Norberaren bizipenetatik kolektiboan jardutera

Astelehena, 2016ko azaroaren 28a

Herri indigena desberdinak ezagutu eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko aukera eskaini digu Fagor Taldearen aurtengo topaketak.

Eskoriatzako Apotzan elkartutako 30 lagunok gaur arte gehienontzat behintzat ezezagun ziren herri maia, nasa eta nahuatl-a ezagutzeko aukera izan dugu. Baita beraiekin gure herriaren esperientzia, labur bada ere, elkarbanatzekoa.

Alba Velasquez maia caqchikela, Rolando Ascue nasa eta Gabriel Vazquez Chavez nahuatl-a Oiher Arantzeta Fagorreko langile soraluzearraren alboan eseri eta entzun ditugu, banaka-banaka, bakoitzak kontatzeko zituenak. Denak ere Txema Abarrategi, Garabideko dinamizatzailearen gidaritzapean eta bere galderei tiraka.

Izan da berriketarako astia, baita kanturakoa ere. Gertuan beti baitugu bertsolari, abeslari eta gitarrajoleren bat edo beste gurean.

Maia Caqchikel herria, Albaren ahotik

Alba Velasquez eskola bateko zuzendaria da egun. Ez ditu ahazteko, baina, horra iristeko bidea erraztu dioten bi pertsonak. Amak hizkuntza eman ziola kontatu digu eta aitak, berriz, hezkuntza edo hezkuntzarako sarbidea eta grina.

Motzean bada ere, ahalegindu da azaltzen Guatemalan gerra zibilak utzitako miseriak. Gatazka armatuak edota Guatemalaren independentziak berak indigenengan eragindako gutxiespen eta mespretxuak izan ditu hizpide, nolabait azaldu nahian horrek guztiak eragin duen beldurra. Bizitakoak bizita, nork esan altuan “ni indigena naiz” edo hitz egin nork bere hizkuntzan.

Hori horrela, baina, badihardute. Garabide elkarteari esker, gainera, orain 5 urte elkar ezagutzen ez zuten lau eskola elkarlanean hasi ziren, kultura eta hizkuntzaren biziberritzea oinarri. Esker hitzak baino ez ditu, beraz, Albak,  Garabide elkarteko kideentzako.

Bukatzeko, baina, pareko Fagor Taldeko langileentzako hitzak ere izan ditu eta halaxe zuzendu zaie: “Barkatuko didazue baina zuek izugarrizko erantzukizuna daukazue. Zuek hemen egiten duzuen lanak balio izugarria dauka. Ez hemen bakarrik, baita guretzako ere. Zuek gure aurretik zoazte, eta segi mesedez, segi egiten duzuen horretan, kooperatiboki, segi lanean. Zuek egiten diharduzuen bidea egingo dugu guk gero”.

Nasa herria, Rolandoren ahotik

Lau hizlarietan gazteena izan da Rolando. Eta ez alferrik, izan ditu bere herriko gazteen hizkuntza hautuaren inguruko kontuak hizpide. Bere esperientzia pertsonala erabili du horretarako.

Kontatu digu nola, gazteago zenean oraindik ez zuen bere burua nasa gisa ikusten, edo ez behintzat gaur bezala. Halako batean, baina, ohartu zen herri nasako kide izateak, bere herrikideekin hizkuntza bat elkarbanatzeak mundu ikuskera bat ere bazekarrela berarekin. Izaera edo identitate horren arra esnatu zitzaion berari halako batean, eta gaur egungo gazteei ere ar hori bera esnatu edo aktibatuko zaienaren esperantzan dago bera.

Rolandok pertsonalki egindako bide hori bere herriak nola egin duen ere azaldu digu labur. Gaur gaurkoz oraindik nasa hizkuntzaren biziberritzean egiteko asko badago ere, garai txarragoak pasatakoak dira.

Hizkuntza bera guztiz bazterrekoa zen garaiak izan ditu gogoan, nasa herritarren artean ere, eta lurrak berreskuratzearen aldeko mugimenduan buru belarri jardunda, hizkuntza aparte batean utzi zuten denbora luzez. Poliki-poliki, ordea, lurraren defentsan zihardutenak eurak ohartu ziren herria herri indigena gisa kontuan hartzeko lurra ez ezik hizkuntza ere behar zutela. Eta, hortaz, hizkuntza behar zutela babestu, lurra bera ere babesteko.

Nahuatl herria, Gabrielen ahotik

Entzuleontzako ziur aski gertukoen egin zaigun hizlaria da Gabriel, Oiherren ostean, noski. Desberdintasunak desberdintasun, Gabriel ere kooperatibista baita. Gaur gaurkoz 36.000 bazkide inguru dituen Tosepan Titataniske kooperatibako kidea da bera eta kooperatiba munduan nola murgildu zen kontatu digu.

Landa eremuan jaio eta bere lehen 13 urteak han pasa ostean, hiriburura joan zen familiak hala erabakita. Hiriburuko bizimodua ezagutzeak eman zizkion Gabrieli ordura arteko landa eremua balioan jartzeko arrazoiak.

Hirian eskolatua, karrera tekniko bat egin eta laster hasi zen hiriko enpresa batean lanean. Hitz gutxitan laburbildu du orduko esperientzia: “Hiriak ekarri zidan eskola batean sartu eta karrera tekniko  bat egitea, segidan enpresa batean lanean hastea, eta ondoren enpresan bertan nire anaiak esplotatu beharra. Ugazaba defendatu beharra neukan horixe zelako enpresako jokabide naturala. Baina ez ordea nirea; hor bizi izan nuen nik talka kulturala”.

Talka kultural hori bizi eta familiarekin (ordurako 20 urte pasa zituen hiriburuan bizitzen) berriz landa eremura itzuli zen. Bere identitatea, etxea eta hizkuntza han zeudelako.

Behin etxera itzulita abiatu zuen Gabrielek kooperatibismoan murgiltzea. Betiere, kooperatiba ulertuta nahuatl herria batzeko eta bere kultura eta hizkuntzaren biziberritzeko tresna gisa.

Gure herria, Oiherren ahotan

Beste hiruren aldean motz berba egin du Oiherrek. Kultura kontua izango da hori ere, baina batzuek eta besteak hitza hartu orduko nabari zen aldea.

Oiherrek bere esperientzia pertsonala kontatzeaz gain, gure herriaren lehengoak eta oraingoak atera ditu mahai gainera. Alboko  hizlariak entzunda, justu haien kontrakoa bizi duela iruditu zaio berari: “Guri zuen alderantziz gertatu zaigu. Gure gurasoek sortu zituzten Ikastolak, kooperatibak… eta iritsi garenerako egoera komodoa aurkitu dugu guk. Eta horrek, zati batean, gure borrokarako grina lokartu egin du”.

Ez pentsa kontrakorik, hala ere; optimista zela esanez hasi zuen bere hitzartzea, eta bukatu ere halaxe bukatu zuen. Egiteko asko daukagu, baina egindakoak ere makina bat dira. Baina hori baloratuta, lanean jarraitzea dagokigu.

Bideoak www.lantalan.eus blogean daude ikusgai

Erantzun