Ezkortasunik ez, baina triunfalismorik ere ez

Asteartea, 2010eko martxoaren 2a

III. Euskal Soziolinguistika jardunaldia egin zen aurreko ostiralean, otsailaren 26an. Klusterrak berak jardunaldiko hitzaldi eta aurkezpenak bere webgunean zintzilikatuko ditu laster.

Artikulu honetan, bertan entzundako pasarte interesgarrienak jasoko ditugu.

Hasi aurretik, Iñaki Martinez de Lunak azpimarratutakoa aipatu nahi dugu:

Ezkortasunik ez, baina triunfalismorik ere ez. Gabeziak bistan jarri behar dira, zuzendu ahal izateko.”

Mahai ingurua: Euskararekiko jarreretatik erabilerara.

Iñaki Martinez de Luna,Euskal Herriko Unibertsitatea:

. Zer dago EAEko datuen -%50ek euskararen aldeko jarrera- atzean? Euskara ondo ikusia dago. Politikoki zuzena da. Kito. Kontua da euskararen aldeko neurriak hartzen hastean, aldekotasun hori lurrindu egiten dela. Are gehiago, kontrako bihurtzen da askotan. Horregatik, iritiz publikoaren bataila indartu behar da, dinamika zabal eta onargarri bat lortzeko, euskalgintzak gizartearentzat duen mezua zehaztu behar du. Horretarako, uztargarriak dira hizkuntzen ekologia eta eleaniztasuna. Hizkuntzaren ekologia, bere horretan, oso ondo dago baina ahula da, oso filosofikoa. Aldiz, eleaniztasunarekin lotuta indar berezia izan dezakete.

. Transmisioari dagokionez, galera gertatzen da bikote mistoetan: heren batek ez du transmititzen. Haurren gizarteratzeko prozesuaren parte da hizkuntzaren transmisioa. Gizarteratze horrek baditu hiru dimentsio: kognitiboa-ezagutzari dagokiona, afektiboa eta identitarioa. Zalantzak ditut bikote misto batzuetan afektibotasun hori transmititzen ote den. Gainera, hizkuntzari buruzko gizartearen presio ezak eta egungo Gobernuaren epeltasunak, ahuldu egin dezakete, etorkizunean, euskararen transmisioa bikote mistoetan.

. Nola gizarteratzen ditugu neska-mutikoak hizkuntzari dagokionez? Esanez helduen munduak erdaraz funtzionatzen duela, ez dutela euskararen beharrik. Gazteek, zergatik egin behar dute euskaraz? Musika gaztelaniaz jeitsi dezakete, sarrerak erosi… ez dute euskararik behar, inkomodoa zaie -erdarak batzen gaitu, euskarak banatu-. Gizarte sarien eta euskara erakargarri egiteko tresnen falta dago.

. Motibazio identitariotik motibazio pragmatiko-instrumentalak sortu dira -administrazioan…-, eta honek deskodifikatu egin du hizkuntzarekiko jarrera, eta diskriminazioa pustu du. Biak nola lotu? Aldeko jarrera duenari, aldekotasun hori gauzatzeko nolako neurriak hartu behar dituen adierazi behar zaio. Formazioa eta komunikazioa behar dira, mezuarekin asmatu behar da.

Pablo Sotés, Nafarroako Unbiertsitate Publikoa:

. Bi hizkuntzen aukera delarik, gehienik erabiltzen da hizkuntza naturala: errazena, edo ama hizkuntza.

. Elebakarren artean agertzen dira jarrerarik kontrakoenak.

. Haurrekin, dezente ziurtatzen da transmisioa, baina une batean hizkuntza erabilera aldatu egiten da; adinak aurrera egin ahala, nagusitzen da gaztelania.”

. Haurra ikastolan hasten denean gurasoek gutxiago egiten diote, ikastolan egiten dutenez… elebitasunaren mesedetan… galera gertatzen da hemen.

. Hezkuntzan euskara ikasteko motibazio integratzailea eta ingelesa ikasteko motibazio instrumentala nola uztartu landu beharra dago.

Erramun Baxok, hiizkuntzalaria:

. Bi berri on: gainbehera gelditu da eta maldan gora hasi da euskararen ezagutza -gazteen artean- iparraldean.

. Iparraldeko 16 eta 24 urte arteko gazteak euskaldunagoak dira, baina euskaldun epelagoak. Elebidun kopurua handitu da, baina jarrerak ez dira hain positiboak. Konstruktibismora jo aurretik, deskonstruktibismora egin ohi du bidea gazteak, gurasoengandik bereziz, erdara gehiago erabiliz.

. Motibazio integratzaileak, instrumentalak eta intelektualak, hurrenkera horretan lehenesten dira Iparraldean.

. Bi faktore eraginkor indartu behar dira Iparraldean: behar soziala eta legeriaren babesa. Une honetan euskara erabili daiteke -frantsesa baztertu gabe- baina erredundantea da.

Tailerra: Gazteen erabileraren korapiloa begi-bistan.

. 12-30 urte arteko gazteekin azterketa egin dute Urtxintxa eta Soziolinguistika Klusterrak. Erabilera ez formala, ez arautua aztertu dute. Galdera nagusia hau izan da: ze aldagaiek eragiten dute gazteen erabileran?

. Aditu-arituen azterketa egin ondoren, gazteen azterketa egin zen eta ondoren emaitza bateratuak atera. Talde dinamikak erabiliz 2 orduko 6 saio antolatu dira gazteekin; taldeak aukeratzerakoan aintzat hartu da zonalde soziolinguistikoa, parte-hartzaileen adina eta testuingurua desberdinak izatea

. Gazteek euskara erabili dezaten ze aldagaik eragiten dute? galdetu zaie, beraz; eta ondoren Iñaki Martinez de Lunak bereiztutako maila makrosoziala, maila mikrosoziala eta maila indibidualetan -matriza- kokatu dira esandakoak. Gazteei adituen matriza erakutsi zitzaien eta antzekotasunak eta ezberdintasunak komentatu ziren. 11 aldagaiez osatutako markoa izan da emaitza nagusia.

. Aldagaien konplexutasuna, aditu eta gazteen artean emaitza antzekoak jaso izana eta gazteei besteen lekuan jartzea zaila gertatzen zaiela -maila indibidualistatik hitz egiteko joera- ikusi dute.

. Azterketa honen ondorengoak zein izan behar duten galdetuz taldetan hausnartu zen. Emaitzak hauek:

. Elkarrizketa diglosikoak bultzatu beharra -Bruselan arau soziala da-.

. Bihotz euskalduna, afektibotasun euskalduna -alderdi emozionala- landu beharra.

. Eduki hauek aisialdiko eskoletan ere sartu beharra.

. Gazteen auto-estimutik eragin beharra, jarrera-portaeretan eragin ahal izateko.

Tailerra: Hizkuntza-ohituren aldaketak; gako teorikoetatik egoera errealetara.

. Bikoteen hizkuntza ohituren aldaketan eragiten duten ikerketan ateratako ondorioak hartu dira abiapuntu, eta jardunaldian parte hartutakoek ondorio horiek beraien hurbileko egoera errealekin alderatu dituzte, lanerako proposamen eta ideia berriak landuz elkarrekin.

. Gizarte egoera konkretu batek eraginda -frankismoaren garaiak, esaterako-, norbanakoarengan kontzientziazio bat sortzen da; horrek estimulu bat sortzen du, emozio bat -amorrua, haserrea, ezinegona, inpotentzia…-, eta ondoren ekintza zehatzak bideratzeko indarra sortzen da.

. Adibidez, erakunde batean bilerak euskaraz gehien egiten dituzten langileak zuzendaritzak errekonozitzea -aparteko ordainsari batekin edo publikoki zorionduz-; inguruko langileek inbidia sentitu dezakete, eta horren ondorioz, beraiek ere, hizkuntza ohituretan aldaketaren bat egitea.

Hausnartu II, Euskal Soziolinguistika sariak

. Hiru sari banatu zituzten eta lehenengo sariaren aurkezpena egin zuen egileak, Dabid Anaut, euskara teknikariak.

“Argia eta itzalak euskararen lurraldean. Euskararen etxean, gazi-gozo” da lanaren izena; egileak bere bizipenen iragazkitik pasatako Leitzako irudiak jaso ditu lanean.

. Herri euskaldunek duten bizindar linguistikoa beharko litzateke gazte hizkera sortzeko, baina herri erdaldunek duten pisu demografikoa, soziologikoa eta kulurala ezinbestekoa da bestetik. Euskal Herrian inoiz gazte hizkerarik sortuko bada eta arrakastaz hedatuko bada, “herri” euskaldunen multzoan zenbait “hiri” sartu beharko dira. Gaurko herri euskaldunek, oro har, ez dute eredu hori sortu eta hedatzeko indarrik.

. Leitzako gazteek erabileran egin duten hautu nagusia, euskaraz egin eta jardunari gazte kutsua erdarazko zipriztinen bitartez ematea izan da; hitz egiteko eta beren hizkera eta estetika linguistiko propioa taxutzeko, gurasoek ez bezala, erdaratik jaten dute.

. Bizitasunaren adierazletzat jo du herrian eragin nahi izan duen kanpoko eragile batek baloratu izana komunikaziorako hizkuntza beharrezkoa euskara dela.

. Etiketen inguruan, euskaradun etiketadunak -euskaraz egiteko erabaki irmoa dutenak- gailendu ohi dira, oro har, herriko elkarrizketetan. Halere, hizkuntza harremanen sarea konplexua da, konbinazio asko egon daitezke, eta egoerak kudeatu beharra dago askotan.

Hitzaldia: Erdaldunen euskararekiko aurreiritzi eta jarreren inguruko hainbat datu.

Esti Amorrortu, Deustuko Unibertsitatea.

. Hiru urtean zehar egin da azterketa hau, Eusko Jaurlaritzak eskatuta.

. Euskararen balio instrumentala berezkoa al du euskarak? ez; baina handitu al da? bai, administrazioan, politikaren eraginez.

. %52arentzat euskara euskaldunen hizkuntzetako bat da, ez euskaldunen hizkuntza bakarra.

. %46arentza euskaldunen hizkuntza da.

. Euskarak ez dauka erdaldunentzat balio integratzaile handirik.

. Baina, zer da integratuta sentitzea? Bi mundu egoeran -gaztelaniaz bizi, euskaren arrastorik gabe- bizi eta ohartu ez; bi munduko egoeran bizi eta ohartu euskararekin lotutako mundua galtzen ari direla -batzuk balorazio positiboa egiten dute, beste batzuk beldur eta arbuioarekin lotutako balorazio ezkorra-. “Hay otro mundo y no lo ves”; “Yo sé que hay una parte de la historia que me pierdo por no saber euskera”.

. %80ak, halere, euskararen mundutik hurbil dagoela dio, edo ez ezagutu arren, interesa baduela. %19a da euskararen mundua interesatzen ez zaiona edo bi mundu daudenik uste ez duena.

. Motibazio instrumentalaz gain, barneko/kanpoko dimentsioa, motibazioa, azaleratu da; barnekoa sentimentuei, kulturari, errespetuari, gogoari etab. lotua; eta kanpokoa politika, legea, inposaketa, obligazioa, beharra eta antzekoei lotua.

. Laburbiduz, motibazioak askotarikoak, integratzaile zein instrumental, eta barneko zein kanpokoak izan daitezkeela erakutsi du ikerketa kualitatiboak. Ikerketa kuantitatiboak berretsi egin du.

. Gazteen erabileraren inguruan, erdaldunek irakurketa sinplista egiten dute, harritu egiten dira gazteek, euskara jakin-arren, ez dutelako hitz egiten -beraien frustrazioetatik abiatuta-. Euskaldunek aldiz, gazteek beti euskaraz ez egiteko arrazoi multzoa identifikatu dute: adina bera, identitatea eta hizkuntza-irudiak; kontra egitea; gaztelania guaya; konpromiso falta.

Hitzaldia: Hizkuntza-aurreiritziak, jarrerak eta joakerak.

Juan Carlos Moreno Cabrera, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa.

. Munduko hizkuntza guztiak ,konplexutasunaren ikuspuntutik, gutxi gora-behera berdinak direla frogatu du gaurko hizkuntzalariak.

. Hizkunza guztiak derrigorrez pertsonaren ezaugarri psiko-fisiologikoei egokitu behar zaizkie.

. Hizkunza natural guztiak ikasgarriak dira umeentzat.

. Hizkuntza zailtasuna definitzeko, kontuan hartu behar dira hiztunaren hizkuntza gaitasuna eta hiztunaren beste hizkuntzei buruzko iritziak.

. Hizkuntza bat bereganatzeko, norberaren hizkuntza jokabidea aldatu behar da; gramatika gaitasuna ez da nahikoa hizkuntza bat ikasteko; hizkuntza horretan bizitzea beharrezkoa da.

. Euskara zaila dela dioen aurreiritzia ezabatzeko ahalegin handia egin behar da. Kontuan hartu behar da distantzia berbera dagoela euskaratik gaztelaniara eta euskaldunek erraz ikasten dutela gaztelania. Hizkuntza zailtasuna ez da ezaugarri linguistikoa.

. Aditz morfologiaren ikuspuntutik, euskara gaztelania baino errazagoa da. Kontuan hartu behar dugu gaztelaniak bostehun baino aditz irregular gehiago dituela.

. Euskara hizkuntza ofiziala da, ez da Madriletik datorren inposaketa, Erkidegoaren erabaki demokratikoa da, beraz, euskal hiritar guztiek, gutxienez, euskara ulertu behar dute.

. Elebitasun mota desberdinak daude: bi hizkuntzak erabat ezagutzen direnean; elebitasun partziala hizkuntza batean bestean baino gaitasun handiagoa dagoenean;
erdielebitasun ulerkorra edo pasiboa, hizkuntza batean hitz egitea eta ulertzea eta beste hizkuntza batean soilik ulertzea -elebitasun hau, pasiboa, mesprezatua dago gizartean-.

. Erdielebitasun pasiboa garrantzitsua izan daiteke eleaniztasuna sustatzeko eta bermatzeko. Euskal Herrian, herritar guztiek, behintzat euskara ulertu behar dute; honela, euskara esparru guztietan erabili ahal izango litzateke.

Hemen jasotakoen ingurukoan hausnarketa edo iruzkinik egin nahi baduzu, eskertuko dizugu. Erantzun albiste honi, besterik gabe.

Bidaltzailea: Oihane Zabaleta eta Marije Manterola, Emuneko teknikariak

Erantzun