Lortu al dugu interneten ondo idaztea?

Asteartea, 2010eko azaroaren 16a

Tarte luzean internet, sarea eta halako beharretatik urrun samar ibili banaiz ere, bat-batean niri ere egokitu zait halakoetan jantzi beharra. Hala, nire jakin-mina asetzera joan naiz Nola idatzi Interneten izeneko ikastarora, ikasteko prest, belarriak erne.

Eseri orduko Distintiva enpresako hizlaria hasi zaigu errenkadan gomendioak ematen, bata bestearen atzetik.

1 gomendioa: ez apaindu, komunikatu! Diseinatzea ez da diseinu politak egitea, ideiak komunikatzea baizik. Ondo pentsatu beharra dago zer komunikatu nahi dugun eta zein den hartzailea.

Betikoa, pentsatu nuen, makina bat aldiz irakurri, entzun eta esandakoak ez ditu aipatu ba! Baina, ez, ez. Aurrera egin ahala eta hainbat web orri ikusteaz bat, esaldi borobil hori zehazten joan zen, bai eta pista lagungarriak bota ere:

Komunikazioaren edukia lantzean kontuan izan behar da gure hartzaileek zenbat denbora erabiltzen duten gure orrietan nabigatzeko eta noiz sartzen diren.

2 gomendioa: ez adierazi, ez azaldu; solas egin. Ez da kontatzen duguna, esaten duguna, ematen ditugun erantzunak dira gakoa.

Hizkuntzaren estiloa eta tonua aldatzen ari dira, orain aurrez aurreko elkarrizketan gaudela ematen du, zuzenean egiten digute berba.

Hizkuntzak, gainera, ezaugarri hauek izan behar ditu: hurbila, pertsonala, erreza eta jatorra edo gizatiarra.

Eta adibide sinpatiko bat jarri zuen:

Rockola beta
Esta es tu radio, esta es tu elección

Hemos acumulado un poco de polvo en la aguja del tocadiscos. En un momento estaremos listos para seguir emitiendo. (ya está casi…)

3 gomendioa: enpresak NORTASUNA duela erakutsi behar du

Enpresa liderra, profesionala, berritzailea….bla, bla, bla. Halakoek ez dute ezer berririk esaten ez gugandik ez besteengandik: gaur egun enpresa guztiek dituzte ezaugarri hauek, antza. Ez du bereizteko eta erakartzeko balio.

4 gomendioa: idatzi ikusteko, ez irakurtzeko
Internet erabiltzaileak 5 segundu hartzen ditu beste web orri batera jotzeko. Internet bidezko irakurketa %30 motelagoa da eta ulermena %50 murrizten da.

Testuak gainbegiratu egiten dira eta, interesaren arabera, batzuk irakurtzen dira.

Orri askotan zutabe asko eta konplexuak ditugu eta informazio gehiegi ematen da. Edukiak, ordea, laburra, objektiboa eta irakurterraza izan behar du.

5 gomendioa: diseinatu ondo esan nahi duzuna
Atal honetan mami ugari dago, beraz, nik hemen planto! Hurrengoan gehiago….

Bidaltzailea: Amaia Balda, Emuneko teknikaria

Erantzun