Euskara-teknikarien konpetentziak (eta II)

Asteazkena, 2010eko urriaren 27a

Zein dira gaur egungo euskara teknikariak aurrean dituen erronka nagusiak, eta nola aurre egin behar die prestakuntza aldetik?

Galdera hauen erantzunak bilatze aldera, Iñaki Martinez de Lunak emandako erantzunak jaso genituen.

Artikulu honetan, aldiz, euskara-teknikari lanetan urteak eman dituen Mari Carmen Arrietarenak, eta hasi berri den Aitor Lizarazurenak, jaso ditugu.


Mari Carmen Arrieta, Eskoriatzako euskara-teknikaria.


Aitor Lizarazu, Zumarragako euskara-teknikaria.

Zortzi galdera egin dizkiegu.

  • Euskara teknikarien hastapenetan, ezagutza teorikoaren beharra nabarmena zen, hori ase nahian soziolinguistikan busti, eta Txepetxen, Fishman eta abarren lanetara hurbildu ginen. Gerora, gaitasun teknikoen beharra sumatuta, enpresa mundutik zetozen proiektuen kudeaketa gurera ekarri, eta plan estrategikoak eta kudeaketa planak teknikariaren eginkizunetan txertatu genituen. Gaur egun, hirugarren hanka jarri diogu mahaiari, eta ezaugarri pertsonalak ere lantzen hasi gara.
    Denak dira beharrezko, baina guztien artean, zuk zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Maricarmen: Teknikarion trebetasunen ibilbidea hori baino konplexuagoa delakoan nago ni eta konplexuagoa ez ezik mugagabea ere badela uste dut, hau da norberak iritsi nahi duen lekuraino iritsi zaitezke, ez baitago mugarri zehatzik gure lana non hasi eta bukatzen den esaten duenik. Dena den, zure ibilbide horretan ni “gaitasun teknikoen” garaian iritsi nintzela erantzungo dizut. Plan estrategikoak eta kudeaketa planak, aurrekontuak eta likidazioak, hizkuntza txostenak, irizpideak, paisaia linguistikoa, gazteentzako esparru naturalak, trasmisiorako liburuxkak… KUDEAKETA garaikoa naiz ni eta soziolinguistikan gutxi jantzia. Orain, ezaugarri pertsonalen garaia iritsi omen da! Nik uste, xede-taldeak identifikatu eta bakoitzari egokitutako plangintzak egiten hasi ginenean ere ezaugarri pertsonalen munduan ari ginela. Baina bat nabarmentzekotan zein? Uste dut denetan abila izatea dela onena, baina garrantzisuena ezaugarri pertsonalak direla.

Aitor: Nire kasuan urte eta erdi pasatxo daramat lanbide honetan eta oraindik ere zuhaitzek basoa ikusten ez didatela uzten iruditzen zait. Oro har, martxan datorren proiektu/kudeaketa batean txertatzean nondik datorren eta norantz doan antzematea izaten da lehen mugarria. Ibilbidea eta bere tasunak ezagutu ahala ezagutza teoriko batzuekin egiten duzu topo, batzuk bidaide hartuz. Ondoren, guzti hori pertsonengan aplikatu behar duzu, beraz ezaugarri pertsonalei ere gero eta leku handiagoa eskainiz zoaz.
Neroni ez naiz ausartzen, kontesturik ezean, hiru horietatik ezaugarriren bat nabarmentzen. Ziklikoa dela esango nuke eta eurek euren burua elikatzen dutela.
Beraz, ziurrenik, zikloa orekan mantentzeak beharko luke nabarmendu beharreko.

  • Erabilera ardatz izan dugu azken urte hauetako planetan. Zein iritzi duzu orain arte arlo honetan egindakoari buruz? Eta, egoeraren azterketa egokia egiteko tresnak landu al ditugu?

Maricarmen: Uste dut esparru naturalak sortzeko ahalegin handia egin dela leku askotan eta horren fruitu direla gaztelekuak, ludotekak, kuadrillategiak, udalekuak, guraso tailerrak, jolas ikastaroak… esparru berriek euskaraz hitz egiteko leku gehiago eskaintzen dituzte eta hori ondo dago. Baina egia da horiek neurtzeko tresna espezifikorik ez dugula. Hor daude kale erabileraren neurketa eta antzekoak eta horrekin datu batzuk izatea posible da. Baina ez da zerbitzuen zuzeneko eragina neurtzeko tresna espezifikoa eta datu zehatzetan baino inpresioetan mugitu behar izaten gara gehiago.

Aitor: Esan bezala, Zumarragako Udaleko euskara teknikari postua betetzen dut azken urte eta erdian. Epe murritz honetan ez zait iruditzen aldaketa nabarmenegirik antzeman nezakeenik. Dena den, “euskararen erabilerarako aukera ematen duten esparruak eskaintzen” aipatzen bada, udalaren ibilbidea aztertuz gero udalaren menpeko diren eremuetan euskara poliki-poliki bidea zabaltzen ari da. Zumarragakoa naiz jaiotzez eta hainbesteko ikusmira badut. Adibide modura, lehen haurrei euskarazko eskaintza bermatzea zen helburu eta egun gazteena bermatzea da. Udalaren aldetik pausoz pauso aukerak zabaltzen ari dira, herritarrak baliatzen ditu? Zein pisu dute orain arteko joerek? Honek bigarren galderara garamatza.
Nire ustez, egoeraren azterketa egiteko tresnak ez ditugu orokorrean landu, azterketa puntualak ditugu soilik.

  • Euskararekiko urrun edo epel agertzen diren gizartearen sektoreak erakartzea: zer ulertzen duzu zuk euskarara erakarri nahi ditugula diogunean? Helburu hori lortze aldera, zein egitasmo nabarmenduko zenuke?

Maricarmen: Euskarara hurbiltzea, nire ustez, eleaniztasunaren berri ematea da. Ideologia baino gehiago hizkuntzekiko sentsibilizazioa, errespetua eta interesa sortzea. Guk (edo geure ondorengoek) gutxienez bi hizkuntza ondo jakiteko suertea daukagula transmititu behar diegu, hizkuntza bakoitzak errealitatea interpretatzeko modu desberdinak ematen dituela eta Madrileko ume batek ez daukan suertea daukatela gure gazte eta umeek txikitatik 2 hizkuntza jaso eta ikasten dituztelako. Euskararekiko urrun agertzen dien horiek, nire ustez ez dira hizkuntzatik urruntzen, hizkuntza horrek eurentzako duen irudikapenetik urruntzen dira, euskarak eurentzako duen esanahia hizkuntza-esparrukoa baino askoz zabalagoa da (inposizioa, abertzaletasuna, diskriminazioa…) eta guk ahaleginak egin behar ditugu eurengan euskararekiko irudikapen positiboak sortzeko.

Aitor: Herritarron gehiengoak hizkuntza komun bat eta portzentaia batek gainera beste bat menperatzen duen kontestu batean gaude oro har. Ezin dugu ahaztu, hizkuntzak ideiak komunikatzeko tresnak direla eta tresna diren heinean baloratu behar. Zer gertatzen da oro har herritar askorengan? Bada erreminta batekin bestearekin baina erosoago moldatzen direla. Herritarra librea da aukeratzeko, gu erakartzen saiatu behar gara, agian hobe, seduzitzen geure erremintara.
Egitasmo hori lortzeko egitasmoez baino jarrerez hitz egingo dut nik.
Lehengo metaforarekin jarraituz, batzuek, ez dute bigarren erremienta hori ezagutzen. Dena den hori ez da arrazoi erreminta saltzen ez ahalegintzeko, betiere goxo eta errespetutsu jokatuko dugu, are gehiago erreminta horren beharra sentitzen ez duenarekin. Kontuan hartu behar da saltzaile onak badakiela nahiz eta bezero horrek erosiko ez dion propaganda ona egin diezaiokeela, eta horretatik ere ikas dezakegu. Gerturatze horretan “bezero” horrek gurekiko edo gure erremientarekiko iritzi positiboa sortzen badu, ereiten ari gara. Bezeroak, ordea, gugandik iritzi txarra hartzen badu, ez du, ziurrenik gure aldeko propaganda onik egingo-eta.
Beraz, euskararekiko urrun edo epel agertzen diren gizarte sektorea mimo handiarekin seduzitzen saiatu behar dugu.

  • Nola ikusten dituzu euskara zerbitzuak, orokorrean, txostenean agertzen diren helburuei heltzeko? Estrategiak ondo landuak al ditugu? Eta mezuak? Non daude indargune eta ahulgune nagusiak zure ustez?

Maricarmen: Nik uste dut ibilbide luzea egin dela euskara zerbitzu gehienetan eta lana fin egin dela. Oraingo mehatxua akomodatzea izan daitekeela pentsatzen dut. Gizarte ekimena lausotuz joan den bezalaxe teknikarion irrikak ere lausotzea eta apaltzea. Ez dut ikusten oraindik hori gertatzen denik, baina arriskua egon daitekeela iruditzen zait.

Aitor: Ziurrenik urte eta erdiko ibilia ez da oso esanguratsua, oraindik gorabehera handiak sentitzen baititut. Une honetan, adibidez, ondo ikusten dut Zumarragako Udaleko euskara zerbitzua hor aipatzen diren lehen hiru puntuekiko.

. Euskararekiko urrun edo epel agertzen diren gizartearen sektoreak erakartzea.

Badira 6 urte ikastetxeekin koordinatuz haurren errefortzu saioak antolatzen ditugula, bereziki etorkinei zuzenduak. Bestetik aurten, proiektu pilotu modura, “Ongi etorri” ikastaroa jarri dugu martxan Urretxu eta Zumarragako Udaletatik euskaltegiarekin elkarlanean kanpotik datozenei 10 orduko modulutxo bat eskainiz euskarara gerturatzeko.

. Herrian normalkuntzari begira lan egiten duten beste eragileekin koordinatuta elkarlanean aritzea

Ez dut aipatu orain arte baina kontuan hartu behar da herriari begirako Biziberritze Planean Zumarragak orpoz orpo lan egiten duela Urretxurekin, hartu-emana ia egunerokoa delarik. Ikastetxeetako ordezkariekin hileroko bilerak egiten dira eta Urola Garaia Mankomunitate mailan ere badugu ”Merkataritzan euskaraz” kanpaina maiztasunez biltzen gaituena. Horretaz gain ekintza puntualetarako biltzeko gaitasuna badugula iruditzen zait.

. Administrazioko langileen artean ezagutza eta erabilera sustatzea

Zumarragako Udalean, Erabilera Planaren barruan 2009an administrazio atalez atal batetik diagnostikoa eta bestetik konpromiso pertsonalak lortu dira lankideengandik, bakoitzak bere neurrian. 2010ean konpromiso pertsonalen jarraipena trebakuntza saioekin hastea aurreikusten da… bakoitzari, dagokion informazioa eta azterketa egin ondoren, bere neurrira egokitu daitezen jantzia proposatu zaio.

. Udalak eta batzordeek hartutako neurriak betetzen direla ziurtatzea

Hementxe antzeman nezake ahulgunerik handiena. Herriari begira, eskaintza zabaltzen ari garela antzeman nezake, baina erabilera? Nola lortu neurketa eraginkor bat agenteei ahalik eta lan gutxien eraginez? Udal barruko planera heda nezake galdera, azken finean konpromiso pertsonala bete duten ala ez, batetik beraien espektatiben eta bestetik zintzotasunaren menpe geratzen baita kasu batzuetan.

  • Gaur egun prestakuntza saio, jardunaldi, HIZNET eta beste hainbat ikastaro dugu honetaz edo hartaz prestakuntza teorikoa jasotzeko. Hala ere, jardunez ikasten da, ikasitakoa edo entzundakoa praktikan jarritakoan. Zure ustez, prestakuntza teorikoak erantzuten al die eguneroko lan beharrei?

Maricarmen: Prestakuntza beharrezkoa dela iruditzen zait eta saiatzen naiz eskura dagoena aprobetxatzen. Baina egia da esperientziak eta bidean egindakoak asko erakusten dutela eta lana aberasten dutela.

Aitor: Prestakuntza teoriko gutxi dudala aitortu behar dut. Are gehiago, datorrena hartzearen zale naiz, baina ez naiz bila joaten den horietakoa. Orain, kasu, Udalekin ekimeneko praktika komunitatean parte hartzekoa naiz. Ez dut izenik eman zuzenean deitu nauten arte, ez interesatzen ez zaidalako, esku artean dudanarekin zer ikasi ugari badudalako oraindik baizik. Gure amak esaten du behar baina gehiago edukitzea ez dela ona.
Bestalde, batzuetan saio teorikoetan “galtzearen” beldur ere banaiz, hau da, nahiago dut kukuren bat egin teoriari baina oinak lurrean izan, nahiz eta jakin behar direla kanpoko/goiko ikuspegiak.

  • Nora zuzendu behar du gaur egun euskara teknikariak begirada, eta zeri eskaini behar dio arreta berezia?

Maricarmen: Euskara teknikariok erne egon behar dugula uste dut nik, gure inguruan gertatzen den horrekiko erne. Gizarteari begira egon behar dugu, zein aldaketa dauden ikusi eta aztertu behar dugu eta aldaketa horietan hizkuntzaren normalizaziorako zein ekarpen egin dezakegun antzematen jakin beharko dugu.

Nire ustez arreta berezia belaunaldi berriei eskaini behar diegu, belaunaldi berri horiek euskararen hiztun, ohiko erabiltzaile… izan daitezen. Horretarako xede-talde desberdinekin lan egin beharko dugu: gurasoekin, epe motzean guraso izango diren gazteekin, sortu berriak diren bikoteekin, haurrek nahiz gazteek euskara modu naturalean erabili dezaten esparruak sortu beharko ditugu, etorri berriei ere gure hizkuntza-egoeraren berri eman beharko diegu, …

Aitor: Berriro ere Zumarragako Udaleko kontestura joko dut, agian, ideia teoriko handirik ez dudanez orokortze okerra litzatekeelako. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskaren diruz zer lagundu nahi duen ikusirik hainbat mugarri bereiz daitezke.
Zumarragan, arestian aipatu bezala, derrigorrezko hezkuntza sistema euskaraz bermaturik dugu, ondorioz eskola kanpoko ekintzek eta hurrengo adin taldeak beharko dute helburu, beraz era batera laburtzekotan gaztetxo eta gazteen aisian euskara erabiltzea dugu erronka.
Horrez gain, lan mundua jorratzea ere estrategikoa litzateke. Inguruko eskualdeetan baditugu eredu onak, gurean ordea, oraindik ez gara herriko merkatariez gaindi iritsi.
Dena den arreta berezia eskaini behar zaio erronkez gain, orain arte egiten denari eta eguneroko errealitatera egokitzen saiatu.

  • Zer da etorkizun hurbilean landu beharko duguna gazteen artean?

Maricarmen: Gazteak erakartzeko ez dut uste “made in EH” edo copyright euskalduna duen produktua asmatu behar dugunik guk gurean. Euren interesekoak diren esparruak euskaraz eta “euskaldun” eskaintzea izan daiteke modua. Sare sozialetan omen daude gaur egun gazteak, beraz eurak gogoko dituzten sare horiek euskaraz egotea da modua eta pozten nau horiek euskaratzen jendea fin dabilela ikusteak. Guk, euskara teknikariok, hizkuntzaren normalizaziorako gaien informazioa/formazioa daukagun heinean, entresaka egin eta gazteentzako interesgarriak izan daitezkeenak sareratzen hasi behako dugu, gazteek informazio hori euren gogoko esparruan aurkitzeko aukera izan dezaten. Ni esperimentatzen hasi naiz, ikusi egin behar emaitzarik dagoen.

Aitor: Lehen esandakora itzuliz, gazteei ez diegu euren lokaletan “Euskaraz, mesedez!” jarri behar, soilik, ahal den neurrian, euskaraz egingo diegu. Egun, geure ardura, ez al da eredu izatea? Eta ze hobea inposatu nahi ez duen eredu tolerante bat baino?

  • Kike Amonarrizek Udalekinen egindako erreportajean zera aipatu zuen: euskara-teknikariek, eta zerbitzu-buruek, bereziki, hizkuntza-normalizatzeko prozesuaren liderrak eta errererentzia izana behar dute herrietan. Bat egiten al duzu Kikeren iritziarekin? Aukera itzazu euskara-teknikariak landu beharko lituzkeen ezaugarririk garrantzitsuenak.

Maricarmen: Mila buelta eman dizkiot galdera honi eta erantzun bat baino gehiago idatzi dut, baina azken-azkenean ez dakit zeintzuk diren 5 ezaugarri nagusienak, burura datozkit honako berbak: lanerako gogora, pazientzia, iniziatiba, ezagutza…

Baina batez ere inpresio hau daukat: gure lanbidean denetik egin behar izaten dugu: batzuetan coaching baten abilidadeak behar izaten ditugu (eragileak batu, indarrak metatu, ahuleziak identifikatu, identitateak berreskuratu…); hurrengo ingeniari-aholkulari izan behar dugu (xede-talde bakoitzari (bakoitzari!) bere egitasmoa diseinatu, helburuak zehaztu…); bertsolari lanak ere tokatzen zaizkigu (hamaika plazatan ibili -udala, ikastetxeak, herriko taldeak- eta txostenak/egitasmoak txukun eta dotore aurkeztea); eta askotan misiolari lanean ibiltzen gara (berba asko eta emaitzak gutxi).
Azken finean, gure lanak, ondo egin nahi badugu behintzat, prestakuntza (teknikoa nahiz teorikoa), gogoa eta inplikazioa eskatzen dituela uste dut. Badago ezaugarri horiek eskatzen ez dituen lanbiderik?

Aitor: Hauexek dira neure ustez 5 ezaugarririk garrantzitsuenak:

. Dagoen ingurunera egokitzeko gaitasuna behar du.
Bertakoa izateak ematen duen aurre ezagutzak lagun dezake.

. Lan egingo duen taldera egokitzeko gaitasuna behar du.
Lehenik entzun, ondoren sondeatu eta azkenik ekin.

. Hizkuntza dagokion kontestura egokitzeko gaitasuna behar du.

Euskaltegietan euskara irakasle aritu izanak laguntzen du aurrean duzunaren euskara mailara egokitzen. Ezin da eskatu dakiena baina gehiago; baina dakiena, bai.

. Lehentasunak markatzeko eta ordenatua izateko gaitasuna behar du.
Administrari lanetik abiatuta beste esparruetara ere heda daiteke.

. Gustura egon behar du.

Niri Carlos Argiñanoren saioa gustatzen zait, ez bereziki sukaldea gustatzen zaidalako gustura dagoen jendeak erakarri egiten nauelako baizik.
Gaur hauexek eman ditut baina gehiago ere eman nitzake.

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko euskara teknikaria

Erantzunak

  1. Oso interesgarriak zuen aportazioak. Zorionak eta mila esker.

Erantzun