Euskararen transmisioa mintegia Eibarren: kronika

Asteartea, 2011ko ekainaren 7a

Joan den maiatzaren 25ean egin zen Eibarko PORTALEA eraikinean Euskararen transmisioa mintegia bertako eta kitto! euskera elkarteak antolaturik.

Labur azaltzeko esan daiteke goizetik arratsaldera “in crescendo” joan zela eta bukaera laburra egin zitzaigula, mahai inguruarekin jarraitzeko gogoz geratu baikinen.

Goiza hotz samar hasi zen, aurkezpen ekitaldi labur eta hitz gutxikoa izan genuen, ondoren hitzaldien txanda izan zen, eta giroa hizlaritik hizlarira epeltzen, berotu egin zen. Lehenengo Euskararen transmisioa EAEn izan zen Jon Aizpurua. Eusko Jaurlaritzako hizkuntza ikerketa eta koordinaziorako zuzendaritzako teknikariak datu andana azaldu zigun eta berak sarreran adierazi gisa dagoeneko zaharkitu samar dauden datuak izan ziren 2006ko errolda datuetan oinarrituak izan baitziren.


Jon Aizpurua

Jarraian Nafarroako Euskara Zerbitzuak: familietan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak izeneko hitzaldia, Patri Arburuaren, Bortzirietan Euskara Mankomunitateko teknikariaren txanda izan zen, une honetan transmisioaren inguruan egiten ari diren lanaren berri eman zigun, hasiera batean haur jaio berri guztien familiei material sorta osoa bidaltzen zieten, baina une honetan osoa jasotzeko nahi eta nahi ez udaletxetik pasa beharra daukate eta teknikariek familian dituzten hizkuntza jokabide eta irizpideen gaineko galdeketa egiteko profitatzen dute.

Atsedena aurreko hitzaldian, Helena Baraibarrek, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko hizkuntza egitasmoko teknikariak, “Hizkuntz proiektua gurasoei begira” izeneko lanaren berri eman zigun; adierazitako gauza interesgarri guztien artean bi ideia azpimarratuko nituzke, batetik ikastetxea ez dela nahikoa hizkuntza ikasi eta erabiltzeko, eta, bestetik, ikastetxe barruan hizkuntza ardura osoa ez da euskara-mintegiarena, guztiak beharko lukete ardura.

Atsedena ondoren, Getxon eta Arrasaten aisialdian izandako esperientzien berri eman ziguten, Lander Solozabalek, Eneko Barberenak eta Aizpea Otxandianak. Azalpen fresko eta alaia. Bazkaltzera joan aurretik Malores Etxeberriak, Hernaniko euskara teknikariak Buruntzaldean transmisioaren inguruan izandako esperientziaren berri eman zigun, zuzenean euskara.buruntzaldea orria erakutsiz.


Malores Etxeberria

Eta hasieran aipatu moduan, bazkal ondorengoa oso interesgarria izan zen, labur suertatu zitzaigun. Hasteko Paula Kasaresek Euskararen belaunez belauneko jarraipena, hizkuntza plangintzarako hausnarketa hitzaldia, garai bateko irakasleen modura eskola azaldu zigun, hausnarketa guztiz interesgarria. Paulak goizeko hitzaldietan azaldutako goitik beherako transmisio harremanei harreman horizontalek duten garrantzia erantsi zien. Informazio gehiago Garaigoikoa blogean.


Paula Kasares

Mintegia ezin hobeto amaitzeko mahaingurua: Transmisioa bermatzeko urratsak. Lan ildo estrategikoak. Moderatzaile lanetan Jaime Altuna aritu zen eta hasieratik erritmo bikaina ipini zion zereginari, sarrera gisa abesti bat ipini baitzigun.


Jaime Altuna

Laburbilduz, beste behin ere garbi geratu zen aurrera egingo badugu, ezin bestekoa dugula esperientziak konpartitzea.

Bidaltzailea: Garbiñe Loiarte eta Arantxa Iturria, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara-normalizatzaileak

Erantzun