Ingudea: Goierriko lantegien Euskara Batzordea

Asteartea, 2015eko maiatzaren 12a

Ingudea 2011n sortu genuen eta, elkarlanean, geure enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak ematen ari gara. Bi hilean behin elkartzen gara.

Imagen1

Hainbat arlo, ezaugarri eta neurritako enpresetako kideek parte hartzen dugu batzordean eta normalizazio bide horretan ere oso ibilbide ezberdinak ditugu, bakoitza bere neurrian eta abiaduran ari da aurrerapausoak ematen.

Batzordeko kide garen edo izan garen enpresak honako hauek gara: AMPO, ARRI, CAF, EDERFIL BECKER, EREDU, ESTANDA, EZARRI, GOIEKI, GOILASER, HERTELL, IRIZAR, MONTTE eta ORKLI.

Esan bezala, taldearen helburua elkarlanean jardutea da. Horrela, indar metaketa aprobetxatu, lan-ildoak definitu eta elkarrekin ekintza bateratuak egiteko. Hiru helburu nagusi ditugu:

  1. Ezagutza partekatzea
  2. Eskualdean eragitea
  3. Goierriko gainerako enpresak gurera erakartzea

Helburu horiek lortzeko bidean urte hauetan hainbat ekintza egin ditugu. Euskararen Nazioarteko Eguna elkarrekin ospatu izan dugu, lehiaketak egin ditugu, eskualdeko komunikabideetan gure buruaren berri eman dugu, TELP tailerra egiten dugu urtero, bilerak txandaka gidatuz enpresak ezagutu ditugu, formazio hornitzaileei gurekin euskaraz jardun daitezen eskatu diegu…

2015eko egitasmo nagusia eskualdeko hornitzaile komunekin lanketa egitea da. Bakoitzak bere etxean egindako lanak eta elkarrekin izan dezakegun indarrak Goierrin eragina izatea nahi dugu. Aurten eta datozen urteetan. Ahalegin horretan jarraituko du Ingudeak.

Bidaltzaileak:  Ingudeako kideak

Erantzun