Lekua euskararentzat

Asteartea, 2016ko irailaren 20a

Soziolinguistikan aditu diren EMUNeko lankideen artikuluei segida emanez, Txerra Rodriguezen “Tripetatik” artikuluaren ostean, Elias Zumalderen “Lekua euskararentzat” duzue irakurgai aste honetan.

emun-2-2013-025-copia

Jendarte gero eta globalizatuago honetan, aniztasuna nagusi den honetan, hizkuntza gutxitu bat normalizatzea ez da lan makala, ez horixe! Horregatik, orain arte euskararen erabilera normalizatzeko egindakoa sekulakoa da, asko da egiteko daukaguna, baina, iruditzen zait egindako bidea txalotzekoa dela. Txalotu animatzeko, indarrak batu eta aurrera egiteko.

Aurrera egite horretan nik elkarrekin lotura zuzena duten bi aldagai aipatu nahi ditut: batetik, euskarari espazio propioak eskaintzea, berak bakarrik beteko dituen espazioak, funtzioak; eta, bestetik, euskaraz gehiago sortzea, euskara sortze hizkuntza izatea.

Bi aldagai horiek lotuta daude, batak bestea dakar, baina biak dira landu eta bultzatu beharrekoak. Euskarak lurzoru propioa behar du elikatzeko, indartzeko, ez kamusteko. Izan ere, edozein eremu konpartitutan handiak txikia irensten du, eta euskarari ere hori gertatzen zaio alboan hizkuntza handiagoak dituenean. Lurzoru propioa eta hiztun aktiboak, euskaraz sortuko dutenak, dira elikagai onenak euskara normalizatzeko.

Euskara erabiltzeari balioa ematea da kontua, euskarak balio duela ikustea eta ikusaraztea. Jar ditzagun euskaraz sortzen horretarako gaitasuna eta gogoa dutenak. Euskaraz aritzeko gaitasuna aprobetxatu behar dugu, euskara erabiltzea legitimatzeko neurrietan sakonduz, euskara eroso eta gainkargarik gabe erabiltzeko baldintzak eraikiz.

Elias Zumalde (EMUNeko lankidea)

Erantzun