GARABIDE… hizkuntzei bidea egiten

Astelehena, 2018ko ekainaren 11a

Garabide Elkartea kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Zehazki, hizkuntza lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta.

Zergatik diogu lankidetza modu berri bat dela? Lankidetza klasikoan gailendu izan den “Zenbat diru dugu emateko?” galderari buelta pare bat eman eta “Zein esperientzia dugu elkartrukatzeko?” galdegiten hasi ginelako 2005ean Garabide martxan jarri zenean. Izan ere, hor baitago gakoa kooperazioa laguntza asistentziala izan ez dadin. Itaun berri honek lagunduak-laguntzaileak dinamika aldatzen du eta polo guztiak (dualitatetik haratago) jakintza eta bizipenen hartzaile eta emaile bilakatzen ditu; horrela doa sortzen berdinen arteko lankidetza harremana, duina eta aberasgarria. Gaur gaurkoz, 10 hizkuntza komunitaterekin gabiltza elkarlanean, nagusiki Hego eta Ertamerikan.

Hona hemen GARABIDEren egoera eta jarduna modu laburrean azaltzeko 2017ko memorian jasotako hainbat datu:

·         Bulego teknikoan 6 pertsona aritu dira.

·         Entitate babesleak –diru-ekarpena egiten dutenak-: 23 dira, entitate publiko zein pribatuak, gehien-gehienak udalak.

·         Entitate laguntzaileak –diruz bestelako ekarpena egiten dutenak-: 38 dira, tartean EMUN.

·         Kanpo komunikazioari buruz, 59 komunikabidetan 95 agerpen izan ditu.

·         Lehen aldiz antolatutako “Ikastaldi Trinkoa”: 9 hizkuntza komunitateko 12 lider izan dira Euskal Herrian hizkuntza biziberritzeko estrategiei buruzko hilabete bateko ikastaroa egiten.

·         Formazioaz haratago, GARABIDEk  2017an 7 “Bidaide” edo hizkuntza-lankidetza proiektu landu ditu: Ekuador, Guatemala, Mexiko (2), Polonia eta Txilen. Kasu batzuetan zuzenean egin da GARABIDEtik eta, beste batzuetan, euskalgintzako eragileen eta hegoko erakundeen arteko zubigintza lanetan aritu da, erakundearen lankidetza filosofiari jarraiki.

GARABIDEren erronkak antolaketari zein jarduerari dagozkionak dira. Antolaketari dagokionez  4 lan-talde jarri dira indarrean eta indartu nahi dira: ikastaroak eta aholkularitza, komunikazioa,  ikerketa eta nazioartea eta Euskal Herriko ekintzak. Eta Kontseilu Nagusia organoa sortu da, guztira 15 kidek osatzen dute taldea, horietatik bat EMUNeko ordezkaria.

Jarduerari dagozkion erronka nagusiak bi dira: lehen aldiz Euskal Herritik kanpo antolatzen ari garen formazio ikastaro trinkoak: Kolonbiako Caucan eta Mexikoko Yucatan-en batetik, eta, bestetik, EMUNekin elkarlanean, Mexikoko Pueblako TOSEPAN kooperatiba taldean garatzen ari garen hizkuntza plan orokorra.

Laburbilduz, hori da eta hori egiten du GARABIDEk. Gaiak interesatu bazaitu, irakurle, informazio gehiago eskura dezakezu gure webgunean dagoen 2017ko memorian eta, urtean 3-4 aldiz argitaratzen den buletinera harpidetu zaitezke debalde.

Garabide Elkartea

Erantzun