Badator Hitzargiak Topaketa

Asteazkena, 2016ko ekainaren 1a

Ekainaren 23an eta 24an izango da Hitzargiak Topaketa, Europa osoan hizkuntzak biziberritzen diharduten eragileak elkartzeko unea. Orona Fundazioan, Orona Ideon izango da, eta bi egunez eragileen arteko harremanak, elkarlanak eta sinergiak aktibatzeko era askotako aurkezpenak eta ekintzak bilduko ditu. Zabalik dago Topaketan parte hartzeko izena emateko epea, eta behin-behineko egitaraua ere webgunean dago kontsultagai.

Irudia2

Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak proiektuaren ibilbidean geldiune bat izango da Topaketa, biziberritze-prozesuan murgilduta dauden hizkuntza- eta hiztun-komunitateek elkar ezagutzeko eta haien arteko harremanak sendotzeko, etorkizuneko ibilbidean eraginkorragoak izan daitezen.

Dagoeneko 70etik gora jardunbide bildu dira Hitzargiak egitasmoan, 12 herrialdetakoak eta 24 hizkuntzatakoak.

Beste hizkuntza-komunitateengandik ikasteko, eta norberaren ezagutza eta eskarmentua beste komunitateetako kideekin partekatzeko aukera paregabea izango da. Izan ere, harremanak eta elkarrizketak sustatzea izango da Topaketaren helburu nagusietako bat.

Erantzun