Bigarren “Euskararen paparazziak” argazki-lehiaketa Iruñerriko saltokietan

Astelehena, 2015eko apirilaren 6a

Iaz aurreikuspen guztiak gainditu ostean, aurten ere “Euskararen paparazziak” argazki-lehiaketa antolatzea erabaki dugu “Euskara Merkataritzara” planean parte hartzen dugun udalek (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusia) eta Iruñeko Karrikiri Euskaldunen Elkarteak.

Kartela_lehiaketa_behin_betikoa_2015_euskaraz

Lehiaketaren helburua saltokietan euskararen erabilera handitzeko eman diren urratsak bezeroei eta herritarrei ikusaraztea da eta, horretarako, arreta erakartzeko, argazki-lehiaketa antolatzea erabaki dugu aurten ere.

Lehiaketan parte hartzeko bidea oso sinplea da: Iruñerriko eta Gareseko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelakoei argazkiak atera eta “WhatsApp” edo “Telegram” aplikazioen bidez 605 75 40 17 zenbakira bidali behar dira. Euskara eta merkataritza hobekien uztartzen dituen argazkiaren bidaltzaileak 500 euroko txartela jasoko du planean parte hartzen duten saltokietan gastatzeko. Horrez gain, parte-hartzaileen artean 100 euroko hiru txartel zozketatuko dira. Argazkiak apirilaren 6tik 26ra bitartean bidali ahalko dira, bi egun horiek barne.

Sortu berri dugun blogean kontsultatu daiteke “Euskara Merkataritzara” planaren gaineko informazio osoa, eta baita aurtengo lehiaketaren oinarriak eta iaz jasotako argazkiak ere.

Bidaltzaileak:  Haritz Goikoetxea eta Leire Muxika (“Euskara Merkataritzara” planeko teknikariak)

Erantzun