Gozoki banatzailearen ipuina

Osteguna, 2014ko uztailaren 10a

Askotan esan ohi da ipuin bat kontatzea dela bestearengana iristeko modurik eraginkorrena eta zuzenena. Ume-umetatik entzun izan ditugu ipuinak, irakatsi nahi den hori transmititzeko bide baitira, besteak beste.

irudia1

Askotan ez oso modu kontzientean, eta beste zenbaitetan euskararen normalkuntza lanetan ere ipuina bitarteko interesgarria izan daitekeela iritzita, hizkuntzaren sua piztu eta su horren bueltan zenbait mezu hedatzeko ipuinak kontatzen jardun izan dugu euskara planetan.

Honako hau adibide bat baino ez da. Fagor Ederlanen Gozatu euskara ahoan kanpaina jarri zen martxan Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Kooperatibako lankideei txupa-txusak banatu zitzaizkien eta, horrekin batera, Gozoki banatzailearen ipuina zabaldu zen lau haizetara.

Gozoki banatzailearen ipuina

Bazen behin emakume bat, inork ez daki ez nondik eta ez nola, gure herrian azaldu zena.

Emakumea gozoki banatzailea zen.

Herriko kale jendetsuenetan pasatzen zuen eguna gozokiak banatzen, eguna argitzen zuenerako han zen beti emakumea gozokiz betetako bere zakua ondoan zuela.

Esaten zuten gozoki haiek magikoak zirela.

Denentzako zuen beti gozoki bat; eskolara bidean zihoazen umeentzako, errekaduak egiten beti presaka zebiltzan etxeko andre eta gizonentzako, obrak zaintzen zituzten jubilatuentzako, bisitari despistatuentzako…

Egia da gozoki haiek bazutela zerbait berezia. Gozokiek ez zuten zapore jakinik. Zein zapore zuten argitu nahian hasten ziren herritarrak ez ziren sekula ados jartzen, izan ere gozokiek zapore ezberdina hartzen zuten norberaren ahoan.

Hori bai, gozokiak zirela ala norbera zela, papera kendu eta ahoan sartze hutsarekin jendeari zerbait pizten zitzaion bere barruan, eta ordura arte erdaraz mintzo baziren, gozoki haren efektuarengatik ala ez, euskaraz jarraitzen zuten ondoren.

Obra hauek oso motel doaz –hasten ziren jubilatuak–, esan zuten Gabonetarako amaituko zituztela, baina, bai zera!!

Metro batzuk atzerago:

– Aizu Iker, atzo lantokiko kafe-makinan geundela esan zenuena egia al da? Komertzialak operazioa itxi ezinik dabiltza oraindik?

Gozokien efektua berehalakoa zen.

– “San Simon eta San Juda, joan zen uda eta negua heldu da, ez baletor hobe …”

– Zu kantuan, Miren?! Ondo zaude?!

– Ba aspaldi entzun gabe neukan kantu hori eta, justu atzo, semea horixe kantatzen etorri zen eskolatik…

Gozokia ahoan sartu ostean ahotik ateratzen zen lehen hitza euskaraz zen beti.

– Entzun al zenituen gaueko berriak? –Sebasek Iñakiri.

– Bai Sebas, herri honek gero eta konponbide zailagoa duela dirudi. Zerbait konpontzen hasita gaudenean, kaka zaharra berriro, lehen bezala edo okerrago…

Eta emakumeak gozokiak banatu eta banatu jarraitu zuen. Jendearengana gerturatu eta bana ematen zien, eta gero eta gehiago ziren bere ondotik pasatzean eskua luzatu eta gozoki bat eskatzen ziotenak.

Hala, egun batean, ez nondik eta ez nola, emakumea etorri bezala joan zen.

Hasierako egunetan jendeak ez zioen besterik:

– Konturatu al zara gozoki banatzailea falta dela herrian?!

– Ba orain esaten duzula, badira egun batzuk ikusten ez dudala. Zergatik joan ote da orain horrela?!

Pasa ziren egunak eta pasa ziren gauak, eta jendea beste gauza batekin ere konturatu zen; ahora zerbait eramaten zuten bakoitzean, izan zitekeen gozoki bat ala ez —kafe-makinako kafea, boligrafoaren tapoia edota eskua bera bazen ere—, berdin, jendearen ahotik irteten zena euskaraz irteten zen.

Pasa ziren egunak eta pasa ziren gauak, eta jada gutxi batzuk baino ez ziren gogoratzen behin herrira azaldu zen gozoki banatzaileaz.

Pasa ziren egunak eta pasa ziren gauak (beno, hainbeste gau eta egun ere ez!) eta munduko beste herrietako bizilagunak bezalaxe, gu ere konturatu ginen jada ez genuela ahora ezer eraman beharrik euskaraz hitz egiteko; nahikoa zen nahi izatea eta egitea.

Eta euskara bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila neuk nahi dudan plazan.

Erantzun