Eskola Hiztun Bila jardunaldia

Astelehena, 2017ko urriaren 23a

Aurtengo Eskola Hiztun Bila jardunaldiaren barruan, Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeetako hizkuntza proiektu arduradunekin, Ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntza Proiektuez jarduteko aukera ederra izan genuen urriaren 17an. Gaiak duen garrantziaren berri ematen du Azpeitiako Soreasu antzokia, ikastetxeetan euskararen erabilera normalizatzen ari diren lagunekin, bete-bete eginda ikusteak. Bihoakie guzti-guztiei egiten ari diren lanaren errekonozimendua eta baita aurrera jarraitzeko animoak ere. Asko da egindakoa eta oparoagoa izango da datorrena.

Ikastetxeak bete-betean sartuta daude datozen lau urteetarako euren hizkuntza normalkuntza proiektuak zehazteko fasean. Horren harira, planifikatzeaz jardun genuen. Helburuak, estrategiak, ekintzak, adierazleak, arduradunak… izan genituen aipagai. Eta elementu horiek guztiak jasotzen dituen dokumentuaren (proiektuaren) garrantzia azpimarratu genuen. Analisiak egiten, ideiatzen, pentsatzen, erabakitzen… emandako denbora irabazitako denbora da. Gainera, hau guztia erakundeko eragile guztien parte hartzeaz egiten bada, askoz hobeto. Izan ere, horrek norabide argia eta adostua izatea dakar.

Argazkia: @Ulibarri_info

Proiektua arrakastaz aurrera eramateko egiturak zer-nolakoa izan behar duen ere aztertu genuen. Egitura orok, eraginkorra izateko, 5 funtzio bete behar ditu: proposatu, komunikatu, erabaki, exekutatu eta ebaluatu. Eginkizun horiek betetzen direla ziurtatu behar dugu baina, beti, ikastetxearen egiteko moduetara, kulturara, egokituta. Egitura berria sortzea baino eraginkorragoa da lehendik dagoena baliatzea, erakundearen sisteman bertan txertatzea hizkuntza normalkuntza proiektuak eskatzen dituen funtzioak.

Azkenik, hizkuntza normalizatzeko prozesuari begira jarrita, erabakiak hartzeko eta gauzatzeko ahalik eta markorik egokiena eraiki beharraz aritu ginen, erakundeko kide guztien inplikazioa lortzeaz, alegia. Batak bestea elikatzen duen hiru multzotan bana dezakegu komunitatea: erakundea, taldea eta norbanakoa. Eragiteko hiru esparru ditugu, beraz, erabakiak (konpromisoak) ere hiru mailatan hartu behar dira.

Horrela bada, ikuspegi sistemikoa oinarri hartuta; hau da, euskara normalizatzearen zentzua osotasunak ematen digula onartuta, bi ordutan proiektuari berari eta berau diseinatzeko prozesuari begirako zenbait gako aztertu genituen.

Datorren astean, urriaren 25ean, beste lan-saio bat izango dute datozen lau urteetan zer urrats eta nola eman gura dituzten zehazten jarraitzeko.

Elias Zumalde (Emuneko proiektu arduraduna)

Erantzun