Nola saldu euskara administrazioko langileei

Asteartea, 2010eko apirilaren 13a

HIZNETerako egindako sakontze-egitasmoan, nire ustez euskararen komunikazio estrategiak zein norabide izan beharko lukeen aztertzen dut, beti ere administrazioaren ikuspegitik. Nahiz eta helburuak, xede-taldea eta mezu nagusiak ere aipatu, motibatzaileak dira, batik bat, nire azterketan sakontzen ditudanak.

Administrazioan euskara jakitea hizkuntza-eskakizunekin, eta horrela lanpostua jabetzan lortzearekin oso lotuta zegoela ikusteak animatu ninduen, hain zuzen ere, sakontze-egitasmorako gai hau aukeratzera; langileen motibatzaile (ia) bakarra hizkuntza-eskakizuna ateratzea zela ikusteak, alegia. Asko eta asko dira EGA atera eta gero, euskaraz sekula hitz erdirik ere egin ez duten langileak, eta hurrengo lerroetan langile horiengana nola iritsi eta euskara nola saldu jakiteko pista batzuk ematen saiatuko naiz.

Zerk bultza dezake administrazioko langile bat euskara ikastera eta erabiltzera?

  • Hizkuntza-eskakizuna edo lan hobea lortzeak Ez dut uste inor asaldatu beharko litzatekeenik administrazioan alde handiarekin nagusitu den eta oraindik ere nagusitzen den motibazioa hori dela esango bagenu.
  • Herritarren presioak Iñaki Arrutik dioen bezala, egia bada ere eskaintza handitu ahala eskaera ere handitu ohi dela, egia da berebat, bezerook (euskal hiztunok) euskaraz kontsumitzeko ohitura indartzen badugu, saltzaileak behar (erakargarri) horretara egokituko direla
  • Hizkuntzaren prestigioak Hizkuntza minorizatuek irauteko prestigio soziala lortu behar dute bizitzaren alor guztietan: komunikabideetan, Legebiltzarrean… Horrela ulertzen da, adibidez, Espainiako Estatuan katalanaren eta galegoaren egoera soziolinguistikoen arteko aldea. Garrantzi berezia duen elementua da hizkuntzaren prestigioa.
  • Desberdin izateko eta sentitzeko aukerak Kontsumo gizarte modernoan izaten ari den homogeneizatze fenomenoaren ondorioz, New Yorken, Tokion edo Bilbon bizi, jendeak arropa estilo berbera janzteko aukera du, adibidez. Euskaraz janzteak desberdin sentiarazteko aukera ematen digu euskaldunoi.
  • Hizkuntza-komunitatearen izaerak eta irudiak Euskarara erakarri nahi dugun horrentzat euskaldunok osatzen dugun komunitatea erakargarria baldin bada, euskararekiko duen jarrera ona izan dadin aukera gehiago izango dugu.
  • Euskarazko produktu erakargarriek
    Motibazio erabakigarria izan ala ez, herriko aldizkaria irakurri ahal izateak edo BEC goraino betetzeko gai den bertsolari txapelketara joateko gogoak bultza dezake euskaraz ez dakien hori euskara ikastera.
  • Euskararen antzinatasunaren eta haren jatorriaren gaineko misterioa Ezin ukatu, euskaldunon jatorriaren gainean dagoen misterioak eta adituek erakusten duten ezintasunak harrotasun puntu bat eragiten ez digunik. Batzuentzat oraindik ere motibatzaile gisa funtziona dezake.
  • Euskara gozagarriak Josune Zabalak, Mintzola fundazioko zuzendariak, aipatzen duenez, komunikazioan muinera goaz, eta beste guztiari garrantzia kendu diogu: hizketarekin gozatzeari, hitz berriak sortzeari, hitzarekin jolastearen plazerari… Hori da, hain zuzen ere, nire ustez elikatu beharrekoa.
  • eta funtzionalak Bukatzeko, Joxerra Gartziari lapurtu diot honako aipu hau: axola dioten gauzetarako balio badio erabiliko du hiztunak hizkuntza; balio ez badio, batera egingo dizkio kaixo eta adio

Jakin badakit hizkuntza-eskakizuna ateratzea izango dela etorkizun hurbilean ere indar motibatzaile nagusia; baina tituluetatik haratago, euskara ikasten eta erabiltzen duenak lortuko dituen onuren eta sarien poltsa aberatsa eta askotarikoa dela transmititzen saiatu beharko ginateke gu, euskararen normalizazioan dihardugunak.

Bidaltzailea: Haritz Goikoetxea, Emuneko teknikaria

Erantzun