Arabatik arabara euskaraz

Asteartea, 2011ko azaroaren 15a

Araban euskarak suspertze handia izan du azken 40-50 urte hauetan. Ildo horretatik, Euskaltzaindiari garrantzitsua iruditu zaio euskarak lurralde honetan bizi izandako garapenari eta arabarrok egindako ahaleginari arreta berezia jartzea.

Euskararen bilakaera eta indarberritzean buru-belarri aritutako herri-ekimen eta pertsonen lanaren berri eman zen jardunaldiotan eta Arabako euskal hiztunen ezaugarriak ere azaldu ziren, non hezkuntza, euskaltegia eta gurasoen sentsibilizazioa batetik, eta trasmisioa bestetik, jauzi horretan giltzarri izan diren. Baina ez hori bakarrik, euskarari buruzko diskurtso berriak partekatzeko eta iritziak trukatzeko aukera ere izan baikenuen.

Tartean, bertan paratutako Euskera agerkaria erakusketaz eta Euskaltzaindia eta Araba liburuxkaren aurkezpenaz gozatu ginelarik.

Amaitzeko, Henrike Knörr euskaltzain zenduari omenaldi xume bezain hunkigarria egin zitzaion.

Izena eta izanaz, euskara bertakoa, Manu Ruiz Urrestarazuk. Azken 25 urteotako bilakaeraz, HPSko Jon Aizpuruak. Kale-neurketaz, Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak, ezagutza eta erabileraren arteko ohiko erronkaz. Arabako herri-ekimenaren inguruko narrazioa, bertso eta guzti, Miel Anjel Elustondoren eskutik: Arabaren antzindaritasuna eta arabarron ahalegina agerian, eta ahalegin hori guztia batu eta babestuko lukeen aterkiaren bila. Iñaki Martinez de Lunak euskararen inguruan dauden jarrerei loturiko hausnarketarako proposamen interesgarria mahaigaineratu zuen. Hori goizean.

Euskararen sustapena herri-erakundeetatik mahai-inguruak hasiera eman zion arratsaldeko saioari, non bertako zenbait egitasmoren berri ere eman zen jarraian:

  • Mintzalaguna
  • Gurasolaguna
  • Gaztelaguna
  • Arabako Koadrila Arteko Bertso Txapelketa
  • GEU elkartea eta Hala Bedi Irratiaren Egitasmo Komunikatiboak
  • Emun-en Gasteizko Aisialdiko programa
  • Merkataritza (Artez) eta Ostalaritza (GEU) arloko egitasmoak.

Amaitzeko, arestian esan legez, paso eman zitzaion Henrike Knörren omenaldiari, bere sendiari leku berezia eginez.

Informazio gehiago: azaroaren 18tik aurrera hitzaldien edukiak ere bere osotasunean eskuragarri.

Argazkien jabetza: AMAIA OKARIZ (euskaltzaindia.net).

Bidaltzailea: Estitxu Breñas Gonzalez de Zarate, Emuneko teknikaria.

Erantzun