Euskara Teknikarien konpetentziak

Asteartea, 2010eko urriaren 5a

Euskara teknikariek bide malkartsutan ibili behar izan zuten sortu ziren garaian,
baliabide gutxi eta prestakuntza zehatza jaso gabe.
Denboran aurrera egin ahala, soziolinguistikako erreferentziak jaso, enpresa munduko kudeaketa tresnak hizkuntza arlora ekarri eta, horrela, apurka-apurka osatzen joan dira euskara teknikariaren prestakuntza premiak.
Ingurune soziolinguistikoak, edota hiri edo herri batean lan egiteak, ordea,
behar batzuk edo bestea gehiago indartzea ekarri ohi du;
Zein dira, bada, gaur egungo euskara teknikariak aurrean dituen erronka nagusiak, eta nola aurre egin behar die prestakuntza aldetik?

Galdera hauen erantzunak bilatze aldera,
lau pertsonen iritziak bildu nahi izan ditugu Udal<>ekin egitasmorako prestatutako erreportajean.

Artikulu honetan, Iñaki Martinez de Luna irakaslearen erantzunak jasoko ditugu.

  • Euskara teknikarien hastapenetan, ezagutza teorikoaren beharra nabarmena zen, hori asetu nahian soziolinguistikan busti, eta Txepetxen, Fishman eta abarren lanetara hurbildu ginen. Gerora, gaitasun teknikoen beharra sumatuta, enpresa mundutik zetozen proiektuen kudeaketa gurera ekarri, eta plan estrategikoak eta kudeaketa planak teknikariaren eginkizunetan txertatu genituen. Gaur egun, hirugarren hanka jarri diogu mahaiari, eta ezaugarri pertsonalak ere lantzen hasi gara.
    Zuk zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Teknikari baten formazio premiek soziolinguistikaren izaera ongi islatzen dute: zeharkakotasuna, hain zuzen. Hortaz, oso zaila da gaitasun mota bat edo bestea lehenestea, ikuspuntuak eta hurbilpenak ugariak direlako.

Dena den, oinarri-oinarrizkoena zera da: soziolinguistika teorikoa, hizkuntzaren estatusaren inguruko ikuspuntuen aniztasuna eta gorabeherak nolakoak izan daitezkeen eta irtenbide bila garatu diren planteamenduaren berri izan dezaten.

Bigarrenik, Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaz jabetzea aipatuko nuke; izan ere, egoera ahalik eta zehatzen ezagutu behar da, horretan eragin ahal izateko. Egoeraren berri zehatzik izan ezean, planteamendu desegokietatik abiatzea da arriskua, eta euskara biziberritzeko ahaleginak alferrikakoak edota kaltegarriak izatea.

Azkenik, gaitasun teknikoak datoz, horiek guztiak ez baitira lanpostu guztietan beharrezkoak izaten. Hortaz, lanpostuaren edota interbentzio egoeraren arabera bereganatu beharreko gaitasunak dira eta ez, ezinbestez, euskara teknikari guztiek.

  • Soziolinguistika Klusterrak 2008an egindako soziolinguistika arloko teknikarien formazio premien azterketan, udal teknikarien helburuen artean, hauxe da aipatzen den lehenengoa: euskararen erabilerarako aukera ematen duten esparruak eskaintzea.

Erabilera areagotzeko saioen inguruan bi kontu aipatuko nituzke:
Bata, ebaluazio konparatiboaren beharra, alegia saio/programa mota ezberdinak egon daudenez, horietako zeintzuk izan diren emaitzarik emankorrenak eman dituztenak aztertu beharko litzateke, eta zergatik horiek eta ez besteak. Horrela, probetxu gehien eman duten jarduera motetan indarra jartzea posible litzateke eta efizientzia areagotzeko bidean geundeke, euskarak dituen baliabide mugatuak modurik emankorrenean erabiltzeko parada emanez.
Bigarrena, hautu estrategiko falta: martxan dauden erakundeen hizkuntza-aldaketa bultzatzea baino emankorragoa litzateke abiatze unean aurkitzen diren erakundeekin jardutea. Bigarren egoera hori bideratzea askoz errazagoa litzateke inertzia erdaldun batean murgilduta daudenen aldaketa lortzea baino.

  • Bigarrena, berriz, beste hau dugu: euskararekiko urrun edo epel agertzen diren gizartearen sektoreak erakartzea. Zer ulertzen duzu zuk euskarara erakarri nahi ditugula diogunean? Helburu hori lortze aldera, zein egitasmo nabarmenduko zenuke?

Hauxe da, ene ustez, une honetan euskarak duen bidegurutzea: abertzaletasunaren mugen baitan gelditu edo euskal herritar guztiengana hedatzea, alegia, herritar guztiek ez badakite ere, euskararen biziberritzeak denen babesa eta atxikimendua lortzea. Hedatze hori litzateke etorkizun oparoaren giltza eta, horrela gertatu ezean bi komunitatearen arteko talka agertzearen arriskua dago. Izan ere, bizirauteko beharrezkoak diren euskal komunitatearen eskakizunak eta eskubideen aldarrikapenak neurri diskriminatzailetzat jo ditzake (hasia da jotzen) erdal komunitateak. Eta azken horrek dena du bere alde, euskal komunitatearen aukerak, aldiz, nahiko mugatuak dira.

  • Nola ikusten dituzu euskara zerbitzuak, estrategiak ondo landuak al ditugu? Eta mezuak? Non daude indargune eta ahulgune nagusiak zure ustez?

Aurreko puntuan esandakoari dago lotuta: hizkuntzen inguruko diskurtso eta iritzi publikoaren bataila irabazi behar da. Horrela ez bada, euskararen aldeko neurriek porrot egin lezakete euskararen defentsa beren egin ez duten sektoreen aurrean; hots, gero eta hedatuago dauden diskriminazioa eta askatasun falta salatzen dituzten ahotsen aurrean.

Horregatik, euskal eta erdal gizarteek jakin behar dute euskara denon altxorra dela, hizkuntza bat berreskuratzea zein konplexu den, zer-nolako neurriak behar diren eta abar. Bai eta ere, alde guztien arteko oreka bilatu beharra dagoela, baina argi utziz egoera ahulenean dagoen hizkuntzak babes eta neurri bereziak behar dituela. Gizarteari halakoen berri emango dien informazioa eta formazioa zabaldu behar dira.

Hori dena lortzeko, euskararen aldeko diskurtso berria eraiki behar da, abertzaletasunaren gainean eraikitakoak abertzaleontzat baino balio ez digulako. Planteamendu berriak bi zutabe behar ditu: hizkuntzen ekologiaren filosofia gehi eleaniztasunaren begi bistako premia; biek ala biek elkarri lotuak diskurtso indartsu eta pragmatikoa osatuz. Diskurtso berri hori behin eraikita, komunikazio eraginkorra ere jarri behar da abian gizartearen sektore gehienetara iritsi ahal izateko.

  • Zure ustez, prestakuntza teorikoak erantzuten al die eguneroko lan beharrei?

Lehendabiziko puntuan esandakora bueltatuko naiz: oinarrizko prestakuntza teorikoaz gain, prestakuntza espezifikoak behar dituzte teknikariek. Horiek nolakoak izango diren, eguneroko jardunak esango du (ari da esaten, etenik gabe), kontuan izanda euskara biziberritzea “lubaki borroka” bihurtu zaigula: lekuan lekukoa, unean unekoa, egoera motak anitzak izanik eskakizun propioak erakusten baitituzte. Hortaz, prestakuntza malgua eta dibertsifikatua izango da, kasu bakoitzeko premia zein baldintzetara egokitua. Bidenabar esan, HIZNETen ere gogoeta bati ekin diogula formazio premia berriei erantzuteko asmoz.

  • Gizartea abiada oso azkarrean aldatzen ari da, nora zuzendu behar du gaur egun euskara teknikariak begirada, eta zeri eskaini behar dio arreta berezia?

Arestian esandakoan sakontzeko, bi erreferente nagusi ditu teknikariak:
Gizarte aldaketaren nondik norakoak aztertzen eta interpretatzen dituzten gizarte zientzietako adituak.
Egunerokoak arian-arian agerian uzten dituen beharrizanak.
Bi iturri horiek gidatu beharko dituzte teknikariaren formazioa eta estrategia. Premia berrien zertzelada xume batzuk honakoak lirateke: indibidualtasunak ikuspuntu kolektiboak garaitu izana, norberaren hautua gizarte eskakizunen aurretik jarriz; euskara orain arte batez ere euskal nortasunaren zutabe izan bada, gaur egun hizkuntzen merkatuko beste bat izatera ere pasa dela (eta ez erakagarriena); trantsizio politikoaren garaian gizarte giro orokorrak (EAEkoa, bate ere) euskaltzaletasunarekin bat egiten bazuen, gaur egun aldeko haize hori ahultzen ari dela; nortasun espainiarra partekatzen duten euskal herritar asko hasi direla onartzen euskara denon altxorra dela, aldekotasun hori ahula bada ere…

  • Zer da etorkizun hurbilean landu beharko duguna gazteen artean?

Bi gauza jakinarazi behar zaizkie:

Euskararen egoera nolakoa den eta etorkizunak zein erronkak dakarzkion gur hizkuntzari. Azken buruan, gizarte osoarentzat beharrezkoa diren informazioa eta formazioa, lehen esan bezala.

Ikuspegi historiko hurbila eskaini behar zaie; alegia, aurreko belaunaldiak izan duen erronka nolakoa izan den eta nola erantzun dion; orain, euren txanda iritsi dela, egungo egoeratik abiatuta etorkizuneko erantzukizuna eurei dagokiela argi utziz.

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko teknikaria

Erantzun