kTBot, Eureka Zientzia Museoko robot elebiduna

Asteartea, 2014ko irailaren 23a

Ander Ansuategi eta Izaskun Fernandez IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak dira, Sistema Autonomo Adimendunen eta Informazio Sistema Adimendunen unitatekoak, hurrenez hurren.

Ansuategiren ikerketaren helburua, hautemateko eta erabakiak hartzeko gaitasuna duten sistemei autonomia maila altua ematea da, eta robotikan espezializatua da. Azken urteetan, besteak beste, kTBot robotarekin aritu da lanean; robot horrek era autonomoan nabigatzen du eta gidari-lanak egiten ditu. Fernandezen ikerketa arloak, berriz, hizkuntzen teknologia, hizkuntza ingeniaritza edo konputazioa, eta hizkuntza naturalaren prozesaketa dira.

KTbot

1.- kTBot robota Eureka Zientzia Museoko gidaria da, ezta? Eta euskaraz egiten du, nola da hori?

Ander: kTBot proiektuaren helburu teknologikoa mugikorra, autonomoa eta erabilera anitzekoa den zerbitzu robot bat garatzea izan da; eta, proiektuaren izen bera duen robota, garatutako gaitasunen erakusle da, prototipo bat azken finean, Eureka Zientzia Museotik era autonomoan mugitzen dena eta jendeari gidari-lanetan laguntza eskaintzen diona.

Proiektu horretan hiru arlo nagusi landu dira: nabigazioa, interakzioa eta segurtasuna. Interakzioaren arloan, jendearen presentziaz ohartzeko gaitasunaz gain, hizketaren sintesi sistema bat ere badu kTBot-ek. Hizketaren sintesi sistemek, sarritan, TTS text-to-speech edo testu-ahots bihurtzaile izena hartzen dute testua hizketa bihurtzeko duten gaitasunarengatik. Aurretik finkatuta daukan testu bilduma batetik, egoeraren arabera aproposa den testua aukeratu eta berau sintetizatzen du kTBot-ek. TTS-a gaztelaniako eta euskarako testuak sintetizatzeko prestatua dago, kTBot elebiduna da, beraz.

Euskaraz hitz egiten badu ere, momentuz ez da gai hitzez esandakoa ulertzeko, ez euskaraz eta ezta beste edozein hizkuntzatan ere. Hizketa sintesi sistemak testua hizketa bihurtzeko gai diren moduan, hizketa-ezagutze automatikoa hizketa testu bihurtzeko teknologia da. Hizketa-ezagutze automatikoko sistema komertzialak existitzen dira dagoeneko (telefono mugikorretan esaterako), baina beraien errendimenduaren maila hainbat faktoreren menpekoa da, horien artean ingurunean dagoen zarata; eta hori da, nagusiki, kTBot-ek horrelako sistema bat ez izatearen arrazoi nagusia.

2.- Beraz, robotak ez du euskaraz esaten zaiona ulertzen. Baina, Izaskun, zuek lan-ildo hori jorratu duzue, ez?

Izaskun: Anderrek dioen moduan, kTBot gaur egun ez da gai hitzez esandakoa ulertzeko. Aldiz, aginduak gaztelaniaz idatziz emanez gero, hizketa normalean erabilitako esaldiak interpretatu eta eskatutakoa burutzeko gai da, beti ere museo gida esparruan. Horretarako, robotari komunikazio naturala ulertzeko gaitasuna emateko, hizkuntzaren prozesamenduko teknologiak eta teknologia semantikoak konbinatu ditugu; 2012an gai horri buruzko artikulu bat argitaratu genuen.

Momentuz, ez dauzkagu kTBoT-ek euskarazko komunikazio naturala ulertzeko behar ditugun teknologia, baliabide eta tresnak eskuragarri, baina, Euskal Herriko hainbat ikerketa talde horiek garatzen ari dira. Beraz, etorkizunean, baliteke, kTBot-ek euskaraz ere ulertzea.

Erantzunak

  1. […] Lantalan blogean robot berezi bat aurkezten digute kTBot robota. Eureka Zientzia Museoko bisitariei laguntza eskaintzen die gidari lana eginez. kTBot era autonomoan mugitzen da eta duen TTS text-to-speech edo testu-ahots bihurtzaileari esker, aurretik finkatuta daukan testu bilduma batetik, egoeraren arabera aproposa den testua aukeratu eta berau sintetizatzen du kTBotek, jendeari hitz eginez. TTSa gaztelaniako eta euskarako testuak sintetizatzeko prestatua dago, beraz, kTBot elebiduna da:  Eureka Zientzia Museoko robot elebiduna. […]

Erantzun