“Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea” I. jardunaldiak

Osteguna, 2014ko urtarrilaren 9a

Lantalan-en arnasguneen gaia jorratu berri dugu bi albisteetan:

Euskararen arnasguneak hedatzen

Arnasguneen tailerrak

Gaiari jarraipena eman nahi diogu datorren astean, 2014ko urtarrilaren 16an eta 17an, Donostian  egingo den ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldiaren berri emanez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ELE/Arnasguneak hedatuz izeneko proiektuari ekin diote elkarrekin. Proiektua lantzeko eta gizarteratzeko jardunaldi hau antolatu dute UEUrekin lankidetzan.

 

‘Lurraldea eta Hizkuntza’ jardunaldiaren asmoa da herri euskaldunen garapenaren ikuspegi integral bat eskaintzea (etxebizitza beharrak, garapen ekonomikoa, azpiegitura handiak, kultur egoera…) eta garapen horrek euskaraz bizi diren herrietan izan ditzakeen eraginez gogoeta egitea.

Lehen aldiz aztertuko da euskararen normalizazioa hain ikuspegi integral eta zabalez. Aipatuko diren gaien artean dira lurralde antolaketa, hirigintza, lurraldearen garapena, legeen ikuspegia… Kanpoko esperientziak (Gales, Flandria, Aland) eta herri euskaldunen (Busturia, Zubieta, Zerain eta Zuberoa) beharrak eta bizipenak ezagutu eta aztertuko dira.

Jardunaldia arkitektu, idazkari, ekonomilari, legegile eta euskara normalizazioan dabiltzanei zuzenduta dago.

Matrikula doan da baina jardunaldian parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea. Jardunaldia Carlos Santamaria zentroan izango da, Donostiako Ibaeta Campusean. Animatu eta parte hartu!

Unibertsitatea.net webgunean eskura dezakezue jardunaldien egitaraua eta informazio guztia.


Erantzun