliabideak? GUREAZ BLAI! Ordu erdiko irratsaioak horretarako aukera emango digu.

Euskaldunak aktibatzeko irratsaioa da, euskaldunei euskaraz bizitzeko deia eginaz eta hizkuntza ikuspegitik, herritar kontziente aktibo bilakatzen lagunduz. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako irratsaioa da.

Hau guztia ordu erdiko irratsaio bixi eta arinean. Asteartero, 13:05ean.

Irratsaio guztiak hemen:

35. irratsaioa: Ekin dio Gureaz Blai irratsaioak bigarren ikasturteari eta indarberrituta dator oporren ostean. Lehen saio honen hasieran, aurten izango diren berrikuntzen errepasoa egin dute Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik. Bigarren zatian, berriz, EMUNeko Olatz Irizarrekin hitz egin dute, etorri berriei harrera egitearen inguruan Donostiako San Telmo museoan egin diren jardualdiez. Etorri berriei harrera egiterakoan euskarak duen garrantziaz aritu dira.

36. irratsaioa: Euskarazko medikua eskatu eta hark euskara ulertu arren, “será mejor que me hables en erderas, no vaya a ser que no te entienda bien” esaten badizu nola erantzungo zenioke. Halako egoera deserosoei nola erantzun hausnartu dute gaurko saioko NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalean Nekane Zinkunegik eta EMUNeko Ainhoa Lasak. EGIN KONTU! tartean, berriz, Getxoko Egizu euskara elkarteko Lander Solozabalekin hitz egin dute, eta Getxon azaroaren 17an egingo den Bizilagunak egitasmoa zertan datzan azaldu die.

37. irratsaioa: Gureaz Blairen bigarren ikasturtea dugu aurtengoa, eta berrikuntza batzuk txertatu ditugu, horren lekuko da ikasturte honetako bigarren irratsaioa. Arloz arloko (kirola, kultura, enpresa mundua, komunikazioa…) lider sozial edo pertsona ezagun euskaldunak elkarrizketatuko genituela hitz eman genizuen, eta lehenengoa gaur izan dugu gure artean, Xabier Euzkitze kazetaria, hain justu. Euskarari eusteko duen jarreraz hitz egin digu, eta zenbait kasutan autokritika ere egin du.

38. irratsaioa: Zer egingo zenukete zuek lankide euskaldun bat erdaldun bat babestera joango balitzaizue? Antzeko gertaeraz hausnartu dute gaur EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak eta Info7 irratiko Nekane Zinkunegik NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU tartean, berriz, Bai euskarari ziurtagiriaren zuzendari Rober Gutierrezek bat egin du eurekin, eta ostegunean Arrasaten ospatuko duten Enpresarean jardunaldiaz hitz egin die.

39. irratsaioa: “Hori oso pedantea da, beti ari da euskaraz” bezalako esaldiak entzun izan al dituzu inoiz? Halakoek euskal hiztunen portaeran duten eraginaz hausnartu dute gaur EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak eta Nekane Zinkunegik NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU zatian, euskal irrati libreak sakelako bidez entzun ahal izateko Uhinbak aplikazioaz aritu dira.

40. irratsaioa: Zure lagun euskaldunekin gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen badizu euskaraz ez dakien beste lagun batek, eutsiko zenioke euskarari? Entzule baten kontsultatik abiatuta, gai horri tiraka aritu dira Nekane Zinkunegi eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasa, NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU tartean, berriz, urtebetera heldu den Kimutx elkarteko Nora Barrosorekin hitz egin dugu, eta haurrentzat sortzen ari diren euskarazko baliabideak azaldu dizkigu.

41. irratsaioa: Garabidek eta HUHEZI fakultateak elkarlanean eskaintzen duten Jatorrizko Hizkuntza biziberritzeko estrategiak Aditu Titulua martxan da dagoeneko, eta munduko hamaika herrialdetako lagunak gurean dabiltza azken asteotan, euren hizkuntz gutxituen errealitatearen berri eman eta guretik zerbait ikasteko ahaleginean. Horretaz aritu gara Garabide elkarteko Ander Bolibarrekin lehenik, eta ondoren, Yucatango (Mexiko) maia hitz egiten duen Teresa Pool-Ixekin hitz egin dugu. Ea zer iruditzen zaizuen jatorrizko hizkuntzan diona.

42. irratsaioa: Ohiko egitura alde batera utzi eta saio berezia egin dute gaur ere Nekane Zinkunegik eta EMUN Kooperatibako Ainhoa Lasak. Lehenik, Gasteizen urtarrilaren 10era arte ikusgai dagoen Badu bada: euskara mundu eleanitzean erakusketaz hitz egin dute Gorka Lazkanorekin. Ondoren, aurreko astean Garabiderekin aditu titulua egitera etorritako Teresa Pool-Ixekin egin gisa, gaur, Ekuadorko Otavalo herriko Gonzalo Diaz kitxuarekin hitz egin dute.

43. irratsaioa: Gaurkoa euskararen nazioarteko eguna izanik, Gureaz Blai saioak ere berezia izan behar zuen. GFAko euskara zuzendaritzak antolatutako Ika-Mizka egitasmoaren amaiera izan da Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako campusean, Irunen. Bertatik egin dugu ordubeteko irratsaioa gaurkoan, hainbat gai jorratzeko: Kutxa Ekoguneko euskararen ginkana, UEMAko arnasguneak, Anton Abbadia saria jaso duen IXA taldeko Iñaki Alegria. Eta horiez gain, Ika-Mizkako eztabaidetan parte hartu duten hiru lagunekin mahai ingurua egin dugu: Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Ainhoa Urretabizkaia (Gazteako esataria) eta Asier Basurko (Donostia 2016).

44. irratsaioa: Etxarriko entzule batek egindako kontsulta hartu dute gaur egoera moduan Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalean. Berarekin soilik euskaraz hitz egiten duten ezagun batzuek konpromisoz egiten ote duen kezka zuen entzuleak. EGIN KONTU tartean, berriz, Euskal Memoria Fundazioko Arantxa Erasun elkarrizketatu dute Euskararen kate hautsiak liburuaren inguruan.

45. irratsaioa: Eguberrietako oporretara joan aurreko azken saioa egin dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Lehen zatian, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Zigor Etxeburuarekin urtearen errepasoa egin dute. EGIN KONTU atalean, berriz, Iñaki Arantzabal informatikariak sare sozialak euskaraz erabili ahal izateko baliabideez hitz egin digu. Pare bat asteko oporren ostean, urtarrilaren 7an itzuliko da Gureaz Blai. Eguberri on bitartean!

46. irratsaioa: Gabonetako oporren ajeak gainetik kenduta, itzuli da Gureaz Blai Info7ra. Duela urte bete auto tailer bateko zerbitzua euskaraz eskaintzen ez dutelako kexatzean bezero batek izan zuen portaera eredugarriari gogora ekarri, eta tailer horretako hizkuntza portaerak izan duen bilakaeraz aritu dira Ainhoa Lasa eta Nekane Zinkunegi NOLA ENTZUN, HALA ERANTZUN atalean. EGIN KONTU tartean, berriz, Nahia Alkorta elkarrizketatu dute Sabeletik mundura egitasmoaren inguruan.

47. irratsaioa: Gai nagusi bat jorratu dute gaurko saioan Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. EMUNeko teknikari Haritz Goikoetxea izan dute horretarako bidelaguna, Soziolinguistika Klusterrak antolaturiko VI. Hausnartu Euskal Soziolinguistika Sarietan lehena lortu duena, hain justu. Lantokietako ahozko erabileraren neurketak. Interpretaziorako hainbat gako lanarekin saritu dute, eta lanaren nondik norakoez hitz egin du Gureaz Blain.

48. irratsaioa: Taberna bateko zerbitzariak “joder, lo que me faltaba, tener que aprender euskera” esaten badu, zer egingo zenuke? Egoera hori hartu dute hizpide Nekane Zinkunegik eta EMUNeko Ainhoa Lasak Nola entzun hala erantzun atalean. Gaurko Egin kontu tarteko gonbidatua, berriz, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin hitz egin dugu, urtarrilaren 16 eta 17an Donostian egindako Hizkuntza eta Lurraldea I. Jardunaldiak gaiaren inguruan.

49. irratsaioa: Lekeitio denon buruan herri euskaldun bezala ikusten badugu ere, azken urteetan beherakada izan du euskararen erabilerak 25-55 urteko herritarren artean. Hortaz kezkatuta, bertako euskara batzordeak dinamika bat jarri du abian eta kezka partekatzen duten herritarrei deia luzatu die gainerako herritarrengan eragin dezaten. Prozesuaren inguruan hitz egiteko batu zaie Iker Ajuriagerra teknikari Nekane Zinkunegiri eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasari.

50. irratsaioa: Gaztelaniaz iragarritako hitzaldi baten sarrera euskaraz egin duen hizlariak “A mi me habian dicho que el curso iba a ser en castellano” erantzuna jaso du. Zer egingo zenuke zuk halako kasu batean? Nola entzun hala erantzun atalean, egoera horretarako portaera posibleez aritu dira gaur Nekane Zinkunegi eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasa. Egin kontu tartean, berriz, Iñaki Arantzabal informatikariak itzulpen automatikoari buruzko aholkua eskaini du.

51. irratsaioa: Ezezagunei euskaraz hitz egiten diezu lehenengo hitza? Gaurkoan ezezagunak hiru aldiz euskaraz hitz egin arte gaztelaniaz aritu den herritar baten kasua landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUNeko Ainhoa Lasak Nola entzun hala erantzun atalean. Egin kontu tartean, berriz, Getxoko Egizu euskara elkarteko Lander Solozabalek Olgetan euskaraz egitasmoaren laugarren edizioari buruzkoak azaldu dizkie.

52. irratsaioa: Gaurkoan, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 20. urteurrenaren harira egindako hausnarketaren ondorioak izan dituzte hizpide Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Hain justu, UEMAko koordinatzaile Miren Segurola elkarrizketatu dute, eta hark udalen euskalduntzean urratsak egiten jarraitzeko abian jarri duten metodologia berria zein den azaldu die.

53. irratsaioa: Euskaldundua bazina, euskaraz hitz egiteko ahalegina egingo bazenu eta “Aizu, zuk raro hitzeitezu e, vamos a hablar en castellano”, erantzungo balizute, zer egingo zenuke? Egoera horixe landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak gaurko ‘Nola entzun hala erantzun’ atalean. ‘Egin kontu’ tartean, berriz, Urruñako EHEko Unai Billakortarekin hitz egin dute, bertan abian jarritako ‘Herriko etxeak eta biok euskaraz’ dinamikaren inguruan.

54. irratsaioa: “Tres juntas, se lo ruego, por favor” esan dio neskatila euskaldun batek zinemako leihatilakoari. Nondik atera ote du? Egoera horixe landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak gaurko ‘Nola entzun, hala erantzun’ tartean. ‘Egin kontu’ atalean, berriz, Luistxo Fernandezekin aritu dira hizketan, azpitituluak.com webguneaz.

55. irratsaioa: Gonbidatu bat batu da gaurko Gureaz Blaira, Kontseiluko kide Maite Inda, hain justu. Iruñeko guraso talde batek abian jarri eta herrigintzako eragile askok babestutako ‘Haur eskolak euskaraz’ dinamika izan dute hizpide berarekin. Iruñeko Udalak haur eskoletan euskara eskaintzeko eskaririk ez dela esaten badu ere, eskariak biltzeko kanpaina abiatu dute, eta egunez egun gora egiten ari da eskaera kopurua. Horrez gain, Indak salatu du matrikulatzerako orduan gurasoei haur eskola zein hizkuntzatan izatea nahi duten ere ez diela galdetzen udalak.

56. irratsaioa: Arloz arloko (kirola, kultura, enpresa mundua, komunikazioa…) lider sozial edo pertsona ezagun euskaldunak elkarrizketatuko genituela hitz eman genizuen, eta politikari bat izan dugu gaur gure artean; Ander Rodriguez Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte politiketako diputatua, hain justu. Bere ingurune pertsonala erdalduna izaki, jendaurrean euskaraz aritzeko segurtasuna falta zaiola aipatu digu. Baina gaineratu du poliki-poliki horretan ari dela, eta euskara maila hobetzeko erronka jarri diola bere buruari.

57. irratsaioa: Euskarara itzulitako liburu bat gaztelaniara itzulitakoa baino garestiago ote den galdetuta, dendariaren erantzuna: “Noski, hau itzulpena da”. Zer erantzungo zenuke zuk? Egoera hori landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak Nola entzun, hala erantzun atalean. Egin kontu tartean, berriz, Iñaki Arantzabal informatikariak bat egin du eurekin, eta euskaldunei euren euskara hobetzeko sareko baliabideen berri eman die.

58. irratsaioa: Gaurko saioan gonbidatu bat izan dute bidelagun Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Xabier Balerdirekin hitz egin dute, justiziako euskara teknikariarekin. Bera arduradun den Auzia euskaraz egitasmoa aurkeztu du, justizian normaltasunez euskaraz funtzionatu ahal izateko martxan jarritako proiektua, hain justu.

59. irratsaioa: Lasarte-Oriako Ttakun euskara elkarteko ordezkari Aitor Uriarte izan dute gaurkoan saioko bidelagun Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Lasarte-Orian abian den Kuadrillategi egitasmoaz aritu dira berarekin hizketan; gazte kuadrilekin asialdian lan eginez, gazteen artean euskararen erabilpena nola sustatzen duten azaldu die Uriartek.

60. irratsaioa: “Aizu, mesedez, egin zazu erdaraz! Bestela kanpoan uzten duzu”, esaten badizu zure ahizpak bere familia politikoari erreferentzia eginez, zuk zer egingo duzu? Egoera hori landu dute Nola entzun, hala erantzun atalean Nekane Zinkunegik eta Emun Kooperatibako Ainhoa Lasak. Egin kontu tartean, berriz, Azkue fundazioko teknikari Amaia Ocerin elkarrizketatu dute, fundazioaren webgunearen berrikuntzaz, eta hiztunentzako dituzten baliabideez aritu dira berarekin.

61. irratsaioa: “Nire lagun bat euskara ikasten ari da, eta elkarrekin euskaraz aritzea adostu dugu. Baina gai sakonetan erdarara jotzen dugu. Zer egin euskarari eusteko?”; egoera horixe landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak gaurko Nola entzun, hala erantzun atalean. Egin kontu tartean, berriz, Etxepare Euskal Institutuko Irene Larraza elkarrizketatu dute, atzerrian euskara eta euskal kultura irakasteko ikastaroaren inguruan.

62. irratsaioa: Hirugarren ahots batez lagunduta aritu dira Nekane Zinkunegi eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasa gaurko Gureaz Blain. Iratxe Esnaola PuntuEus fundazioko ordezkariak, abian den .eus domeinu berriak euskal hiztunei egingo dien ekarpenaren berri eman baitie. Horrez gain, .eus domeinu bat eskuratu nahi dutenek egin beharreko urratsak zeintzuk diren ere azaldu die.

63. irratsaioa: “Katalanak batzuetan pasa egiten dira! Ez genuela ulertzen esan, eta segi katalanez!”, euskaldunoz hori esatea zer irudituko litzaiguke? Egoera horixe landu dute gaurko Nola entzun, hala erantzun atalean Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Egin kontu tartean, berriz, iaz Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendariari eginiko elkarrizketa ekarri dute gogora, errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita luzatuz.

64. irratsaioa: “… eskerrik asko. Y dos bocatas de lomo con queso”, esan eta “Perdona, es que no entiendo euskera” erantzungo balizu norbaitek, nola geratuko zinateke. Egoera horretaz aritu dira Nekane Zinkunegi eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasa gaurko Nola entzun, hala erantzun atalean. Egin kontu-n, berriz, aste honetan Egiako (Donostia) kultur etxean ikusgai jarri duten Euskara, ospeletik eguterara. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria erakusketaz hitz egin dute Euskal Memoria Fundazioko Arantxa Erasunekin.

65. irratsaioa: Hainbatetan hitz egin dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak lehen hitza euskaraz egiteak edo euskaraz ez dakitenei ere lehen harreran euskaraz zuzentzeak duen garrantziaz. Baina gaurkoan, hala ez egiteak dakartzan ondorioak plazaratu dituzte kasu eta pertsonaia hipotetiko batzuk planteatuz. EGIN KONTU atalean, berriz, Iñaki Arantzabal informatikariak udalen webguneetako euskara zerbitzuen inguruko aholkua eskaini du.

66. irratsaioa: Donostian euskarari buruzko kezka eta soziolinguistikari buruzko gutxieneko ezagutza jasotzearen premia sumatu zuten. Premia hori asetzeko antolatu ditu Bagera elkarteak solasaldi soziolinguistikoak. Hain justu, solasaldi horien inguruan hitz egin dute, Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak, Bagera elkarteko kide Urko Aierberekin.

67. irratsaioa: “Zer esan diozu Maiderren amari? Seguru esan diozula andereñoak erderaz egiten duela!”, haur batek amari; eta “Ama, eman egurra”, beste haur batek amari. Zein da egoera baten eta bestearen aldea? Horixe landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak gaurko Nola entzun, hala erantzun atalean. Egin Kontu-n, berriz, UEMAko lehendakari Maren Belastegik ekainaren 14an Tolosan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Egunari buruzko xehetasunak eman dizkie.

68. irratsaioa: Gaurkoan, Donostiako Bagera euskara elkarteko Aitziber Gurutzeaga izan dute bidelagun Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Bagerak sortu zuen duela 30 urte Mintzalaguna egitasmoa, eta ordutik Euskal Herriko hainbat txokotara hedatu da. Urtemuga dela eta, ostiralean festa egingo dute Egiako (Donostia) Gazteszenan; horren harira, egitasmoaren hastapenetatik orain arteko errepasoa egin du Gurutzeagak gaurko saioan.

69. irratsaioa: Gorka Ortiz de Guinea izan dute bidelagun gaurko saioan Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Arabako biltzarkidea da Ortiz de Guinea, eta jatorriz euskalduna ez bada ere, gaur egun euskarak presentzia handia du bere bizitzan. Lasak egin dio elkarrizketa eta bere hizkuntza ibilbidearen ingurukoak azaldu ditu Gureaz Blain. Hauxe izan da aurtengo denboraldiko azken saioa. Datorren ikasturtean itzuliko gara berrikuntzeko hirugarren denboraldiari ekiteko indartuta.