Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo da.

Asteazkena, 2012ko maiatzaren 2a

Eta halaxe egin genuen aurtengo Udaltop topaketan -ponentzien bideoak eskuragarri daude-; lehendabizi adituak entzun genituen eta, ondoren, talde-lanean, entzundakoaren barneratze eta kokatze lanari ekin genion.

120 bat lagun bildu ziren 10 taldetan; talde bakoitzean dekalogo bat osatu zen,¬† metodologia zehatz bat erabilita. Hamar dekalogo horien elkarketaren emaitza da “Hizkuntza-politika periferiatik erdigunera eta erdigunetik sail guztietara eramateko dekalogoa”:

 Politikarien hizkuntza lidergoa, inplikazioa: Gobernu taldeak euskara bere egitea, agintariak hizkuntza lider izatea eta bere jardunean horri tinko eustea lortu behar da. Horretarako, ordezkari politikoei trebakuntza eskaini behar zaie -autozentramendua, jabekuntza, lidergoa, lider-kateak,etab.-: politikariak prestatu/hezi eta aliantzak bilatu.
Sailen arteko elkar aitortza, udalaren arlo guztien arteko elkarlana -botere horizontala- bilatu; sail desberdinetako lankideekin autozentramendua, jabekuntza eta lidergo eraldatzailea landu;  liderrak identifikatu eta aliatu bihurtu lider-kateak osatuz; euren arteko elkarlana eta koordinazioa bilatu sail arteko batzordeak osatuz; hizkuntza politikaren sailez saileko autogestioa -eurek diseinatu eta garatu- bideratu.
Herriko elkarteekin elkarlana eta parte hartzea bideratu behar da, beraien beharretatik abiatuta hizkuntza politika denen egiteko bihurtuz; baliabide bat lan-mahaiak izango dira.
Hizkuntza irizpide zehatzak onartu eta arduradun zuzenak izendatu, zabaldu, betetze mailaren jarraipena egin -erabilera neurtu- eta errealitatera egokitzen joan.
Euskararen gaia erakundearen kalitatea kudeatzeko prozesuetan txertatzea.
Informazio eta komunikazio plan egokiak martxan jarri, barrura (sailen artekoa zein agintari politikoei zuzendua) zein kanpora begira.
Herritarren eskaera aktibatu, herritarrak aliatu bihurtu.
Hizkuntza teknikarion ezagutza findu prestakuntzaren bidez -autozentramendu, jabekuntza, lidergo eraldatzaile, etab.-.
Hizkuntza teknikariaren rola birdefinitu: dinamizatzaile, katalizatzaile, sarea egiten duena, konplizidadeak lortzen dituena.

Erdigunea izatea ezin da inoiz helburutzat hartu, zehar-lerrotasunera abiatzeko aurrepausua da.

On egin!

Bidaltzailea: Marije Manterola (Emuneko teknikaria)

Erantzun