Kideren hizkuntza-politika: esplizitua, neurgarria eta enpresaren egituran integratua

Asteartea, 2014ko urriaren 28a

Kide Berriatuan dagoen enpresa da, hotz-ganberak egiten dituzte bertan, eta 2008. urtetik dute euskara plana. Kasu aurreratua da, gainera, denbora laburrean ibilbide luzea egin baitute; besteak beste, hizkuntza-politika esplizitatzeaz gain, hizkuntza-politika hori erakundeko egituran txertatzea lortu dute.

P1080925-1

Zeintzuk izan ziren Kiden euskara plana martxan jartzeko hasierako urratsak?

Kiden euskara plana lantzen hasi ginen bazegoelako euskararen aldeko sentsibilizazioa. Euskara gure hizkuntza izanik, eta euskararen normalizaziora begira, derrigorrezkoa ikusten zen guk lana ere euskaraz egitea. Horrela, momentu hartan, taldetxo bat, Euskara Batzordea, pausoak ematen hasi zen, gogotsu baina  instituzionalizazio maila handirik gabe.

Beste urrats bat emateko helburuarekin, eta Mondragonek kooperatiba guztietarako onartu zituen oinarriak (ENO) aprobetxatuta, 2010ean politika horiek KIDEra egokitu genituen, eta Kontseilu Errektoreak onartu eta ezarri egin zituen. Bertan zehaztu zen helburua nagusia, lana euskaraz egitera iristea, hain zuzen ere. Horrela, hainbat politika, aurretik modu naturalean eta pertsona bakoitzaren jarreraren arabera egiten zirenak, esplizitatu egin ziren.

Helburu nagusia lortzera bidean emandako pausoen erakusgarri da enpresako kultura galdetegian euskara planari buruzko galderetan lortutako emaitzak. Gainera, Kide kokatuta dagoen inguruneko egoera soziolinguistikoak ere horretarako aukera aparta eskaintzen digu.

Hizkuntza-politika inplizitua izatetik esplizitua izatera pasa zarete, beraz; inon jaso gabe izatetik dokumentu batean jasotzera, alegia. Zein izan da jarraitu duzuen prozesua? Eta zeintzuk izan dira lorpenak?

2013an hausnarketa estrategikoa egin genuen enpresako hainbat arlotako organoek eta kolektiboak, eta  hurrengo 4 urteetan bete beharreko helburu nagusia  zehaztu genuen: ENO autoebaluazioan 67 puntu eta BIKAINen 600 puntu lortzea. Bi helburu horiek eta euskararen kudeaketa enpresako kudeaketa sisteman erabat txertatzea izan dira epealdi estrategiko honetako erronka nagusiak; horretarako, zehaztutako helburuak Pertsonen prozesuaren barruan txertatu ziren eta euskara planaren arduraduna Pertsonen prozesuaren arduraduna bera da.

Aipatutako helburuak kontuan izanda, lerro estrategiko nagusiak eta ekintza plana zehaztu ziren, eta baita euren garapen eta jarraipenerako adierazleak ere. Adostutako politiken betetze-mailak zehazteko, adierazleen barne ikuskaritzak eta neurketak egiten dituzte enpresako zenbait langilek euskara teknikariaren laguntzarekin. Zuzendaritza Batzordea da ikuskaritza horien jarraipena egiten duena eta ekintza zuzentzaileak bakoitzari dagokion prozesuan txertatzen dituena.

Kiden bete beharreko politika guztiak ondo zehaztuta daude eta langile guztiek ezagutzen dituzte. Hortik abiatuta, asko dira eman diren urratsak: arlo askotako bilerak euskaraz egiten dira, bilera sozial guztiak euskaraz egiten dira, gero eta dokumentu gehiago daude euskaraz, langile berriak kontratatzean euskara maila zehatza izatea eskatzen da…

Hizkuntza politika bat esplizitatuta izateak horixe dakar, enpresako pertsonak aldatu arren, pertsona berriek ere arauak betetzen dituztela eta borondatezko kontua izatetik enpresan dagoen beste betebehar bat izatera pasatzen dela.

Zuen ustez, zeintzuk dira arrakastarako gakoak?

Euskara planak Kiden izan duen arrakastaren zergatiak hainbat izan dira. Alde batetik, kolektiboaren aldeko jarrera eta askoren zuzeneko inplikazioa; eta, bestetik, Zuzendaritzaren erabateko babesa eta inplikazioa. Politikak ere ondo definituta eta zehaztuta daude, eta horrek asko laguntzen du urratsak ematerakoan. Euskara teknikari/aholkulariak egin duen lana ere ezinbestekoa dela iruditzen zaigu; besteak beste, oztopoak aurkitu ditugunean oztopo horiek gainditzen lagundu digu.

Enpresak urratsak emateko bideak zabaldu, hainbat baliabide ahalbidetu eta erantzukizunak aitortu ditu. Hori argi islatzen da emaitzetan.

Ibilbide horretan guztian oztopoak eta zailtasunak ere izan ditugula ahaztu gabe, bide egokian goazela uste dugu, pixkanaka baina pauso sendoak emanez, argi izanik enpresaren bideak eta euskararenak norabide berdina izan behar dutela. Hasieran langileen kezka zena, orain langileen bidelagun izatera pasatu da eta horrek erabat asebetetzen gaitu. Eta argi daukagu euskara jakitea garrantzitsua bada ere, are garrantzitsuagoa dela gogoa eta aldeko jarrera izatea.

Bidaltzaileak:  Dani Molinuevo, Kepa Iturraran eta Josu Ituarte

Erantzun