Katalunia independente batean, zein hizkuntza izan beharko lirateke ofizial?

Ostirala, 2016ko urriaren 28a

Montserrat Sendra (Tarragona, 1989) Katalan Filologian lizentziaduna da eta Katalan Hizkuntzan eta Literaturan Ikasketa Aurreratuak eta Aplikatuak masterra. Gaur egun, doktoretza ikaslea da Bartzelonako Unibertsitatean. Duela 4 urtetik, Katalunia independiente bateko hizkuntza ofizialtasunaren gaineko erreferentzia corpusa biltzeaz eta aztertzeaz arduratu da, eta Les llengües a la Catalunya independent web orrian jarri du interesa izan dezakeen edozeinentzat kontsultagai.

16-10-27-11-57-38-696_deco-1

  1. Katalunian eztabaidatzen ari zarete balizko errepublika independente batean zein hizkuntza izan beharko liratekeen ofizial. Nola iritsi zarete eztabaida horretara?

Kataluniaren independentziarako “trantsizio nazionaleko prozesuaren” baitan (batik bat 2010etik aurrera, 2006ko Estatutuaren gainean Konstituzio Auzitegiak emandako epaiaren ostean), hainbat eztabaida izan dira, etorkizunean gauza daitekeen Konstituzio katalanak jaso ditzakeen alderdi nagusien gainean. Beraz, ekonomiaz, politikaz, justiziaz… eztabaidatu da eta, etorkizunean herrialdeak nolakoa izan beharko lukeen ardatz izan duen eztabaida horretan, 2012tik, hizkuntzen ofizialtasunaren gaineko eztabaida ere txertatu da. Eztabaidak zer nolako dimentsioa hartu duen ikusteko: 400 iritzi artikulu baino gehiago argitaratu dira, 350 berritik gora, 80 elkarrizketatik gora, egunkarietan 30 gutun baino gehiago zuzendariarentzako gutunen atalean, gaiari buruzko 50 hitzaldi-eztabaidatik gora, eta abar. Ekarpenak modu errazagoan jarraitu ahal izateko Les llengües a la Catalunya independent sortu nuen, orain arteko bibliografia jasotzeko.

  1. Nola hasi zen eztabaida?

Aurretik ere, noizean behin, agertzen ziren gaiari buruzko artikulu batzuk, baina “La tribu o el estado” (Eduard Voltas, 12-01-22) artikulua izan zen, eragin zituen erantzun eta erantzunen erantzunekin, eztabaida mahai gainean jarri zuena. Polemika sortu zen, batetik, testua idatzi zuen pertsonaren garrantziarengatik (kazetaria, idazlea eta Generalitateko Kultura idazkaria izandakoa 2007tik 2010era); bestetik, proposatzen zituen ideiengatik: proposatzen zuen independentismoak gaztelania “besarkatu” behar zuela eta “tribu” katalozentrikotik atera behar zuela (hau da, katalanez hitz egin, TV3 ikusi eta balkoian estelada eskegita dutenek osatzen duten tributik), independentzi erreferendum bat irabazteko beharrezkoa den gehiengoa lortu ahal izateko.

  1. Zertan datza eztabaida?

Eztabaida sinplea da: Katalunia independente batean, zein hizkuntza izan beharko lirateke ofizial? Hasiera batean, 3 iritzi talde sortu ziren: 1) gaztelania, katalanarekin batera, koofizial aldarrikatzearen aldekoak (gaur egungo koofizialtasun erregimen asimetrikoaren antzekoa); 2) Kataluniako hizkuntza ofizial propio gisa bakarrik katalana aldarrikatzearen aldekoak (katalanari ahalik eta babes handiena emateko helburuarekin); eta 3) hizkuntza ofizialik ez aitortzearen aldekoak (Estatu Batuetan ingelesa den bezalaxe, Konstituzioan arautu gabe). Baina, eztabaidak aurrera egin eta, hainbat autorek euren argudioak eman ahala, posizioek nolabaiteko adostasun orokor baterantz jo dute (adostasuna erabatekoa da, adibidez, Aran bailarako hizkuntza propioa den aranerari edo zeinuen hizkuntzari ofizialtasuna aitortzearen inguruan), eta eztabaida irekita eta gori jarraitzen duen puntu bakarra gaztelaniari hizkuntza ofizialaren izaera ematea (ala ez) da.

  1. Zein da zure iritzia? Zure ustez, zein da aukerarik onena?

Ez da posible jakitea epe luzera zein izango litzatekeen aukerarik onena, ezin baitugu etorkizuna aurreikusi; hori da abiapuntua (katalana hizkuntza ofizial bakartzat aitortzeak hizkuntza betiko “salbatuko” luke? Koofizialtasun asimetrikoa aitortzeak katalanaren atzerapena ekarriko luke?). Aukerarik onena adostasun maila zabalena duena izango litzateke, azken erabakia etorkizunean egin beharreko erreferendum konstituzionalean onartu beharko bailitzateke. Kataluniaren egungo osaera soziolinguistikoan pentsatu behar dugu, eta hasierako hizkuntzari erreparatzen badiogu (lehen hizkuntza, ama hizkuntza), %55,1 dira gaztelaniadunak, %31 katalan hiztunak, %10,56 beste hizkuntza batzuetako hiztunak eta %2,4 katalan-gaztelania elebidunak (IDESCAT, 2013). Gaztelaniadunen ehunekoa da handiena, eta hizkuntza horri ofizialtasuna aitortzea gakoa izan liteke Kataluniaren etorkizunean: biztanleria erdiaren hizkuntza Konstituziotik alboratzeak  barne zatiketarako edo nazioarteko erakundeetan herrialdea ez onartzeko duen arriskuaz hitz egitera ere iritsi dira hainbat egile.

  1. Badirudi alderdi politikoek bi hizkuntzak –katalana eta gaztelania– ofizial izatearen aldeko iritzia dutela. Iritzi horren atzean zer uste duzu dagoela: erdal hiztunekiko begirunea, interesak (ekonomikoak…) edo bozkak ez galtzeko estrategia?

Hala da, independentzi prozesuaren buruan doazen alderdiek (CIU eta ERC, orain Junts pel Sí koalizioan) koofizialtasuna defendatu dute eztabaidaren hasieratik. Koofizialtasunaren aldeko apustu hori askotan esplizitatu duten oinarri batetik abiatzen da: Kataluniako herritarrei eskubide gehiago emateko eraiki nahi da estatua, eta ez egun dituzten eskubideetan atzera egiteko. Jarrera horren gaineko justifikazioen inguruan, politikariek gaztelania “katalan guztien ondaretzat” daukate, eta, begien bistakoa denez, susmatu dezakegu nolabaiteko taktika elektoraletik ere baduela, gaztelaniadunak seduzitzeko, independentziaren aldekoen posiziorantz gerturatzeko. CUPek, sezesioaren alde dagoen beste alderdiak, oraindik ez du azaldu zein den bere jarrera.

  1. Zein neurritan daude lotuta “Procés de transició nacional” delakoa eta hizkuntzen estatusaren gaineko eztabaida? Kataluniaren estatus politikoan aldaketarik egon gabe gertatu al daitezke aldaketak katalanaren estatusean?

Kataluniaren estatus politikoan aldaketarik egin gabe, estatu espainoleko hizkuntza politikan egin beharko litzateke aldaketa. Zentzu horretan, interesgarria da independentziaren alde ez daudenek eta federalistek euren posizioa berraztertzeko hasi duten eztabaida; partzialki, webgune honetan jaso ditut horiek ere. Iritzi emaile batzuek euren buruari galdetzen diote ea estatuak gaztelania ez diren beste hizkuntzak hobeto tratatuko balitu ez ote liratekeen independentziaren aldekoen burujabetza desioak geldituko.

  1. Oraingo eztabaida honetatik at al daude gainerako Països Catalans-ak?

Bai, egungo eztabaidan bakarrik Katalunia izan dugu eztabaidagai, une honetan independente izateko borondatea politikoki adierazi duen lurralde bakarra baita.

  1. Hizkuntza ofizialen gaineko eztabaidaren ostean, zure ustez zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Berez, gaur egungo Kataluniako Gobernuaren bide orriak honako hau proposatzen du: (1) erreferenduma; (2) independentziaren aldarrikapena; (3) Konstituzioa idaztea; (4) Konstituzioaren gaineko erreferenduma; beraz, eztabaidak jarraitu egingo du estatu berriaren Konstituzioa onartzea (ala ez) erabaki arte.

  1. Katalunian duzuen eztabaida hau bera Euskal Herrian egoteko, zer uste duzu beharko litzatekeela?

Eztabaida honek bakarrik zentzua du herritarrek estatu berri bat sortzea dutenean helburu, orduan baita unea hizkuntza kontuak eztabaidatzeko. Gaur egun, Euskal Herriko egoera politikoa ez da Kataluniakoarekin konparagarria; ezta hizkuntzen egoera ere, batik bat hizkuntza propioaren ezagutzaren ehunekoak oso desberdinak direlako batean eta bestean.

Informazio osagarria:

Erantzun