ALDAHITZ interbentzioa Fagor Arrasate Markinan

Osteguna, 2015eko martxoaren 26a

Soziolinguistika Klusterrak, EHUrekin eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin lankidetzan egin duen esperientzia pilotua da ALDAHITZ. 2014an EAEko hiru lantegitan jarri zen martxan, horietako bat Fagor Arrasate Markinan; EHUko irakasle den Pello Jauregi doktoreak zuzendu zuen, Soziolinguistika Klusterreko Pablo Suberbiolaren laguntzaz.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Argazkia: https://www.flickr.com/photos/samsteele/2840859065

Interbentzioa aplikatzen zen lantegian dinamika berri bat sortzea zen helburua, lankideen arteko eguneroko harremanetan euskaraz gehiago egiteko aukera emango zuena. Hain zuzen ere, Automatismoetako Departamentuan horrelako dinamika baten bila genbiltzan aspalditik, ezagutza oso altua izan arren, erabilerarekiko kezka baitzegoen. Gainera, interbentzioko baldintzak betetzen zituen departamentu horrek, euskarazko ezagutza edo ulermen maila langile guztiek zutelako eta esperientzia hori garatzeko erabakia aho batez hartu zutelako.

Lehenengo, denen oniritziz, EUSLEAK aukeratu ziren, hau da, esperientziak irauten zuen bitartean barruko harremanetan euskarazko jardunari eutsiko ziotenak. Hori da, hain zuzen ere, egitasmo honen metodologia edo ardatza: EUSLEEK eguneroko jardunean euskarari eustea. Lehen hilabeterako, 15 langileren artean 2 eusle aukeratu ziren eta beste 2 bigarren hilabeterako. Horrekin batera, beraien artean koordinatzaile bat hautatu zen datuak bidaltzeko. Jarraian, langileen arteko hizkuntza-ohiturak modu aitortuan jasotzeko lehen mintzagrama egin zen. Bi hilabeteko interbentzioa bukatu zenean 2. mintzagrama osatu zuten. Hiru hilabetetako etena egin, eta 3. mintzagrama egin zen. Emaitza:

Grafikoa

Balorazioa oso positiboa izan zen hasierako erronka bete zelako eta interbentzioak emaitza onak eman zituelako: 8 puntuko igoera. Bestalde, dinamika sinplea izateak ere asko lagundu zuela aipatu ziguten langileek. 2015ean ere ALDAHITZeko dinamikak jarraipena izango du eta bertan parte hartuko dugu.

Bidaltzailea: Jose Mari Legarra (Fagor Arrasateko Muntaketa Elektrikoetako talde burua)

Erantzun