Euskara errekonozitu, Euskaraz errekonozitu

Asteartea, 2014ko azaroaren 4a

Mondragon Korporazioko euskara planaren Mahai Teknikoak urtero antolatu ohi dituen hitzaldien baitan, Amaia Arburuak “euskara errekonozitu, euskaraz errekonozitu” hitzaldia eman zuen Otaloran urriaren 28an. Fagor Ederlan kooperatibak Bergaran duen Muntaketa Plantako euskara planaren koordinatzailea da Amaia Arburua.

DSC00350

Hitzaldian zehar, euskararen ezagutzan nahiz erabileran emandako urratsengatik edota erakutsitako portaeragatik nabarmendu diren pertsonak eta lantaldeak enpresan nola errekonozitu diren azaldu zuen Amaiak.

Errekonozimendu batzuk era publikoan (ohar-taula bidez…) egin izan dituzte, eta beste zenbait modu pertsonalean. Bide bata nahiz bestea erabilita, norbait errekonozitu izan dutenean kolektiboan zenbait ideia indartzen direla nabarmendu nahi izan zuen, honako hauek adibidez:

 – Erakusten da egindakoa edo lortutakoa enpresaren politika eta estrategiekin bat datorrela.

–  Pertsonen konpromisoa handiagoa izaten laguntzen du, eta pertsonen autoestimua indartzen du.

–  Eredu positiboak indartzen eta bultzatzen dira.

Pertsonak aintzat hartzen dituzten ekimen horiek Euskara Batzordearen ekimenez gauzatu badira ere, aipatu zuen Zuzendaritza jakitun dela eta haren babesarekin egin izan direla, eta hala behar duela gainera.

Amaiak aipatu zuen errekonozimendua lantzearen beste onuretako bat errekonozimendua egiten duenarentzat dela; kasu honetan, Euskara Batzordearentzat. Errekonozitu beharrak egoeraren analisia egitea eskatzen du, eta analisi horrek Euskara Batzordeak egindako lanak emaitza batzuk sortu dituela erakusten du, eta hori positiboa da.

Bidaltzailea:  Osane Ibabe, Fagor Ederlaneko Bulego Orokorretako kidea.

Erantzun