Interneten ere, lehen hitza euskaraz

Astelehena, 2017ko maiatzaren 15a

PuntuEUS Fundazioak Euskarazko Interneten Egunaren bigarren edizioa ospatuko du maiatzaren 16 eta 17an. Mugarri horren harira, Interneten eta Internetera sartzeko erabiltzen ditugun gailuetan euskararen erabilera handitzeko kanpaina, “Interneten ere, lehen hitza euskaraz”, jarriko du abian Codesyntax, Ikastolen Elkartea eta Kontseiluarekin batera.

Gailuak eta nabigatzailea euskaraz konfiguratuta egoteak eta webguneen hizkuntza lehenetsia euskara izateak mesede egiten diote euskarari Interneten: euskarazko edukiek plaza zabalagoa izateko aukera dute, eta, beraz, eragiteko aukera ere handiagoa da. Bi gaiak hertsiki lotuta daude. Hori horrela, Kontseilua kanpainaren bultzatzaile izanik eta Emun Kontseiluko bazkide delako, lantalan-etik gonbidapena bikoitza egin nahi dizuegu:

1) Bakoitzak bere erakundearen webguneko hizkuntza lehenetsia euskara ote den begiratzea eta horrela ez bada, hala jartzea. Horretarako, webguneko garatzailearekin jarri beharko zarete harremanetan.

2) Erabiltzaile bakoitzak bere nabigatzailea euskaratzea. Horretan laguntzeko, hemen duzue deskargatu, exekutatu eta automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen aplikazio bat.

Erantzun