Euskal kulturgintzaren transMISIOaz

Astelehena, 2009ko abenduaren 14a

Bigarren urtez Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa antolatu du. Eta lehen edizioan bezala, bigarrengo honetan ere Emuneko kide batzuk parte hartzeko aukera izan dugu.

Graduondokoa urtarrilean hasi zen eta uztaila artekoa izan da. Zazpi hilabete hauetan asteazken arratsaldeak kulturaz busti ditugu edo hobe esanda, kulturaz blai egin gara!! Kontzeptu teorikoez gain, aritu desberdinen bizipen guztiz interesgarriak zuzenean jaso ditugu, barruraino sartuz…

Aipatu bezala aditu eta arituen saioak izan dira, aste bakoitzean bana. Maialen Lujanbio eta Xabier Amuriza izan genituen lehen egunean eta uztailean Baigorriko Arrola dantza taldearekin amaitu genuen. Tartean berriz Xabier Lete, Joxanton Artze, Amaia Zubiria, Luistxo Fernandez, Imanol Galfarsoro, Ane Larrinaga, Mario Zubiaga eta abar luzea bat.

Graduondokoa lau ataletan banatua egon da:

  1. Hizkuntza komunitateen dinamikak. Kulturgintza kokatzeko oinarriak.
  2. Euskal Kulturgintzari buruzko irakaspenak orain artean: diakronikoki gaur egunera arte.
  3. Euskal Kulturgintza I: XXI. mendean, gizarte aldaketak.
  4. Euskal Kulturgintza II: XXI. mendean, egungo teknologiak.

Hizkuntza, kultura osatzen duen elementuetako bat da eta berebiziko garrantzia du kulturaren egituraketan. Herri bakoitzak sortua da hizkuntza, eta herriak osatu du gauzak ikusteko modu hori. Hizkuntzak pentsaeran erabateko eragina dauka. Hizkuntzak herriaren pentsaera moldatzen du. Hizkuntzak, bestalde, pentsaera mailako batasunaz gain, sentimendu mailako batasuna ematen die hiztunei, herrikidetasuna.

Euskara teknikariok euskararen normalizaziorako bidean, hizkuntzaz gain beste hainbat (kultur) elementu ere kudeatzen ditugu. Biak batera doaz. Ezin da euskararen normalizazioan eragin kultur elementuen lanketa bat egin gabe; euskal kulturaren normalizazioan euskara ahantzi ezin den moduan. Graduondoko honetan jasotako kontzeptuek, kulturaren lanketa modu kontzienteagoan egiten lagundu digu. Bestalde, ikuspegi osoago bat izaten ere laguntzen du, hau da, euskara planen eremutik atera eta euskararen eta kulturaren normalizaziorako ikuspegia hartzekoa alegia.

Euskal kulturaren transmisioan denok betetzen dugu funtzio bat. Gure esku dago jaso duguna guretzat gordetzea edo besteei zabalduz geroratzea.

Bidaltzailea: Leire Muxika eta Igone Baztarrika, Emuneko teknikariak

Erantzun