Euskararen Egunerako 10 proposamen

Asteartea, 2014ko abenduaren 2a

Emunek garatzen dituen euskara planetan hainbat gauza egiten ditugu Euskararen Egunera begira. Egun horretarako 10 ideia proposatu nahi ditugu, egingo diren 10 ekimen, hain zuzen ere.

Euskararen Eguna 2014-12-03

1. Egun bat, esaldi bat: Hazi fundazioan 2014ko abenduaren 3tik aurrera, egunero intranetean euskarazko esaldi bana jarriko dute hurrengo urteko abenduaren 3ra bitartean.

2. Gaztainondoaren adaxkak: Fagor taldeak antolatuta, euskara planarekin hasi zirenak omenduko dituzte ikus-entzunezko lan batekin. Amets Arzallus bertsolariak ere hartuko du parte eta gaztain erreak ere banatuko dira parte-hartzaileen artean.

3. Gurutzegrama lehiaketa: Niessen-en langileen artean euskarazko gurutzegrama lehiaketa egingo dute. Bi egongo dira: bata errazagoa eta bestea zailxeagoa.

4. Zeinek gehiago egin: ULMA taldean erronka jarri dute. Abenduaren 3an euskararen ahozko erabilera neurtuko dute negozio guztietan, eta euskararen erabilera gehien igotzea lortzen duen negozioak eskuratuko du euskal makila.

5. Ikasleentzako eta langileentzako jokoa: Danobatgroup-en Euskararen Egunaren aurretik kooperatiba taldeak enpresak dituen herrietako DBH 3 eta 4 eta Lanbide Heziketako ikasleentzako joko bat prestatu du (guztira 1.500 ikasle inguru). Ariketa webgunean jarri eta ikasleak horra sartu beharko dira. Erregistratuta geratuko da ariketa eta Euskararen Egunean zozketa egingo da parte-hartzaileen artean (9 eskoletarako tablet bana). Ariketa bera langileen artean ere zabalduko da (1.000 langile inguru) eta 6 tablet zozketatuko dituzte parte-hartzaileen artean.

6. Euskararen komunitatea osatu: Kiden aurten puntueus komunitatearen inguruan arituko dira. Eta hori aitzakiatzat hartuta, Kideko euskararen komunitatea irudikatuko dute. Horretarako, kartel handi bat egin dute. Langile bakoitzak bere ekarpena egiteko aukera izango du. Horrez gain, pegatinak ere aterako dituzte langile bakoitzak bere izena idazteko bertan. Ni ere .eus naiz.

7. Errekonozimendua: EIKAn euskararen erabilera handitzeko ahaleginetan ibili dien eragileei errekonozimendua egingo zaie. Horretarako, paneletan jarriko dira ahozko azken neurketen datuak eta ondoan euren argazkiak.

8. Informazio mahaiak epaitegietan: Donostia, Bilbo, Gernika, Eibar eta Tolosako epaitegietako hall-etan mahaiak jarriko dituzte informazioa zabaltzeko 10:00etatik 13:00etara. Informazio gunera hurbiltzen diren abokatu, prokuradore, herritar eta abarri informazioa emango diete. Informazio gehiago @auziaeuskaraz.

9. Lehiaketa: Zein da zuretzako euskal pertsonarik esanguratsuena? Zergatik?”: zuretzako euskal munduko pertsona ezagunena, erreferentea (izan) dena euskararentzako eta zergatik. Edozein garai eta arlotakoa izan daiteke (kultura, kirola, politika…). Erantzun guztiak jaso eta abenduaren 3an bertan bozketa bidez aukeratuko dugu guztion artean pertsonaiarik esanguratsuena hamaiketakoa hartzen dugun bitartean 2. bozketa baten bidez. Irabazleak Zuberoako ikastolek Gabonetarako prestatzen duten otarra jasoko du. LKS Ingeniaritzan egingo da ekimen hau.

10. Abestia grabatu: IK4-IDEKOn bertako musikariekin abesti bat grabatu dute; bideoklipa egiten ari dira eta abenduaren 3an lau haizetara zabalduko da.

Erantzun