Auzoko egitasmoa

Asteartea, 2010eko azaroaren 9a

Topaguneak hainbat erakunderekin lankidetzan Auzoko egitasmoa martxan jarri du Euskal Herriko sei herri eta auzotan honako helburu nagusiarekin: euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzea.

Euskara, aniztasuna eta herritarrak, hiru gako horiek barne biltzen ditu Auzoko egitasmoak. Izan ere, Euskal Herrian hizkuntza aniztasun errealitate baten aurrean gaude. Bestalde, herritarrok, hizkuntza behar dugu elkarren artean komunikatzeko, jendartea osatzeko. Zeregin horretarako gure proposamena, euskara kohesio eta komunikazio hizkuntza gisa erdigunean jartzea da.

Baina hori nola lortu? Auzoko Egitasmoarekin proposamen zehatza frogatzera goaz datozen hilabeteotan.

Euskal Herriko sei herri eta auzotan proiektu pilotuak martxan jarri ditugu, herritarren arteko topaguneak bultzatuz. Auzoko lagun taldeak osatu ditugu non bi profil aurreikusi ditugun: Auzotarrak; egunerokoan euskaraz aritzen diren herritarrak, eta Auzokideak; euskaraz ez dakiten herritarrak. Euskararekin jolastuz eta ludikotasunaren bitartez, euskaraz ez dakiena euskarara hurbildu nahi da eta bestetik hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jarri nahi dira. Gure ustez, harreman zuzenaren eta hurbiltasunaren bidea dira beste hizkuntzetako hiztun helduak euskarara hurbiltzeko erarik onenak. Gainera, hizkuntza egitasmo honek, elkarbizitzako helburu garrantzitsuak jorratuko ditu, hala nola, elkar ezagutza, hurbilketa, aurreiritziak gainditzea eta elkarren aitortza. Beraz, bertan parte hartzen duen orori egiten dio ekarpena Auzokok.

Euskarak aliatuak behar ditu eta beste hizkuntzetako hiztunak aliatu egokiak izan daitezkeelakoan gaude. Gaur egun ditugun elebitasun egoeretan euskarak galtzeko guztiak ditu (arrain handiak txikia jaten du), hizkuntz aniztasunarekin berriz erronka berriak ditugu aurrez aurre eta baita aukera berriak ere. Azken horiek probestu nahi ditugu bereziki eta Auzokok norabide horretan ekarpen praktikoa egin nahi du. Izan ere, hizkuntza aniztasuna errealitate bat den neurrian, hizkuntza bakoitza onartuz eta errespetatuz, euskara onartu eta errespetatzeko oinarriak jartzea da Auzokoren proposamena. Hizkuntza errealitate anitz honetan euskarak irabaziko du, baldin eta kohesio eta komunikazio hizkuntza euskara izatea lortzen badugu. Proposamen hau egungo elkarbizitzarako praktikatatik urrun dago eta indarrean dauden politika eta lehentasunak kontuan hartuta, ez zaigu berez etorriko. Korrontearen kontrako proposamen gisa har baliteke ere, gure esku, euskaraz bizi nahi dugunon esku egon daiteke egotekotan bide zidor bat arakatzeko.

Zehatz-mehatz, zer egiten ari gara? Egitasmoa bi ildotan banatu dugu, elkar elikatzen badira ere. Alde batetik, komunikazioa lantzen ari gara, herritarrei herriko hizkuntza aniztasuna eta Auzoko zer den azaltzeko. Bestetik, Auzoko lagun taldeak martxan jarri ditugu, Auzotarrez eta Auzokideez osatuak, herritarrak berdintasun egoera batean euskaraz komunikatu daitezen, aniztasuna eta elkartrukea jorratuz. Horretarako, 30 hizkuntzatan poltsikoko hiztegitxoak sortu ditugu hizkuntza bakoitzeko hiztunen laguntzaz. Aymaraz, Sererrez, Ketxuaz, Urduz, Gaztelaniaz┬ů gure herrietan hitz egiten diren hizkuntzetan. Hamabostean behin edo astean behin, ordu eta erdi inguruko saioak burutzen ari gara, modu ludiko batean, antzerkia eta jolasen bitartez. Euskaraz ari gara, pixkanaka-pixkanaka baina euskaraz.

Bukatzeko, Auzokoren sorreraz eta sustapenaz bi hitz. 2008an Topaguneak eta UEMAk kezka komun bati erantzun nahian, herri euskaldunetara zetozen etorri berriei hizkuntza harrera egiteko programa bat diseinatzeko lankidetza adostu genuen. 2009rako txosten batera eraman genuen diseinua eta urte bereko udazkenean lagun taldeen dinamikak frogatzeko 4 herritan hasi ginen lanean, lan boluntarioa oinarri nagusi izanda. Esperientzia honek lagun taldeen baliagarritasuna erakutsi zigun.

2010eko udazkenean hainbat erakunderen sostenguari esker Auzokon lan trinkoago bat egiteko aukera izaten ari gara, herri gehiagotara zabaltzeaz gain, sentsibilizazio eta gizarteratze lan bat gehituta. Agurainen, Berriatuan, Bergaran, Donostian, Orion eta Zeanurin ekin diogu bigarren etapa honi UEMArekin koordinatuta. Lau herri oso euskaldun ez ezik, giro erdaldunagoko beste bi eremutan arituko gara lanean eta abenduaren bukaerarako proposatutako dinamiken baliagarritasunaren gaineko lehen ondorioak ateratzeko moduan egongo gara. Eusko Jaurlaritzako HPS eta Gizarte Gaietarako Departamenduak ez ezik, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Saila dira babesle publiko nagusiak eta sostengu garrantzitsua izango dugu baita ere Kutxa Fundazioaren aldetik lan esperimental hau aurrera ateratzeko. Erakunde hauen babesaz gain, azpimarratu nahi ditugu, herriz herriko udalen babesa eta lankidetzarako prestutasuna eta tokian tokiko euskaldunon elkarteekin lankidetzan egiten ari garen lana. Bergarako Jardun Euskara Elkartea, Zeanuriko Alozo, Aguraingo Olbea, Donostiako Bagera eta Orioko Karkara.

Auzoko lankidetzarako, elkartrukerako eta borondatezko parte hartzea bideratzeko hizkuntza egitasmoa bat. Herritarrak daude oinarrian eta euskara erdian. Auzokon herritar guztiei irekita dagoen egitasmoa da, euskara gero eta guztionagoa egiteko bokazioa duena, jorra dezagun eskuz esku!

Bidaltzailea: Topagunea

Erantzun