Guraso bileretan euskaraz arituko gara Astigarragan

Asteazkena, 2017ko irailaren 13a

Astigarragan gurasoekin harremana duten erakundeek bat egin dute aurrerantzean haiekin izaten diren bileretan euskararen presentzia areagotzeko. Guztira 7 erakundek onartu dute Udalak luzatutako proposamena eta gurasoekin hemendik aurrera izaten dituzten bilerak euskaraz izateko neurriak praktikan jarriko dituzte. Eginkizun horretan Udalaren babesa eta laguntza teknikoa izango dute aipatu erakundeok.

Astigarragan gurasoekin harremana duten elkarte eta  erakundeetako ordezkariak

Joan den astean, irailaren 7an, elkartu ziren Astigarragako Herri Eskola, Gaztelekua, Guraso Batzordea, Kirikieta Haurreskola, Mundarro Kirol Elkartea, Musika Eskola eta Xaguxar aisialdi taldeko ordezkariak, Astigarragako Udaleko Pleno aretoan, Udaleko Euskara Zerbitzuaren proposamenaren berri gertutik entzuteko.

Erakundeotan gurasoekiko harremanetan euskara zenbat eta nola erabiltzen den aztertu ondoren, ondorio nagusia euskara gehiago erabil daitekeela izan da. Helburu hori nola lortu eta zein neurri abian jar daitezkeen izan dira Udalaren proposamenaren oinarriak eta horiek arretaz entzun dituzte erakundeotako ordezkariek. Astigarragako ezagutza datuei erreparatuz gero, biztanleen %83 da euskara ulertzeko gai (2011ko datuak dira),  datu honen arabera, euskara erabiltzeko aukerak uste baino handiagoak dira.

Praktikan hobetu behar dugu, ordea, eta bilerak antolatzerakoan zer eta nola egiten dugun erreparatu behar dugu: publikoaren hizkuntza identifikatzeko zer egiten dugun, erabiltzen dugun irizpidea publiko horrentzako egokia den, bileraren hizkuntza esplizitatzen dugun, zer nolako aurreiritziekin jokatzen dugun…

Udalak lantalde edo talde eragile bat eratu du erakunde hauei laguntza eskaintzeko, orain hasi eta 2018an ere jarraipena izango du ekimenak.

Erantzun