Euskara-teknikarien konpetentziak (eta III)

Asteartea, 2010eko azaroaren 2a

Hirugarren eta azken artikulu honetan, gaur egungo euskara teknikariak aurrean dituen erronka nagusiak zein diren, eta nola aurre egin behar dien prestakuntza aldetik galdetu diogu Soziolinguistika Klusterrari.

Aurretik, Iñaki Martinez de Lunak emandako erantzunak jaso genituen.

Ondoren, Mari Carmen Arrieta eta Aitor Lizarazu euskara-teknikarienak jaso genituen.

Zortzi galdera egin dizkiegu, beraz, Soziolinguistika Klusterretik erantzun diguten Iker Salaberria eta Asier Basurtori.

Artikulu honekin amaiera emango diogu Udal<>ekin ekimenaren bidez eskuratu dugun artikulu-sorta honi.

  • Euskara teknikarien hastapenetan, ezagutza teorikoaren beharra nabarmena zen, hori ase nahian soziolinguistikan busti, eta Txepetxen, Fishman eta abarren lanetara hurbildu ginen. Gerora, gaitasun teknikoen beharra sumatuta, enpresa mundutik zetozen proiektuen kudeaketa gurera ekarri, eta plan estrategikoak eta kudeaketa planak teknikariaren eginkizunetan txertatu genituen. Gaur egun, hirugarren hanka jarri diogu mahaiari, eta ezaugarri pertsonalak ere lantzen hasi gara.
    Denak dira beharrezko, baina guztien artean, zuk zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?

Soziolinguistika arloko teknikarien formazio premien azterketan, teknikari mota bakoitzarentzat trebetasunen artean lehentasunak modu zehatz batean definitu ziren:
Udal Teknikariak:

. Ezaugarri pertsonalak
. Ezagutza teorikoak
. Gaitasun teknikoak

Udal teknikariekin egindako kontrastean, pertsona bat bere lanean ongi ari dela esan ahal izateko gehien eragiten duten ezaugarriak pertsonalak izango lirateke. Urte askotan zehar langileen ekimenean eta inplikazioan oinarrituz lan egin den sektore bat dela azpimarratu izan da; eta neurri batean hala izaten jarraitzen duela.

Soziolinguistika arloan dauden teoria guztietan sakontasun handiarekin jantzita egotea beharrezko sumatzen ez den arren, Euskal Herrian gehien erabiltzen diren autore/teoria gutxi batzuk (“2,3,4”) ezagutzea beharrezkoa dela esan izan da.

Horrez gain, ezagutza teorikoekin jarraituz, Euskal Herrian aurrera eraman izan diren edo gaur egun aurrera eramaten ari diren esperientzien berri izatea ezinbestekotzat jotzen da.

Lanerako behar diren gaitasun teknikoei dagokienez, bileren dinamizazioa eta bakoitzaren lanaren antolaketa azpimarratu dira, ezinbestean menperatu beharrekoak bezala.

  • Erabilera ardatz izan dugu azken urte hauetako planetan. Zein iritzi duzu orain arte arlo honetan egindakoari buruz? Eta, egoeraren azterketa egokia egiteko tresnak landu al ditugu?

Egoeraren azterketa egiteko tresna horiek sakon aztertu beharra ikusten dugu. Askotan kanpo faktoreek baldintzatuta, uste eta iritzien gainean jokatu izana sumatu izan da. Horrela, intereseko gai zehatzak identifikatu ostean eta horietan eragiten saiatu aurretik, faltan bota izan dira gai horietan sakontzeko azterketa soziolinguistiko zorrotzak.

  • Euskararekiko urrun edo epel agertzen diren gizartearen sektoreak erakartzea: zer ulertzen duzu zuk euskarara erakarri nahi ditugula diogunean? Helburu hori lortze aldera, zein egitasmo nabarmenduko zenuke?

Euskararekiko urrun edo epel agertzen diren gizartearen sektoreak erakartzeaz hitz egitean, argi dago, euskararen inguruko jarrera edo iritziak aintzat hartzeaz ari garela. Hau da, euskara erabiltzaile potentzialak identifikatzerakoan, jarrera horiek aintzat hartu beharra nabarmendu da. Horrela, lehentasuna, euren erabilera ohiturak aldatzeko aukera gehien eskaini dezaketen gizarte sektoreetan jartzea planteatzen da. Hau da, euskararen aldeko jarrera dutenen euskararen erabilera gauzatzen den neurrian, euskararekiko kontrako jarrerarik ez edota jarrera epela duen gizarte sektorean jarri beharko litzateke arreta, nagusiki. Hala berresten dute, gaiaren inguruko azken ikerketen emaitzek:

Ikerketaren ikuspegitik, euskararekiko eta euskararen aldeko hizkuntza-politikari buruzko jarrera ez-sutsua edo ez-grinatsua duten lagunak bai-bainako jarreradun pertsona modura definitu dira. (…) Euren konpromiso maila epela da. (…) Jarrera epeleko pertsonak bereziki interesgarriak dira euskararen normalizaziorako. Izan ere, muturrekoak diren jarrerak eta jokabideak aldatzea oso zaila edo geldoa izan ohi da. Jarrera epela edota konplexua dutenek, berriz, rol aktiboa joka dezakete euskararen normalizazioan, modu eta maila ezberdinetan. Amorrortu, E., Ortega, A., Idiazabal, I. eta Barreña, A. (2009). Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza eta Unesco Etxea. 185. or.

Euskarara erakarri nahi ditugula diogunean, beraz, gizarte sektore horren parte izan litekeen jendearen artean, hizkuntza ohitura aldaketak gauzatu eta euskararen erabilera areagotu nahi dugula adierazi nahi da.

  • Nola ikusten dituzu euskara zerbitzuak, orokorrean, txostenean agertzen diren helburuei heltzeko? Estrategiak ondo landuak al ditugu? Eta mezuak? Non daude indargune eta ahulgune nagusiak zure ustez?

Udaletako teknikarien formazio hutsuneei dagokienez, arlo teknikoan kokatu ditugun zenbait gaitasun agertu dira gehien bat. Udal teknikari bezala lan egiten dutenek, gaitasun teknikoetan ikusten dute euren burua formatzeko beharrik handiena, zehatzago esanda, bakoitzaren lanaren PLANIFIKAZIOA ETA ANTOLAKETAN eta TALDE LANERAKO TEKNIKETAN (bileren dinamizazioa,…). Bi aspektu hauek aipatzean, bereziki esperientzia handiko teknikarien aldetik, nabarmentzen den zerbait da gaur egun euren lanean funtzio horiek betetzen dituztela, hau da, badutela gaitasun hori, baina zati handi batean esperientziaren bidez eta intuizioari jarraituz eskuratu dutela. Hori dela eta, alor horretan formazioa jasotzeko beharra sumatzen da.

  • Gaur egun prestakuntza saio, jardunaldi, HIZNET eta beste hainbat ikastaro dugu honetaz edo hartaz prestakuntza teorikoa jasotzeko. Hala ere, jardunez ikasten da, ikasitakoa edo entzundakoa praktikan jarritakoan. Zure ustez, prestakuntza teorikoak erantzuten al die eguneroko lan beharrei?

Gaur egungo soziolinguistika arloko ikasketa eskaintzaren balorazioa egiterakoan, informazio iturri gisa erabili ditugun teknikariak bat datoz HIZNET eta LINGUANET direla beste guztiaren gainetik kontuan hartzekoak.

HIZNET baloratzerakoan faltan botatzen dena, esperientzia errealekiko lotura da. Alde batetik, normalkuntzaren arloan eman diren esperientzia arrakastatsuei buruzko ezagutza ematea eskatzen da, emaitza positiboak lortu dituzten hainbat proiekturen kasuak eta hauetan jarraitutako prozesuak sakonean aztertzea. Beste alde batetik, nolabaiteko praktika aldiren bat (aukerakoa balitz ere) ikastaroarekin lotzeak gaur egun gradu-ondokoak eskaintzen duena osatu egingo lukeela jaso da hainbat elkarrizketaturen eskutik, testuetan ikasitakoan errealitatean nola gauzatzen den ikusteko aukera emanez.
LINGUANETi dagokionez, lan munduko teknikariek egoki ikusten dute; euren egitekoetan zuzenean aplikagarria den jakintza eskaintzen du eta. Hala ere, Soziolinguistika Arloko Teknikarien Formazio Premien Azterketan jasotako iritzien arabera HIZNETen beste sakontasun maila batera heltzen da. Lan praktikora bideratutako ezagutzez gain, hauen atzean dauden oinarri teorikoak ere, eskaintzen baitira.

Edozein kasutan, gaur egun soziolinguistika arloko teknikari bezala lan egiteko beharrezko gaitasunen jabe izateko, ez da nahikotzat jotzen unibertsitateetan dagoen eskaintza. Bide horretan, HIZNET egin aurreko urrats gisa, egokia litzateke oinarrizko soziolinguistika ikastaro bat egiteko aukera egongo balitz. Oinarrizko soziolinguistika ikastaroarena beste sektoreetako teknikarien artean ere agertu den ideia izan da.

Azkenik, gaur egun dagoen eskaintza osatzen duten ikasgai eta ikastaroetan gaiak modu teorikoegian, abstraktuegian, ematen direla jaso dugu. Teknikarien etengabeko formaziorako, normalkuntzaren arloan eman diren esperientzia arrakastatsuei buruzko ezagutza ematea eskatzen duten iritziak jaso ditugu, emaitza positiboak lortu dituzten hainbat proiekturen kasuak eta hauetan jarraitutako prozesuak sakonean aztertzea.

  • Nora zuzendu behar du gaur egun euskara teknikariak begirada, eta zeri eskaini behar dio arreta berezia?

Hain zuzen ere aldaketa horietara bideratu beharko luke, baita betidanik normalkuntzan garrantzizkoak izan diren gaietara ere (hezkuntza, hizkuntzaren prestigioa,…). Hainbeste gai garrantzitsuren artean nola zentratu? Tokian tokiko lehentasunen diagnostikoak behar dira; soziolinguistikak horretarako eskaintzen dituen tresnak baliatuz egin beharrekoak.

  • Zer da etorkizun hurbilean landu beharko duguna gazteen artean?

Soziolinguistika Klusterrak burututako Gazteen hizkuntza erabileran eragiten duten faktoreen azterketatik ateratako gomendio nagusietako bat gazteen artean dagoen aniztasuna uneoro presente izatearen beharra da. Udaleko teknikariak herriko gazteak talde bakar eta homogeneo bezala ikustea saihestu beharko luke; eta ideia hau argi izanik, hizkuntzarekiko gazteek dituzten bizipenak eta euren erabilera baldintzatzen duten aldagaiak zehatzago ezagutzeko ahalegina egin beharko luke

  • Kike Amonarrizek Udalekinen egindako erreportajean zera aipatu zuen: euskara-teknikariek, eta zerbitzu-buruek, bereziki, hizkuntza-normalizatzeko prozesuaren liderrak eta errererentzia izana behar dute herrietan. Bat egiten al duzu Kikeren iritziarekin? Aukera itzazu euskara-teknikariak landu beharko lituzkeen ezaugarririk garrantzitsuenak.

Teknikarien formazio premien azterketatik ateratako ondorioetan jaso dugu, udal teknikarien ustez lehentasunezko gaitasunak ezaugarri pertsonalei lotutakoak direla.

Aldiz, hutsune nabarmenena gaitasun teknikoen atalean hauteman da.

Hortaz, bi alderdi hauen inguruan gehien azpimarratu diren gaitasunak izango lirateke, lehentasunez, landu beharrekoak. Ondorengoak, dira, zehazki:

. Gaitasun teknikoak:

Plangintza baten prozesuko atal guztiak burutzeko metodologia;
Bileren dinamizaziorako teknikak (bereziki jendea motibatzekoak);
Laneko eginbeharren planifikazio eta antolaketarako teknikak.

Ezaugarri pertsonalak (jarrera/izaera):

Komunikazio gaitasuna: edozein lanketa gizartean zabaltzeko, bileretarako,…;
Inplikazio positiboa eta irekia: lanaren helburuekiko atxikimendua eta inplikazioa;
Sormena: ezusteko egoerei aurre egiteko, aurrez probatu gabeko esperientziak martxan jartzeko,…;
Pazientzia: lan harremanetarako, esku hartu nahi den kolektiboarekiko,…

Gai hau sakonago landua du Soziolinguistika Klusterrak .

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko euskara teknikaria.

Erantzun