ABB Niessen: Euskaraz lan egin nahi dut > Bai euskarari ziurtagiria

Asteartea, 2014ko irailaren 30a

ABB Niessen enpresan Euskaraz lan egin nahi dut izeneko egitasmoa jarri zen abian orain bi ekitaldi. Sinadura publiko bidez, langileek hainbat jokabideri atxikimendua adieraztea izan zen egitasmoaren xedea. Emaitza esperotakoa baino hobea izan zen, jende askok adierazi zuelako euskara gehiago erabiltzeko konpromiso publikoa. Niessen-eko Euskara Batzordeko kideontzat, borondate sozial hori gorpuztea lehentasunezko erronka izatera pasa zen.

P1010571

Langileengana hurbiltzea

Horretarako, ahalik eta langile gehiagorengana heltzeko asmoarekin, 2014ko udaberrian eta udan zehar, bileratxoak egin ditugu sail guztietan, bi helbururekin: aurten abiatu dugun Bai euskarari ziurtagiria prozesuari buruzko informazioa langileei helarazteko, eta euskara planari buruzko iritziak eta hobekuntza proposamenak aurrez aurre jasotzeko. Sei bilera egin dira guztira, eta praktika oso aberasgarria izan dela esan dezakegu, honi esker jende berria hurbildu baita euskara planera eta sinergiak hobeto baliatzeko aukera eman baitigu.

Bileretako parte-hartze datuak:

buletina-1Horrekin batera, euskara planaren baitan egindako lanaren pertzepzioaz jabetzeko, zenbait ekintzaren gaineko balorazio kuantitatiboa (1etik 5erako puntuazioa) eskatu dugu eta hau izan da emaitza:buletina-2Aurrez aurreko feedbacka izatea oso baliagarria izan da alderdi kualitatiboan hobekuntza proposamenak jasotzeko.

Bai euskarari ziurtagiria

Bestalde, lehen aipatu bezala, Niessen-ek Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko prozesua abiatu du aurten. 2014. urtea oso berezia da Niessen-entzat, izan ere, 100 urte betetzen ditu. Ez dira asko urtemuga berezi hori ospatzera iristen diren lantegiak eta Zuzendaritzak behar bezala ospatu nahi izan du. Horretarako, hainbat alorretan antolatu dira ekitaldiak, eta euskara ez da salbuespena izan, euskara planaren historian mugarri izango den Bai euskarari ziurtagiria lortzeko prozesua abiatu baitu Niessen-ek. Ezin dugu esan goian aipatutako kanpainaren ondorio zuzena denik, baina ezin da baztertu langileen nahia adierazteko balio izan zuen kanpaina hark eraginik izan ez duenik abentura berri honetan.

Bai euskarari ziurtagiria oso elementu garrantzitsua izango da Niessen-eko euskara planaren erakundetzean. Horren lekuko da prozesua kudeatzeko lan-talde berezia sortu izana, ardura postuetan dauden langile esanguratsuekin; besteak beste, lantegiko gerenteak berak ere parte hartuko du.

Aurrera begira

Niessen-eko euskara planean bi bide hauek lantzen jarraitu nahi dugu: langileekin zuzenean egoteko espazioak sortu eta enpresaren erakundetze mailan eragin, euskararen erabilera enpresaren ohiko funtzionamenduaren ezinbesteko izan dadin.

Denok dakigu langileen aldetiko konpromiso handiagoarekin produktu hobeak ekoizteko baldintzak sortzen direla. Faktore asko daude konpromiso horretan eragiten dutenak (soldata, lan-baldintzak, enpatia…) eta uste dugu faktore horien artean sartzen dela euskararen normalizazioa ere.

a_a1

Euskara herri honetako nortasun ikurra da eta bertako kideak komunitate baten partaide sentiarazten gaitu. Euskarak lantegiaren barneko pertsonak elkartzen ditu: hainbat sailetakoak, askotariko maila eta kategoria dutenak (zuzendariak, langile soilak…), pentsamendu eta belaunaldi desberdinetakoak, eta abar.

Eta hori da, hain zuzen ere, ikustarazi behar duguna. Sar dezagun euskara enpresaren kudeaketaren muinean, eta efizientzian irabaziko dugu eta produktu eta pertsona konprometituagoekin zerbitzu hobeak ekoiztuko ditugu; horretarako, tresna eraginkorrak izan daitezke euskararen ziurtagiriak, izan Bai euskarari edo izan Bikain.

Bidaltzailea: Txuss Alfonso (ABB Niessen-eko euskara koordinatzailea)

Erantzun