Eibarko familia transmisioaren hitzaldi osteko ajeak

Asteartea, 2012ko maiatzaren 15a

Parkean nago. Umeak, 7 urteko lau mutil, txabola apaintzen dabiltza, harri koxkor, egur, makil eta bestelakoekin. Lau dira, lagunak, ikaskideak. Asmakizun betean dabiltza. Hurbildu zaizkio beste hiru lagun, eta tak, erdaraz hasi dira. Lehengoan Eibarko hizkuntza transmisioaren jardunaldian Paula Kasaresek esandakoak datozkit gogora:

Hizkuntza baten indarberritzearen termometroa parkean, egoera komunikatibo ez instituzionalizatuan, hartzen da. Indarberritzearen xedeetako bat bete da parkean umeak euskaraz ari direla ohartzen garenean.”

– Beñat, Anartz, zergatik egiten diezue erdaraz? Galdetu diet nik.
– Ez dakite ondo. Erantzun didate.

Baita zera ere! Haiek hobeto dakite euskaraz zuek erdaraz baino, eta, hala ere, zuek erdaraz ari zarete pentsatu dut nik.

Haurrak hizkuntza galtzeko eta indarberritzeko prozesuetan ERAGILE AKTIBOAK dira, ez jasotzaile pasiboak. Haurrak hizkuntzaren sortzaileak dira. Ikusmolde aldaketa proposatu digu Paulak transmisioaren adieran: hizkuntza ez da familian bakarrik transmititzen, transmisio bertikala, norabide bakar eta goitik beherakoa ikuspegi hertsiegia da. Eredu dinamikoa, diakronikoa eta elkarreraginezkoa behar dugu. Hiztun bilakatzea, sozializazioa, bizitza osora luzatzen da. Gaur egun sozializazio eragileak aldatu egin dira, familia eta eskolaren eragina apaldu egin dira”.

Barne bakarrizketa hutsean jarraitu dut nik. Zergatik egiten dute hiru mutiko horiek erdaraz orduan? Bik guraso erdaldunak dituzte, baina hori ote?

“Helburu den horri buruz ez dugu informazio handirik. Faktore asko sartzen dira prozesuan. Hizkuntzaren indarberritzean gehien inplikatu diren gurasoak ez dira izan beti hiztunik onenak, guraso euskaldunek garrantzia bai, baina erlatibizatu behar da hori. Paularen proposamena: helburua haurren arteko berezko erabilera indartzea. Onurak: iparra garbi edukitzen lagundu, familia guztiak inplikatu ahal dira, eragin esparrua zabaldu egiten da (familia, eskola…), eragileak ugaltzen dira eta eragin biderkatzailea du.”

Ez dago gaizki esana, baina nik arazoa begi bistan daukat. Zer esango diet ume mukizu hauei? Beñat…euskaraz egizu, motel…

Emozioen soziolinguistika landu beharra dago. Diskurtso anitzagoak, hurbilagoak eta egokiagoak. Eskuartze berrien premia dugu…”

Buf, egia aitortu beharra daukat. Egun osoko jardunaldian egon naiz eta ez dakit zer esan eta nola jokatu. Nola jakingo dute ingurukoek?

Buruko ahotsen kutxa itxi beharra izan dut umeek makilak jaso eta makilak elkarren kontra dantzan hasi aurretik…banoa azkar…

Bidaltzailea: Amaia Balda (Emuneko teknikaria)

Erantzun