Kulturarteko hezkuntza

Asteartea, 2010eko ekainaren 15a

EMUN Kooperatibako lankide batzuei kulturarteko hezkuntza modulua Huhezin irakastea egokitu zaigu azken hilabeteetan. Euskara planen mundutik abiatu garen arren, kulturartekotasuna kontzeptu ezaguna zen guretzako, izan ere herrietako euskara planak garatzerakoan behin eta berriro atera izan zaigun kontua da.

Dena den, modulu horretan lan egiteak kontzeptuan sakontzeko aukera eman digu. Eta euskararen normalizaziorako oinarrizkoa den kulturartekotasuna, hemendik aurrera gure planetan txertatuko dugu.

Huhezin magisteritzako hirugarren mailako ikasleekin aritu gara moduluan. Eta horrek hezkuntzaren inguruko hausnarketa egitera ere eraman gaitu.

Zer da hezkuntza? Zer erakutsi behar da hezkuntza sisteman? Matematika, ingelesa, hezkuntza fisikoa…? edo pertsonak formatu behar dira? Ikasleak baliotan heztea hezkuntzaren ardura da?

Hezkuntza prozesuan zehar ikasgaiak ikasteaz gain, egungo gizartean bizitzeko oinarrizko kontzeptu batzuk ikasi behar dira: pertsonaren duintasuna, aukeren berdintasuna, elkartasuna, erantzukizuna, errespetua, justizia. Pertsona onak eta herritar arduratsuak hezi behar dira.
Hezkuntza horrela ulertuta, oso garrantzitsua da eragile guztien arteko lankidetza eta koherentzia: familia, eskola, gizarte erakundeak, komunikabideak….Jakin badakigu hainbatetan koherentzia hori ez dagoela eta hezkuntzak aldarrikatzen dituen balioak kolokan geratzen direla. Baina horrek ez die irakasleei eta eskolei erantzukizuna kentzen.
Hezkuntza etiko edo moral horren apustuaren barruan gero eta gehiago ateratzen den kontzeptu edo osagai bat dago: kulturarteko hezkuntza. Azken horrek, etorkizuneko hiritarrek kulturanitza den mundu batean modu egokian eta aberasgarrian elkarrekin bizitzeko gaitasunak lantzen ditu. Ez da eskola jakin batzuek, etorkinak dituztenak, landu behar duten kontzeptu bat, baizik eta pertsona guztiek behar duten prestakuntza da.

Azken urteotan gero eta nabarmenagoa da estatuz kanpoko immigrazioa Euskal Herrian. Aurten magisteritza ikasketak bukatzen dituzten ikasleak, moduluaren ikasle izan direnak, datorren urtean haur marokoarren, txinatarren, errumaniarren edo ekuatoriarren irakasle izango dira. Eta etorkizuneko irakasle horiek formatu beharra dago.
Atzerriko familien umeen eskolatzea erronka da hezkuntza sistemarentzat. Baina erronka guztiak bezala, zaila eta ederra da aldi berean. Eskola inklusiboaren bidean ume horien beharrei erantzuten saiatu beharko da eskola, bai modu afektiboan, baita modu akademikoan ere. Eta euskararen normalizazioari begira, azken urteotako aukerarik zabalenaren aurrean gaude. Etorkinen seme-alabak euskararen mundura erakartzea lortzen badugu, euskararen normalizaziorako urrats biziki garrantzitsua emango dugu.
Baina aipatutakoa errealitate bihurtzeko, prestakuntza beharrezkoa da eta jarrera egokiak landu behar dira.

Moduluak zazpi atal izan ditu, honakoak:

  • Ingurune sozioekonomikoa
  • Harrera gizartearen estereotipoak
  • Erlijio gertakaria
  • Hizkuntzen kudeaketa
  • Kultura
  • Kulturarteko hezkuntza
  • Hezkuntza etikoa eta “Herritartasunerako hezkuntza”.

Eduki horien bidez, gogoeta pertsonala eta kolektiboa bultzatu da klaseetan.

Bidaltzailea: Olatz Irizar, Emuneko euskara teknikaria.

Erantzun