Elkarteetan Eragiten Hitzarmengintzaren bidez

Asteazkena, 2011ko urtarrilaren 26a

Topagunearen Entitateak Euskalduntzeko Sailarekin elkarlanean idatzi du Iñaki Eizmendik Entitateak Euskalduntzeko Metologiaren Garapena: Elkarteetan Eragiten Hitzarmengintzaren bidez liburua.

Udalekin, Gipuzkoako euskara teknikariekin elkarlanean egitasmorako egindako elkarrizketaren laburpena topatuko duzu ondorengo lerroetan.

Nola sortu zen liburu hau atontzeko ideia?

Topagunetik elkarteetan eragiteko metodologia garatzearen beharra ikusten zuten: Herri eta auzo guztietan daude elkarteak, harreman sare asko sortzen dira bertan eta harreman sare askoren eragile ere badira, eta abar. Estrategikoa den arloa da baina oraindik gutxi garatu dena.

Zeinentzat da aproposa eskuliburu hau, hitzarmengintzan hasi berri den batentzat edo urte asko daramatzan batentzat?

Edozeinentzat balio dezake. Orain hasi nahi duenari prozesu oso bat egiteko aukera ematen dio, baina lehendik ari denari ere, bere proiektuan aldaketak eman nahi baditu, atal jakinak erabiltzeko aukera ematen dio.
Hitzarmengintzan aritu nahi duten eragileei lana erraztu nahi zaie: batez ere erabakiak hartzea erraztu nahi da.

Zer aurkituko du euskara teknikariak edo normalizatzaileak eskuliburu horretan?

Elkarteetan eragin nahi izanez gero… Elkarte guztiengan eragin behar al dugu aldi berean? Nola aukeratu? Zein helburu jarri? Zein tresna eskaini? Zenbat baliabide beharko dira? Nola aurkeztu? Nola egin jarraipena? Modu horretako galderei erantzuten zaie eskuliburuan.

Zein gomendio emango zenioke hitzarmeneko teknikari hasi berriari?

Lehentasunak ondo jartzea eta baliabideak ondo neurtzea. Garrantzitsuena ez da hitzarmen asko egitea, gure helburuak ondo zehaztea baizik eta eraginkorrak izatea. Baliabideak ondo neurtzen baditugu jarraipena ere egokia izango da eta helburuetara hurbildu gaitezke. Baliabide gutxirekin elkarte askorengana iritsi nahi badugu, jarraipena ahula izango da eta helburuetara iristea zailagoa. Eskuliburuan baliabideak neurtzeko irizpideak ere proposatzen dira.

Eta zure ustez, zertan jarri behar du arreta aspaldi hitzarmengintzan dabilen teknikariak?

Aspaldi hitzarmengintza ari den teknikariak, elkarteen arloari heldu nahi badio, hainbat kontu aztertu beharko ditu: Elkarte bakoitzak herrian duen eragina ikustea, elkarte horiek aurrera egiteko prestutasuna neurtzea, elkarteen egitura (ahulak edo sendoak diren) aztertzea, elkarteengan eragiteko zenbat baliabide erabili ditzakeen aztertzea, eta abar.

Bukatzeko, azpimarratu hitzarmengintzako sustatzaileek komunikazioa ondo zaindu behar dutela: zer eta nola aurkeztu, herrian hitzarmengintzari buruz berri eman, eta abar. Hainbat ideia proposatzen dira horren inguruan.

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko teknikaria

Erantzun