Nola txertatu eguneroko esku-hartzean ikerketa aplikatua?

Asteartea, 2015eko ekainaren 16a

Pello Jauregi EHUko irakaslea da Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailean; besteak beste, “Kuadrillategi” egitasmoa eta “Aldahitz: eusle metodologia eta hizkuntza ohituren aldaketa lan munduan” proiektua koordinatu ditu; Moti+Batu jardunaldietan eman zuen Portaeratik jarrerara: jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleak hitzaldiak ere izan du han eta hemen oihartzuna. Oraingoan, berriz, EMUNeko lankideoi eman berri dugun “Nola txertatu eguneroko esku-hartzean ikerketa aplikatua?” hitzaldia izango dugu hizpide.

Pello Jauregiren iritziz, beharrezkoa da esku-hartzea ikerketaren eskutik joatea; esku-hartzeak noiznahi egiten ditugu, baina, gero, esku-hartze horien berri ematerakoan, zelofanez bildu ez ezik, ikerketarekin janztea komeni zaigu. Ikerketarekin sinesgarritasuna irabaziko du gure esku-hartzeak. Ikerketa diogunean, ez gara ari –nahitaez- prozesu konplexu bati buruz; neurketa sinple batetik datu, taula eta grafiko pila bat atera ditzakegu, eta baita ondorio interesgarriak ere.

Beraz, esku-hartzearekin batera ikerketa egitea komeni zaigu…

  1. Ikerketak zehaztasuna –irizpideak, adierazleak, aldagaiak eta abar zehaztea– eskatuko digulako.
  2. Ikerketak gero zein datu beharko ditugun aurrez pentsatzea eskatuko digulako, eta horrek proiektua osoaren ikuspegi orokorra geureganatzen laguntzen du.
  3. Esku-hartzearen komunikazioa egiterakoan, ikerketak sendotasuna eta argitasuna emango dizkiolako.

Edonola ere, ikerketak ere baditu bere muga edo ahultasunak:

  1. Oso dinamikoa dena estatiko bihurtzen dute datuek.
  2. Artifizialtasun kutsua ematen dio errealitateari. Esaterako, 4 maila duena “oso ona” multzoan sartzen badugu, eta “3,9” maila duenari, berriz, “ona” etiketa jartzen badiogu, errealitatea pixka bat desitxuratzen ari gara.
  3. Ikerketak serioegi edo matematikoegi hartzeko arriskua ere badago; adibidez, erabileran %12tik %14 igotzea positiboa izan daiteke… edo ez. Batzuetan, aldaketa txiki batetik erabateko ondorioak ateratzen ditugu eta, agian, ez da adierazgarria; errore-tarteak ere kontuan hartu behar dira.

Ikerketa batean 3 fase bereizten dira:

1) Diseinua: zer jakin edo lortu nahi dugun zehaztu behar da fase honetan. Horretarako, eta ezer baino lehen, gomendagarria izaten da banakako edo taldekako elkarrizketetan azterketa kualitatiboa egitea; horrek gero egin beharreko azterketa kuantitatiboko galderak zehazten lagunduko digu. Eta, bai, galderak behar ditugu, baina ez edozein galdera:

  • Ahalik eta gutxien erabili behar ditugu “zer”, “noiz”, “nola”… motako galdetzaileak, eta ahalik eta gehien proportziora garamatzatenak (“zenbat” galderari erantzuten diotenak).
  • Komeni da galderak berak hipotesi moduko bat aurreratzea.
  • Adjektiboak (ona, positiboa, gustura…) erabiltzea ekidin beharko genuke, eta horien ordez izen eta kontzeptuak erabiltzea da gomendagarria.
  • Gainera, kontuan izan behar dugu galdera guztiek ez dutela garrantzia bera izango; hierarkia bat izango dute, eta horren arabera antolatu behar ditugu.

Diseinu fasean, aurrelanetan, badira zehaztu beharreko beste hainbat alderdi:

  • Zein datu mota behar ditugu galdera horiei erantzuteko?
  • Zein tresna erabiliko dugu informazioa eskuratzeko? Mintzagrama bat, adibidez?
  • Zer zeregin eskatuko diegu neurtzaileei? Fitxa bat betetzeko, esaterako?
  • Zein eskala erabiliko dugu? 1etik 7era? 1etik 4ra?…

2) Esku-hartzea eta neurketa: neurtzaileek guk eskatutako datuak jasoko dituzte horretarako eman diegun tresnan.

Ohikoena, eta gomendagarriena, neurketak esku-hartzearen aurretik eta ondoren egitea da, horrela, esku-hartzeak izan duen eragina zein izan den jakingo baitugu.

3) Datuen ustiapena: erantzunen tartea da; azken fase honetan jasotako informazioa ordenatu eta ondorioak aterako ditugu.

Datuak matrizeen arabera antolatuko ditugu. Horretarako, adierazleak izendatu (“lanlekua”, adibidez), definitu eta balioak esleituko dizkiegu (“1: tailerra”, “2: harrera”…).

Datuen ustiapenerako tresnarik zabalduena excel bada ere, SPSS gomendatzen da, askoz aukera gehiago ematen baititu.

Gero, emaitzak emateko unean, hiru modutan joka dezakegu:

  1. Adierazle bakoitzean neurketak eman dituen datuak bere horretan eman daitezke.
  2. Adierazle horietako datuak elkarrekin gurutzatuta emanda; adibidez, erabilera datua ematerakoan, generoaren eta adinaren araberako gurutzaketak egin ditzakegu.
  3. Tipologiak sortuta: neurketak eman dizkigun datu jakin batzuekin adierazle berri bat sortu dezakegu; adibidez, adierazle bateko balioa, gutxienez, “X” bada; eta, beste adierazle batean, gutxienez, “Y” balioa lortzen denerako “kideen artean leialtasuna” adierazlea sortuko dugu.

Erantzun