Eikan makinetako botoien %86 euskara hutsez daude

Asteartea, 2015eko martxoaren 17a

Gaur egun 360 bazkide dituen Eika kooperatiba 1973. urtean sortu zen Etxebarrin (Bizkaia), Lea-Artibai eskualdean. Bazkide gehienak Lea-Artibai eskualdekoak edo ingurukoak izanik, %89k daki edo ulertzen du euskara. Aurretik ere kasu aurreratu gisa nabarmendua izan du, besteak beste Soziolinguistika Klusterrak. Oraingoan, praktika on bat azaltzeko eskatu diegu, makinak euskaratzen egin duten bidea, hain zuzen ere.

Aurkezpena1

Eika Mondragon Korporazioko Industria Arloko Osagaien Dibisioan dago, eta sutegi elektrikoentzako osagaiak egiten ditugu bertan: bitrozeramikentzako foku irradiatzaileak, eta labeentzako erresistentzia elektrikoak. Eika Taldeko kide ere badira Poloniako planta (EPL), Txekiakoa (CZEika) eta Mexikokoa (EMX).

Euskara Planari dagokionez, honako hau da gure helburu nagusia: Etxebarriko Eika kooperatiban lan hizkuntza eta langileok jasotzen dugun zerbitzu hizkuntza euskara izatea, eta eskualdean eragile moduan jardutea.

Hortaz, euskara planaren helburu nagusia ezagututa, eta Eika industria enpresa dela kontuan izanik, tailerreko makinen arloan aparteko esfortzu eta inbertsio pertsonal eta ekonomikoa egin dugu; izan ere, tailerrean dago langile kopuru handiena –300etik gora makina daude tailerrean, eta 360 bazkideetatik 272 zuzeneko langileak dira–.

Horren erakusgarri, Eikako prozeduretan –inbertsio berrien prozeduran zehazki–, jasota dago makinek euskarazko aukera izan behar dutela, bai botoietan, bai pantailetan. Eta hornitzaileak aukerarik ematen ez duenean, Eikan bertan euskaratzen dira.

Horrela, 15 urtez euskararen normalizatzen jardun ondoren, tailerreko makinen kasuan lortu ditugun emaitzak azpimarragarriak dira:

1) Makinen botoiak: %86 euskara hutsez daude.

Izan ere, Eikako euskararen eskuliburuan jasota dago barne errotuluak –eta, beraz, makinen botoiak– euskara hutsez jarri behar direla.

Zergatik euskara hutsez? Gaztelaniazkoa ere begi aurrean daukagun bitartean euskaldunoi gehiago kostatzen zaigulako euskarazko hitza edo adierazpena geureganatzea. Euskara hutsean jarrita, ordea, euskaldunoi gure hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskarazko adierazpen berriak ikasteko bidea zabaltzen zaigu.

Euskaraz ez dakitenei, bestalde, ahoz azaltzen zaizkie errotuluek zer esan nahi duten (ez da txuletarik erabiltzen); berehala ikasten dute, euskarazko hizkuntza paisaiara ohitzen dira, eta apurka-apurka eta modu errazean euskararen munduan integratzeko ateak zabaltzen zaizkie. Guztiontzako da onuragarria.

2) Makinen aginte panelak eta pantailak: %73 euskaraz ere badaude –horietatik %90ean euskarak dauka lehentasuna, pantaila automatikoki jartzen baita euskaraz–.

Oraindik ere badira euskarazko aukerarik ez duten makina gutxi batzuk, bere garaian hizkuntza bakarrean egoteko diseinatu zirelako; makina horietako gehienak zaharrak dira.

Lan eta lorpen honen oinarrian, Eikako langile guztien nahia eta inplikazioaz gain, Eikako organoen euskararen aldeko apustu argia dago: euskara Eika barruko lan hizkuntza izatea, horretarako euskaraz lan egiteko langileen gogoa eta irakaskuntza arloan egindako lana aprobetxatuz.

Bidaltzailea: Ainhoa Irureta (Eikako produkzio arduraduna eta euskara koordinatzailea)

Erantzun