Ogasunean euskaraz lan egiteagatik sarituak

Osteguna, 2010eko azaroaren 25a

Gipuzkoako Ogasuneko Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzuko langileak zorioneko daude azken hilabeteotan.

Izan ere, aurreko uztailean jakin zuten Euskalit Fundazioak urrezko Bikain ziurtagiria eman ziela, hau da, maila gorenekoa. Euskalit Fundazioak bidalitako ebaluatzaileek zerbitzuan eginiko bilera eta elkarrizketen ondoren, eta dokumentazioa jaso eta gero, beraien epaia eman zuten udara hasieran. Aurreko azaroaren 10ean Donostiako Kursaaleko Ganbara aretoan eginiko banaketa ekitaldiarekin amaitu zen prozesu hau; ez, ordea, zerbitzuak bere eguneroko jardunean euskararen normalizazioari begira dituen asmo eta ahaleginak.

Zer da Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzuaren zeregina Gipuzkoako Ogasunaren barnean?

Erakundeekiko Konpromisoen Zerbitzua (aurrerantzean EK Zerbitzua) hiru atal desberdinek osatzen dute: Azterlanen Atalak, Erakunde Finantzaketaren Atalak eta Udalentzako Laguntzaren eta Europako Fondoen Atalak.

Besteak beste, hiru atal hauei dagozkien zereginen artean ondokoak ditugu:

  • Zerga sistemaren azterketa
  • Zergabilketaren eta erakundeekiko konpromisoen jarraipena, Kupoa, EAEri ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Fondoa.
  • Udalei aholkularitza eta laguntza: Aurrekontu, kontabilitate, finantza eta zerga alorrean. Udalen tutoretza finantzarioa. Udalgida web orriaren kudeaketa.
  • Europar Batasunetik datozen fondoen kudeaketa, ‘bitarteko organoa’ den aldetik.

Zentzu honetan, ogasuneko beste zerbitzu gehienetan biztanlegoarekin (hau da, aitortzaileekin) harreman zuzena ohikoena den bitartean, EK Zerbitzuaren interlokutorerik garrantzitsuenak udal desberdinetako kontuhartzaile eta arduradun politikoak dira.

Zergatik eman diote EK Zerbitzuari?

EK Zerbitzuan euskararen erabilera plan bat jarri zuten abian 2006an. Horren ondorioz:

  • Langileok hainbat konpromiso hartu zituzten beraien arteko komunikazioa euskaraz bideratzeko. Aplikazio informatikoak, laneko prestakuntza, sortzen diren agiri eta txostenak, e.a. ere euskaraz bideratzen dira, oro har.
  • Beraien laneko interlokutore nagusiei, udalei, aukera eskaini zieten elkarren arteko idatzizko komunikazioak euskaraz izan zitezen. Hala, gaur egun 85 udalekin euskara hutsez jarduten dute, eta 3rekin ele bietan. Zentzu honetan, Gipuzkoako udalen jarrera ezin hobea izan dela aipatu behar da, zerbitzuak eginiko apustuarekin gogotsu egin baitute bat.

Etorkizunari begira, zein da lorpen honen garrantzia?

Alde batetik, Foru Ogasunari herritarren hizkuntza itxaropenak bete dituela egiaztatu izanak, ospe korporatiboa bideratzen dio. Langileei dagokienez ere, euskararen aldeko konpromiso pertsonalak ezagutza instituzionala izan du eta frogatuta gelditu da posible dela, naturaltasunez, euskara eguneroko lan tresna izatea. Azkenik, Euskarari aitortu egin zaio zerbitzuaren kalitatea eta euskararen erabilera elkarrekin lotuta joan behar dutela.

Lorpen honek, dudarik gabe, EK zerbitzuarentzat pizgarri gisa jokatuko du etorkizunean. Errekonozimendu hau lan on eginaren emaitza da eta zerbitzuak bide horri eutsi nahi dio, oraindik hobetu daitezkeen arloei ekinez.

Zer da Bikain ziurtagiria?

Ziurtagiri ofizial eta publikoa da, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen dituena. Ziurtagiria lortzeko, ebaluazio edo auditoria bat egin ohi da, honako lau ardatzak aztertzen dituena:

  • zerbitzuaren komunikazio eta irudi korporatiboa
  • kanpo harremanak
  • barne harremanak
  • hizkuntza kudeaketa.
Bidaltzailea: Olatz Ugalde Lujanbio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasuneko EK zerbitzuko teknikaria

Erantzun